Atzealdea

Gipuzkoar enpresekin bilera Indian

Foto Gipuzkoar enpresekin bilera Indian

Gipuzkoar enpresekin bilera Indian

Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, bilera egin du New Delhin gipuzkoar konpainiekin, tokiko merkatuaren berri izan eta esperientzia arrakastatsuak partekatu asmoz

Gipuzkoar enpresekin bilera Indian

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Indian presentzia eta interesak dituzten gipuzkoar enpresekin bilera egin du, konpainia horiek dituzten proiektuak ezagutu eta Asiako herrialdeak bizi duen testuinguruaren berri eduki asmoz. CAF eta Mondragonek New Delhin dituzten egoitzetara bertaratzeaz gain –bulego horietako arduradunekin lan bilera bana izan du–, Indiara bertaratu den gipuzkoar delegazioak batzarra antolatu du zenbait enpresekin, tartean Ulma, Lanik, LKS, GH, Juaristi, Dalainor, Fagor Arrasate, Laserken eta Danobat, lehenago aipatutako konpainia horiez gain.

Egindako bilera eta topaketaren helburua da, hain zuzen ere, Gipuzkoako enpresekin harremanak sendotzeaz gain, merkatu berriak bilatzeko eta haien aktibitatea nazioartekotzeko egiten ari diren lana babestea. Asiako herrialde honetan lurraldeko konpainiek izandako esperientzia arrakastatsuak konpartitu dituzte bilera honetan eta bertako merkatuak ageri dituen aukerak aztertu dituzte, baita ere. Gainera, gipuzkoar konpainiek Indian aurre egin beharreko desafioak izan dituzte mintzagai, burokrazia, fiskalitate antolakuntza ezberdina, merkatuaren atomizazioa eta azpiegiturak garatzeko garaian zain ohi den abiadura makala, besteak beste.

“Bere ezaugarri sozioekonomikoengatik, duen industria indartsuagatik, Gipuzkoako enpresei eskaini diezaieken aukerengatik, herrialde gisa egiten ari den inbertsioengatik, eta potentzial handia duelako talentuan, berrikuntzan nahiz gorabidean dauden sektoreetan, gure industriarentzat erakargarria da herrialde hau. Horregatik da hain garrantzitsua kontaktu berriak egitea eta Indiako erakunde eta elkarteekin lan lerro berriak zabaltzea. Haien lan egiteko modua ezagutu eta egitekoak diren inbertsioen berri edukitzea, hain justu, Gipuzkoako enpresekin etorkizunera begirako aurreikuspen horiek konpartitu ahal izateko”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk.

Bestalde, Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari Antton Tomasenarekin eta Gipuzkoako Bazkundeko Enpresa Garapena eta Nazioartekotzeko zuzendari Amaia Ferrorekin batera, diputatuak CAF Indiak New Delhin dituen bulegoak ezagutu ditu, baita ere. Lurraldeko delegazioak bertako zuzendariarekin, Vishal Khetarpaulekin, bilera egin du. Beasaingo enpresak dagoeneko zazpi urte daramatza Delhiko egoitzan eta aurrerapen garrantzitsuak egin ditu azken urteotan, bereziki Delhi Airport Metro Express metroa eraiki eta mantentzeko ardura lortu ondoren. CAFek tokiko ekintza plana garatu du eta Indiako bulegoari esker, gainera, asiar merkatuan duen posizioa indartzeko modua egin du.

Arratsaldean, berriz, Mondragon taldeak Indian duen egoitza bisitatu dute eta bertan harrera egin die bulegoko zuzendariak, Ashutosh Sharmak, eta LKSren Asia-Pazifikoa eremuko arduradunak, German Lorenzok. Mondragonek 1998tik gaur egun arte presentzia fisiko jarraia mantendu du Indian eta gaur egun Arrasateko korporazioko 12 kooperatiba daude ezarrita herrialdean.

 

MAITekin elkarlana

Gipuzkoako delegazioak, baita ere, MAIT Manufacturers’ Association of Information Technology erakundeko arduradunekin bilera izan du. Indiar agentzia IKT alorreko enpresen arteko kluster gisako elkarte bat da eta herrialde honetan sektore horretan diharduten empresa nagusiak biltzen ditu. Gipuzkoar delegazioak eta MAITek hitzartu dute hainbat esparrutan lankidetza lerroak ezartzea. Batetik, Indiak eskaintzen dituen merkatu aukeren mapa osatzea, digitalizazioa, zibersegurtasuna eta azpiegiturak kudeatzeko sistemen alorretan, kasu. Gainera, bi erakundeek aztertuko dute elkarlanari ekitea talentuaren formazio eta erakartzeko, nahiz Gipuzkoako enpresentzako interesgarriak izan daitezekeen inbertsio aukera berriak lantzeko garaian.