Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hondartzen Lurralde Mahaia Gipuzkoako hondartzen irisgarritasuna hobetzeko azterketa egiten hasi da

Hondartzen Lurralde Mahaia Gipuzkoako hondartzen irisgarritasuna hobetzeko azterketa egiten hasi da

Hondartzen irisgarritasuna hobetzeko azterketa udalekin lankidetzan egingo da, herri bakoitzaren benetako beharrak zeintzuk diren jakiteko

2017/12/04

Hondartzen Lurralde Mahaia aurrera doa diagnostikoaren lehenengo analisian, Hondartzen Kudeaketa Integraleko Plana egiteko bidean.

Jose Ignacio Asensio: “Planean aldagai guztiak sartuko dira, ingurumenari dagozkionak, gizarte mailakoak, irisgarritasunekoak zein ekonomikoak, horrela, gure hondartzen bikaintasunean aurrera egiteko, eta gure itsasertza klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko”.

Gaur goizean egin da Hondartzen Lurralde Mahaiaren lan bilera, orain arte egindakoa aztertzeko, eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehazteko. Horrez gain, Hondartzen Kudeaketa Integraleko Planaren lehen diagnosi azterketa egin da Asmatu enpresarekin.  Ondoren, Foru Aldundiak hondartzen irisgarritasunari buruz egiten ari den txostenen berri eman du, dokumentuak adosteko eta aberasteko, udal bakoitzaren benetako beharrak erantsita.

Bileran izan dira Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensio, Ingurumen Zerbitzuko buru Beatriz Marticorena, eta Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko udaletako ordezkariak.

Hondartzen irisgarritasuna hobetzeko azterketa udalekin lankidetzan egingo da, herri bakoitzaren benetako beharrak zeintzuk diren jakiteko. Horrela, hobetzeko ekintza zehatzak proposatuko dira 2018-2019 denboraldirako, eta iradokizunak jasoko dira aurrerapenaren lehentasunei buruz, udalerri bakoitzerako eta hondartza bakoitzerako oinarrizko alderdien lehenengo ikuspegi bat emanez.

 “Planean aldagai guztiak sartuko dira, ingurumenari dagozkionak, gizarte mailakoak, irisgarritasunekoak zein ekonomikoak, horrela, gure hondartzen bikaintasunean aurrera egiteko eta gure itsasertza klima aldaketaren inpaktuetara egokitzeko” azaldu du Asensiok Hondartzen Kudeaketa Planari dagokionez.

Gipuzkoako Hondartzen Kudeaketa Integraleko Planak kudeaketa eredu bat ezartzeko oinarriak finkatuko ditu. Planaren behin betiko dokumentua 2018ko otsailean egongo da prest, eta honako hauek dira helburu orokorrak:

  • Ura, hondarra eta zerbitzuak egoki kudeatzea.
  • Erabileren ondoriozko inpaktuak hauteman, prebenitu eta zuzentzea.
  • Klima aldaketa hauteman, prebenitu eta espazio horiek egokitzea.
  • Jarduera gauzatzeko, erakunde arteko lankidetza eta bideragarritasun ekonomikoko mekanismoak proposatzea

Hondartzen Lurralde Mahaia maiatzean eratu zen, lurraldeko hondartzen kudeaketa orokorrerako aurrerapausoak emateko. Mahaia Gipuzkoak Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek osatzen dute, eta helburua da natura ingurunearekin errespetuz jokatzen duen kudeaketa sistema bat ezartzea, erabiltzaile guztiek hondartzen kalitate hobeaz gozatu ahal dezaten.  

Asensiok lehentasunezkotzat jotzen du hondartzak modu orokorrean kudeatzeko politika garatzea, bertan sartuta uraren, hondarraren eta hondartzan eskaintzen diren zerbitzuen kudeaketa egokia, horrela lurraldearen pertzepzioa eta erabiltzaileen asebetetze maila hobetzeko. “Gure hondartzek osatzen duten ekosistemen araberako politika sustatzen ari gara, zaindu eta babestu egin behar baititugu” nabarmendu du foru diputatuak.

Bukatzeko, Ingurumen diputatuak azaldu du Ingurumen Departamentuak duela bere gain Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko hondartzen garbiketaren ardura.

  

1225