Atzealdea

Gipuzkoarren talentua erakarri nahi du Ogasunak zerga iruzurraren aurkako jarduketa hobetzeko

Foto Gipuzkoarren talentua erakarri nahi du Ogasunak zerga iruzurraren aurkako jarduketa hobetzeko

Gipuzkoarren talentua erakarri nahi du Ogasunak zerga iruzurraren aurkako jarduketa hobetzeko

‘Fiskalitatea berritzeko ideiak’ lehiaketa aurkeztu du foru erakundeak, ideia edo proposamen berritzaileen bitartez lurraldeko zerga sistema hobetzeko

Gipuzkoarren talentua erakarri nahi du Ogasunak zerga iruzurraren aurkako jarduketa hobetzeko

“Gipuzkoako foru Ogasuna modernizatze prozesuan gaude eta, bide horretan, gipuzkoarren talentuaren laguntza saritu nahi dugu”. Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, ‘Fiskalitatea berritzeko ideiak’ lehiaketa aurkeztu du gaur, sormena eta talentua bultzatzea xede dituena zerga iruzurraren aurkako jarduketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. “Ideia berritzaileen bila ari gara, zerga betebeharren borondatezko betetze maila hobetzen lagunduko digutenak: fakturak emateko erak, atzerrian ikusitako zerbait, komunikazio ekintzak, aplikazioaren bat… Era irekian planteatu dugu lehiaketa”, azaldu du foru diputatuak.
Larrañaga Donostian agertu da gaur goizean, Jokin Perona Ogasuneko zuzendari nagusiarekin batera, ekimenaren berri emateko. Foru arduradunek azaldu dutenez, lehiaketaren lehen edizioa izango da aurtengoa, eta Ogasunak zerga iruzurraren aurka borrokatzeko martxan duen estrategia zabalaren baitan kokatzen da. Lehiaketa urtero egitea da asmoa. Ekimenean, gainera, bidelagun izango dira BIC Gipuzkoa, lurraldean egoitza duten unibertsitateak eta baita zentro teknologiak ere. “Elkarlaneko gobernantza eredua sustatzen ari garela diogunean gure kudeaketa osoari eragiten dio, eta lehiaketa hau ere bada honen adibide: bidelagunak bilatu, proiektua partekatu eta denen artean eragin”, esan du Larrañagak.
Lehiaketaren nondik norakoei dagokionez, foru arduradunek azaldu dute lurraldeko biztanle guztiei irekita dagoela, nahikoa izango baita Gipuzkoan helbideratuta egotea. Gaur, irailak 18, irekitzen da proposamenak aurkezteko epea, eta urriak 27 bitarte egongo da irekita epea. Lehen sarituak 1.500 euro eta MacBook Air ordenagailua eskuratuko ditu. Bigarrenak, berriz, 750 euro eta iPhone 7 telefono mugikor adimentsua. Informazioa guztia www.gipuzkoa.eus/ogasuna/lehiaketa web orrian dago jasota, eta bertan aurkituko dituzte parte hartzaileek euren proiektuak aurkezteko euskarri eta bideak ere. 
Ekimenaren helburua, Larrañagak sakondu duenez, gizartea zerbitzu publikoen eta ongizate estatua mantentzen laguntzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea da. Norabide honetan, “informazio gehiago eta hobeagoa jarri nahi dugu herritarren eskera, euren zerga betebeharrak betetzen laguntzeko zerbitzu berriak sortuz eta daudenak zabaldu eta hobetuz”. Horrela, zerga iruzurraren aurkako borrokan lagungarri izan daitezkeen tresna berrien garapenerako ideiak lortzea espero dute Ogasuneko arduradunek. “Saria eskuratzen duten ideiek BIC Gipuzkoaren aholkularitza izango dute euren proiektuak garatzeko”, azaldu du Larrañagak zentzu honetan.
Foru diputatuak adierazi duenez, “iruzurraren kontra, beti esan ohi dugu ikuskaritzak egiten dezaken lana bezain garrantzitsua dela gizartean zerga kontzientzia sustatu eta gai honen inguruko aldaketa kualitatiboa sustatzeak”. Zentzu honetan, ekimen ezberdinak ditu jada martxan foru Ogasunak: ikastetxeetako unitate didaktikoa, unibertsitatetan eskaintzen dituen zerga mintegiak, gizarte eragile ezberdinekin izenpetutako ‘Iruzurraren aurkako aliantza’… “Estrategia integrala da, eta ahalik eta gizarte eremu anitzetara heldu nahi dugu”, esan du Larrañagak.
Bide honetan, foru diputatuaren ustez, berebiziko garrantzia du lurraldeko talentuarekin zubiak eraikitzea. “Ogasunean, esaterako, pertsonala berritze prozesuan gaude buru belarri eta guretzako funtsezkoa da gure etxearen erakargarritasuna saltzea. Horretarako, ordea, sinergiak eta konexioak behar ditugu Gipuzkoako jakintza, berrikuntza eta ekintzailetasuna bezalako ezaugarriak jorratzen diren eremuekin”, azaldu du. “Norabide honetan doa lehiaketaren ekimena ere: eragile ezberdinekin ditugun elkarlan dinamikak indartu, talentu berria erakarri… eta gero, honek fruituak eman eta gure zerga sistema hobetuko duten eta erakunde eraginkortasuna hobetuko dituzten ideiekin topatzen bagara, egitasmoa diseinatu genuenean jarri genituen helburu denak betetzat emango genituzke”, esan du.