Atzealdea

Juan Azkarate, Euzkadiko Gudontzidiaren azken kideari omenaldia

Foto Juan Azkarate, Euzkadiko Gudontzidiaren azken kideari omenaldia

Juan Azkarate, Euzkadiko Gudontzidiaren azken kideari omenaldia

Bermeon jaioa, 14 urte besterik ez zituela Araba bouan aritu zen.

Juan Azkarate, Euzkadiko Gudontzidiaren azken kideari omenaldia
  • Denis Itxaso: “Juanek balio batzuen defentsa ordezkatzen du, aurrerapenerako eta elkarbizitzarako erreferentzia diren balio hauena: askatasuna, justizia eta solidaritatea”
  • Foru Aldundiak ikurrin bat eman dio lehen Eusko Jaurlaritza haren ikur gisara, zeinak sentiberatasun ezberdinak bildu baitzituen erakundeen eta askatasunaren zerbitzuan

Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urteurrenarekin bat eginez, bizirik dirauen bakarra omendu du Foru Aldundiak, gaur, Untzi Museoan: 94 urteko Juan Azkarate bermeotarra.  

"Juan Azkarate eta Euzkadiko Gudontzidia gure oroimen historikoaren parte dira, eta hori balioen historia bat da. Askatasuna defendatzearen historia da; gure erakundeak –euskal erakundeak– eta justizia defendatzearen historia; hain zuzen ere, legezkotasunaren aurka altxatu, eta, indarrez nagusitzeko, gerra bat egin zuten haiengandik defendatzearen historia” esan du Kulturako diputatu Denis Itxasok. Ekitaldian parte hartu dutenak hauek dira: Juan Azkarate omendua; Jaime del Río, Matxitxako Elkartekoa; eta Soco Romano, Untzi Museoko arduraduna.

Itxasok bere mintzaldian nabarmendu du nola egoera dramatiko haietan, Azkaraterenak bezalako jokabideak –garai hartan ia ume bat zen– “barrenak nahasten dizkio bati, baina, aldi berean, mirespena sentiarazten digu hain gazteak izanik askatasunarekin konprometitu ziren haienganako“.

Juan Azkarate, 14 urteko mutiko bat zela, boluntario aurkeztu zen Euzkadiko Gudontzidiaren parte izateko. Euzkadiko Gudontzidia arrantzalez eta gudontzi bihurtutako arrantza ontziz osatutako kidego bat zen. Bou haiek bitarteko eskasekin eta ikurrina nahiz bandera errepublikanoa jasoz itsasoratu ziren, Kantauri itsasoa itsas armada frankistatik defenditzeko. Beren eginkizuna betetzerakoan, eskolta eta babes lanak egin zituzten benetako gerraontzien aurrean: hain borroka desberdina zenez, konpara liteke, Itxasoren hitzetan, David eta Goliaten artekoarekin. Pasarterik ezagunena Matxitxakoko bataila izan zen, eta Juanek lagunak eta kideak galdu zituen han, eta txiripaz bakarrik libratu zen, bere ontzia konpontzen ari zirelako, Araba izenekoa.

“Hori da historia, Juanen historia eta askatasunaren alde borrokatu ziren gizon-emakumeen historia, nahiz eta jakin ez zutela bitartekorik, baina alde zituztela arrazoia eta justizia: balioen historia bat. Juan, bere 94 urteekin, balio horien defentsa hunkigarri horren parte da. Balio horietan sinesten jarraitzen dugu askok, eta balio horiek jarraitu behar dute izaten gure erreferentzia aurrerapenerako eta elkarbizitzarako: askatasuna, justizia eta solidaritatea”, adierazi du Itxasok.

Horren guztiaren izenean, Juanen konpromisoaren eta ibilbidearen izenean, Itxasok, Foru Aldundia ordezkatuz, ikurrin bat eman dio, bere bizitzaren parte izan diren balioen ikur gisara, baita lehen Eusko Jaurlaritza haren ikur gisara ere, zeinak jakin baitzuen sentiberatasun ezberdinak biltzen denon erakundeak abiatzeko, eta hori dena askatasunaren zerbitzuan egiteko.

Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urteurrena gogoratu eta itsas armada horretan zerbitzatu zutenak omentzeko asmoz, Untzi Museoak Matxitxako Elkartearekin batera programatu dituen oroitzapenezko ekintzetan sartzen da omenaldi hori. Matxitxako Elkartea, Untzi Museoak 1998an antolatutako aldi baterako erakusketaz geroztik sortua, Euzkadiko Gudontzidiko aspaldiko kideek eta haien senitartekoek osatzen dute, eta Untzi Museoan du bere egoitza.

