Atzealdea

Imanol Lasa: “Kudeaketa plana da kudeaketa eraginkor eta garden baten oinarria"

Foto Imanol Lasa: “Kudeaketa plana da kudeaketa eraginkor eta garden baten oinarria"

Imanol Lasa: “Kudeaketa plana da kudeaketa eraginkor eta garden baten oinarria"

Foru diputatuak monitorizazio, adierazle eta neurgailu sistemen alde egindako apustua nabarmendu du, Gobernantza onerako giltzarri gisa.

Gobernantza eta Gizartearekiko komunikazio foru diputatu Imanol Lasak EHUko Udako Ikastaroetako lehen hitzaldia eman du gaur, Nola neurtu gizarte baten aurrerapena? izenburua duena, soziologian doktore den Patxi Juaristik zuzenduta. Ongizatea, aurrerapena eta garapena erakundeen ikuspegitik; ebaluazio eta monitorizazio sistema globalen ekarpena ekintza publiko bat gidatu, ebaluatu eta komunikatzeko  izenburua duen hitzaldian, Foru Aldundiaren Gobernantza onaren eta kontuak ematearen estrategia azpimarratu du, horiek baitira giltzarriak helburuen betetze maila eta politiken garapena herritarrekin partekatzeko, neurgailu eta adierazleen bidez.

Sarreran, Lasak estrategia horren testuingurua azaldu du. Gipuzkoa, azken batean, gobernantza eraginkorrago, efizienteago, irekiago, hurbilago, arduratsuago eta berritzaileago baten aldeko apustua egitea eskatzen ari da. Era baikorrean egindako gobernantza, ezezkotasun kronikoari aurre egingo diona. Erabakiak hartzen dituen gobernantza, lehentasunak identifikatzeko gai dena eta irtenbide eraginkorrak planifikatu eta martxan jarriko dituena, gizartearen interesak edozeren aurretik jarriko dituena. Eztabaida amaigabeak atzean utziko dituena, titularren arteko gerrak eta alderdien zatiketak, Gipuzkoaren etorkizunerako gai erabakigarrien inguruko irtenbideak oztopatu besterik egiten ez zituztenak, frustrazioa eta aldentzea eraginez".

Bere iritziz, “politika zaharrak” ez die erronka berriei erantzunik ematen. “Mundua aldatu egin da, gure agertokia aldatu egin da eta gure politikak bilakaera azkarra izan behar du erritmorik ez galtzeko. Gipuzkoaren berehalako etorkizunak helburu komun baterako indarrak, gaitasunak eta baliabidea batzea eskatzen du. Lurralde oparoa, munduan lehiatu eta nabarmentzen dena. Ekonomian indartsua, ekintzailea, berritzailea, gizarte bateratua duena, nortasun ikurrak eta kultur eskaintza zabala duena”. Alde horretatik, argi utzi du Foru Aldundiaren ahalegin guztiak helburu estrategiko bat lortzera bideratuko direla: “Ekonomiaren biziberritzea bultzatzea, Gipuzkoa izan dadin herritarren artean desberdintasun sozial gutxien duen Europako lurraldea”.

Hala era, helburua "bezain garrantzitsua” da helburua lortzeko “bidea”. Argi daukagu ikuspegi hau errealitate bihurtzeko, nahi dugun Gipuzkoa lortzeko, Gobernantza ona Foru Aldundiaren ikur bihurtu behar dugula, gobernatzeko moduak errotik aldatuz". Horrek esan nahi du administrazioa, eta “bere jarduera osoa”, beste modu batera bideratuko duen estrategia zehaztu behar dela, balio publikoa izan dezan. “Azken finean, gure antolaketa eta gure politikak oinarri dituzten printzipio eta jarduteko mekanismoak birpentsatzea. Ez da hitz kontua, ekintzena baizik, herritarrekin gardentasun, hurbiltasun, konpromiso eta konfiantza harremana finkatzea”.

Kudeaketa Plan Estrategikoa da estrategia hori eusten duen ardatza: “Gogorarazi behar da gobernua osatu eta lehen 100 egunetan onartu zela, eta horrek erakusten du gure kudeaketaren ardatz gisa ematen diogun garrantzia”. Izan duen zehaztapen maila nabarmentzekoa izan da. “Ez gaude eguzkiari egindako brindis baten aurrean, errege magoei idatzitako gutunaren aurrean, edo herritarren aurrean hedapen handirik gabe egindako asmo-deklarazio baten aurrean. Planak zehaztapen eta xehetasun ahalegin garrantzitsua du, konpromiso zehatzak, egiaztagarriak eta neur daitezkeenak ditu. Ausardia eta zintzotasun ariketa bat da. Esango nuke biluzik gelditu garela; gutxitan aurkeztu du gobernu batek bere ibilbide-orria hain epe laburrean eta ezer ezkutatu gabe. Hau da herritarrekin konfiantza harremana sendotzeko modu bakarra”, adierazi du.