Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Irunek sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik

Irunek sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik

“Egingo den lotune erdiak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna”

Urtea amaitu aurretik, Bidegi foru sozietateak AP-8 autobidetik Irunerako sarbide berria egiteko lanak hasiko ditu. Sarbide horri esker errazago egingo dira hiriaren hegoaldeko (Belaskoenea-Katea) sarrerak eta irteerak, bai Donostiatik bai Donostiarantz. Obraren aurrekontu zenbatetsia 6,5 milioi eurokoa da, eta lanak urte amaierarako hastea eta 15 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

          Lotune erdia autobidearen 4,300 kilometro puntuaren parean egingo da, Lapize auzoan, Behobiaren eta Irun-Barrerako ordainlekuaren artean. “Sarbide berriak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna”, aurreratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak.  “Irunek 60.000 biztanle ditu, eta gaur egun bi lotune ditu autobidearekin, hiriaren bi muturretan, bat Behobian eta bestea Katean, eta horietatik ibiltzen da Hondarribia helmuga edo abiaburu duen trafikoa. Lotune erdi honen bitartez, herrigunerako sarrera-irteera bat emango diegu herritarrei”, erantsi du Olanok.

Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu du, aurreikuspenen arabera, lotune erdi horrek eguneko 2.500 ibilgailu hartuko lituzkeela; beraz, horrek, hiri erdirako mugikortasuna nabarmen hobetzeaz gain, arinduko luke Irungo eta Hondarribiko trafikoak biltzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko du proiektua Bidegiren bitartez, eta AP-8 autobideko lotune berri honekin beteko dugu obra hori egiteko konpromisoa, Bidegiren kaudimen ekonomikoari eta banketxeekin uztailean berritutako kontratuari esker”, gehitu du diputatu nagusiak.

Proiektuaren barruan sartzen da errepide bikoitz bat, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraikitzea. Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasiko da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non bat egiten duten Arabatenea eta Jostun kaleek.   Bide berria 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune  batera iritsiko da. Biribilgune horretatik abiatuko da sarbide berria, autobidearekin lotura egingo duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea. Irteerako bide hori ere maldan egingo da, eta AP-8 autobidearen gainetik igaroko da 47 metroko altueran.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lanean aritu dira azken hilabete hauetan zenbait zerbitzu elektrikoren afekzioak kudeatzen, eraikuntza proiektua idatzi ahal izateko.

"Irundarren mugikortasuna nabarmen hobetuko du irteera/sarrera berri honek"

Proiektua honek bat egingo du udal eskumenekoa den Irungo hegoaldeko ingurabidearekin.

  

2177