Euzkadi'ko Gudontzidiaren Laguntza’ko Ontzitaldea (labur beharrez, Euzkadiko Gudontzidia) Gerra Zibilean parte izandako unitate militar bitxia izan zen, ziurrenik aski ezezaguna gainera. Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailak sortu zuen Errepublikako Armadari laguntzeko itsas trafikoa eta arrantza lanak babesten laguntzeko, eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre izateko. Gerraren bilakaera politiko eta militarrak baldintzaturik, Penintsulako iparralde osoa Errepublikako gainerako lurraldeetatik bereiz gelditu ondoren, Gudontzidiak guztizko autonomia lortu zuen, izatez eta langintzaz, Errepublikako Itsas Armadarekiko. Egoera horretan izan zuten zerikusirik, baita ere, itsas indar errepublikazaleen geldotasunak eta Euzkadiko Gudontzidiko buru Joaquin Egiaren nortasunak.

Itsas armada berezia osatzeko, Egiak gerraontzi bihurtu zituen Bilbon babesturik eta zereginik gabe ziren arrantzontzi gehienak, Pasaiatik etorritakoak batez ere. Ontzi haietako batzuk armatu egin zituen (bou armatuak) eta beste batzuk urpeko minak harrapatzeko apareiluz hornitu (minaketariak). Berun-arrez (grisez) margotu zituen ontzi guztiak eta beltzez amuletan zeukaten izenen lehen letra, edo zegokion zenbakia; brankan ikurriña eta txopan bandera errepublikarra eraman zituzten.

Itsas armada berriaren muina Pasaiako PYSBE enpresako lau bakailaontzi izan ziren: Mistral (Gipuzkoa izen berriaz), Vendaval (Nabarra), Euzkal-Erria (Bizkaya) eta Hispania (Araba). Geroago txikiago batzuk gehitu zitzaizkien hauei: Donostia, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Gazteiz, Iruña

Tripulazioak merkantzietan edo arrantzan ari izandako marinel bolondresez osatu ziren; gogoz, men-senaz eta adorez berdindu zuten trebakuntza militarretik eskas zutena. Oro har, 900 gizon izan ziren Euzkadiko Gudontzidian.

Euzkadiko Gudontzidia

Euzkadi'ko Gudontzidiaren Laguntza’ko Ontzitaldea Gerra Zibilean parte izandako unitate militar bitxia izan zen, ziurrenik aski ezezaguna gainera. Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailak sortu zuen Errepublikako Armadari laguntzeko itsas trafikoa eta arrantza lanak babesten laguntzeko, eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre izateko. Gerraren bilakaera politiko eta militarrak baldintzaturik, Penintsulako iparralde osoa Errepublikako gainerako lurraldeetatik bereiz gelditu ondoren, Gudontzidiak guztizko autonomia lortu zuen, izatez eta langintzaz, Errepublikako Itsas Armadarekiko. Egoera horretan izan zuten zerikusirik, baita ere, itsas indar errepublikazaleen geldotasunak eta Euzkadiko Gudontzidiko buru Joaquin Egiaren nortasunak.

Itsas armada berezia osatzeko, Egiak gerraontzi bihurtu zituen Bilbon babesturik eta zereginik gabe ziren arrantzontzi gehienak, Pasaiatik etorritakoak batez ere. Ontzi haietako batzuk armatu egin zituen (bou armatuak) eta beste batzuk urpeko minak harrapatzeko apareiluz hornitu (minaketariak). Berun-arrez (grisez) margotu zituen ontzi guztiak eta beltzez amuletan zeukaten izenen lehen letra, edo zegokion zenbakia; brankan ikurriña eta txopan bandera errepublikarra eraman zituzten.

Itsas armada berriaren muina Pasaiako PYSBE enpresako lau bakailaontzi izan ziren: Mistral (Gipuzkoa izen berriaz), Vendaval (Nabarra), Euzkal-Erria (Bizkaya) eta Hispania (Araba). Geroago txikiago batzuk gehitu zitzaizkien hauei: Donostia, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Gazteiz, Iruña

Tripulazioak merkantzietan edo arrantzan ari izandako marinel bolondresez osatu ziren; gogoz, men-senaz eta adorez berdindu zuten trebakuntza militarretik eskas zutena. Oro har, 917 gizon eta hiru emakume izan ziren Euzkadiko Gudontzidian, 62 bertan hil zirelarik.