Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Herritarrek egingo dute Foru Aldundiaren 2018ko egutegia

Herritarrek egingo dute Foru Aldundiaren 2018ko egutegia

Argazkiak bidaliz eta hautatutakoen artean gustukoenak aukeratuz parte hartu ahal izango da lehiaketan. Guztira 4.000 euro banatuko dira sarietan.

2017/07/12

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egutegia argazkigintza lehiaketaren lehenengo edizioa aurkeztu du gaur; izan ere, aurten, herritarrek erabakiko dute nolakoa izango den Aldundiaren egutegia, eta horretarako, bi modu izango dituzte: lurraldeko txokorik ederrenen argazkiak bidalita, eta aukeratutakoen artean bozketa eginda.  Lehiaketan 4.000 euro banatuko dira sarietan; lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da; gainera, beste 12 sari egongo dira, bakoitza 250 eurokoa, egutegiko hilabete bakoitzeko bana (pertsona batek ezingo du sari bat baino gehiago jaso).

Lehiaketa, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin elkarlanean antolatua, 18 urtetik gorako zaleei eta profesionalei zuzendua dago. Pertsona bakoitzak lau argazki aurkez ditzake gehienez ere, Gipuzkoako paisaiak gaitzat hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikazio tresna eta bide berriak irekitzeko egindako apustuari jarraituz, gizarte sareek garrantzia handia izango dute lehiaketa honetan. Twitter, Facebook eta Instagram bidez parte hartu ahal izango da, #gipuzkoakotxokoak traola erabilita, eta Foru Aldundiaren kontuak sare hauetan etiketatuz: Twitteren, @OrainGipuzkoa; Facebooken, Diputación Foral de Gipuzkoa – Gipuzkoako Foru Aldundia; eta Instagramen, oraingipuzkoa. Horrez gain, posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira argazkiak helbide honetara: orain@gipuzkoa.eus

Argazkiak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta irailaren 15ean bukatuko da. Argazkiak emailez bidali edo sareetan argitaratzen dienean, Foru Aldundiak mezua bidaliko die egileei honako informazioa eskatuz: argazkien izenburua edo leloa, izen-abizenak, NA, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa. Argazkiak JPG, PNG edo TIF formatuan egon daitezke, gutxienez 300 pixeleko bereizmena hazbeteko 30 x 20 cm-ko tamainarako, eta formatua etzana. Ez da onartuko digitalki manipulatutako argazkirik, argazkiaren balioa goresteko ez bada.

Herritarren bozketa

Hautaketa batzorde bat eratuko da, Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariek osatua, eta berrogei argazkirik onenak aukeratuko dituzte, irizpide teknikoei eta artistikoei jarraituz.  Ondoren, argazki horiek herritarren esku utziko dira sare sozialen bidez bozketa egin dezaten. Horrela aukeratuko dira saria jasoko duten argazkiak. Herritarren bozketa urriaren 2a eta 15a bitartean izango da, eta berdinketarik gertatzen bada, Hautaketa Batzordeak ebatziko du.

Era berean, erakusketa bat egingo da 40 lanik onenekin, jendeak ikus ditzan eta lanen balioa nabarmendu dadin. Imanol Lasak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak, eta azpimarratu dute Gipuzkoan “argazkigintzarako zaletasun handia dagoela eta maila handia, gainera”, eta lurraldeak makina bat txoko dituela “eder askoak, etekin asko ateratzeko modukoak artistikoki”. “Altxor horiek guztiak argitara ateratzeko gonbidapena egin nahi diegu argazki zale guztiei". Era berean, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Argazkilari Elkarteari eta Jose Ramon Etxeberria bere lehendakariari, elkartearen ezagutza lehiaketaren zerbitzura jartzeagatik eta erakutsitako prestutasunagatik.

Diputatuak adierazi du Aldundiaren egutegia ekimen oso herrikoia eta onarpen handikoa dela, eta aurten, gainera, gipuzkoarrek berek egindakoa izateak ematen dion “erakargarritasuna” izango duela. Iaz, adibidez, 2017ko egutegiko 4.000 ale banatu ziren doan. Lasak Foru Aldundia “gobernantza onaren" eta kudeaketa "ireki eta parte-hartzailearen" alde egiten ari den apustuaren ildo berean ikusten du lehiaketa. “Elkarteen edo Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez etorkizuneko erronkei erantzuten ari garen bezala, edo herriz herri jendearen proposamenak jasoz aurrekontuak prestatzen ditugun bezala, oraingo honetan, Aldundiaren egutegia herritarrei zabalduz gauzatu dugu borondate hori” esan du bukatzeko.

Xehetasun guztiak gaur GAON argitaratu diren oinarrietan kontsulta daitezke: https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2017/07/12/c1705018.pdf.

  

1555