Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gordailuko obrak ikusgai egongo dira erresoluzio handian Google-eko Arts&Culture Plataforman

Gordailuko obrak ikusgai egongo dira erresoluzio handian Google-eko Arts&Culture Plataforman

“Hasieratik gure eginahalak Gordailua publikoari irekitzekoak izan dira.

2018/05/16

Telleria: “Hasieratik gure eginahalak Gordailua publikoari irekitzekoak izan dira. Orain, Street View teknologiari esker, bere instalazioak eta altxorrak ikusgai egongo dira”

Maria Jose Telleria Kulturako zuzendariak iragarri duenez Google Cultural Institutuarekin lortutako lankidetzari esker, Gordailua Google Arts & Culture plataforman izango da maiatzaren 16tik aurrera. Honela, herritarrek Aldundiko, San Telmo Museoko, Jaurlaritzako, edota beste erakunde publiko eta pribatuek Gordailuan dituzten piezak ikusi ahal izango dituzte erresoluzio handian.

Google Arts & Culture  Google Cultural Instituteko web orri bat da, non munduko zenbait kultur ekipamenduren artelan eta bestelako pieza hautatuak bereizmen handian eskaintzen diren, bai eta lan horiek dauden galerietako ibilbide birtualak ere, zenbait kasutan. Google Arts & Culture ekimenak mila museo baino gehiago jartzen dizkizu eskura.  Mundu zabaleko artea, historia eta gauza harrigarriak bertatik bertara ikusteko aukera paregabea da, Van Goghen logeletako margolanetatik hasi eta Mandela preso egon zen ziegaraino. Google Arts & Culture aplikazioa doan da eta Interneten iOS eta Android-en dago eskura.

Gordailaren eransketa prozesua 2016. urtean hasi zen Garoa enpresaren ideia abiapuntu hartuta.

“Ohorea da guretzat Gordailua  Euskal Herriko ekipamendu nagusienen artean agertzea Google Arts & Culture plataforman, Arte Ederren Bilboko Museoa, Guggenheim Museoa eta Cristóbal Balenciaga Museoarekin batera”, adierazi du Itxasok.

Proiektua 2011ko otsailaren 1n abian jarri zuen Googlek, 17 museotako 1061 artelan eskainiz. Museo horien artean Londoneko Tate Britain, New Yorkeko MOMA eta Florentziako Uffizi Galeria daude.

Museoen barnean ibilbide birtualak egiteko funtzioa  Street View teknologiaz baliatzen da. Artelan guztiak erresoluzio handian eskaintzen dira eta, horrezaz gain, instituzio bakoitzak aukeraturiko zenbait lan Gigapixel bateko bereizmena duen Art Cameraten bidez digitalizatu dira. Kamera robotizatu bat da, neurrira egindakoa, margolanen irudiak ahalik eta bereizmen handienarekin islatzeko gai dena, begi bistaz ikustezinak diren pintzelkadak edo erliebeak xehetasunez jasota. Aurrerapen horri esker, arte lanak gigapixel bereizmenarekin (mila miloi pixel baino gehiago) digitalizatu daitezke inoiz ikusi gabeko eskala batean.

“Hasieratik gure eginahalak Gordailua publikoari irekitzekoak izan dira. Hemendik aurrera, Googleren street view sistemarekin Gordailuan normalean bisitatu ezin diren biltegiak ere jendearen esku geratuko dira. Horrela eraikinean barrena ibiliko gara kamera baten ikuspegiarekin, gure ordenagailu, tablet edo mugikorraren bidez instalazioak eta altxor bat edo beste ikusteko gai izango garelarik”, azaldu du Telleriak.

Bi urte hauetan, 7 erakusketa, 3 Street View irudi eta 130 pieza prestatzen eta garatzen joan gara, Gordailuan dagoen ondare altxorra munduaren aurrean ikusgai jartzeko.

Gordailuren aurkezpena zazpi erakusketaren eskutik dator:

  • Gordailua, Gipuzkoako Ondare bildumen zentroa
  • Artea Gordailuan
  • Arkeologia eta Paleontologia Gordailuan
  • Gordailuko bilduma etnografikoak: lana
  • Gordailuko bilduma etnografikoak: han eta hemen
  • Gordailuko bilduma etnografikoak: etxea
  • Porcelanas Bidasoa Gordailuan

Denak argazki ederrez eta testu laburrez osaturik, hari bat agertzen dutelarik beren baitan. Lehenengoa Gordailuaren aurkezpena da, eta zentroaren helburua eta ikuspegia islatu nahi ditu laburki. Beste sei erakusketetan, eraikinaren barnean gordetzen diren pieza esanguratsuak azaldu nahi izan ditugu, hartara Artea, Arkeologia eta Paleontologia eta Etnografia bereiziz.

Arkeologia eta Paleontologiako aztarna baliotsuenak ikusiko ditugu dagozkien erakusketan, modu kronologikoan ordenaturik. Etnografia saileko gaiak Foru Aldundiaren eta San Telmo Museoaren argazki historikoez osatzen saiatu gara, tresna bakoitzak nolako erabilera eta testuingurua zuen hobeto uler dadin.

Azkenik, Porcelanas Bidasoarekin erakusketa propio bat egin nahi izan dugu, Oiasso Museoan egindakoaren osagarri.

Hau hasiera baino ez da. Praileaitz Ieko haitzuloko bi sarbideetan egin ziren street view lanek beren erakusketa osagarria izango dute laster; Gordailuaren aurkezpena ere bideo batez osatuko dugu; halaber, burutu ahala, erakusketa berriak denen esku jarriko ditugu teknologia honen bidez.

  

1108