Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea El Kolmado zabalik Donostian, "premia biziko kulturarako" espazioa

El Kolmado zabalik Donostian, "premia biziko kulturarako" espazioa

El Kolmado irekiko da Donostian, "premia biziko kulturarako" espazioa

2016/11/28

 

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan, kulturaren balioa aldarrikatzeko, kultura bonuekin, askotariko artisten parte-hartzearekin, eta hilabete osora zabalduko den formatu txikiko programazio batekin.
  • Denis Itxasok esan du Europako Kultur Hiriburutzaren azken hilabete honetan mezu positibo bat zabaldu nahi dutela, kulturari balio handiagoa emateko, “jatea bezain beharrezkoa zaigulako”. 
  • Denda bat Errege Katolikoetan eta furgoneta ibiltari bat Gipuzkoa osotik: kultur jarduerak eskainiko dituzte, eta mobilizazio artistiko eta herritarra dinamizatuko dute sareetan, #premiabizikokultura aldarrikatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak El Kolmadoren ateak ireki ditu gaur. Donostiaren erdigunean kokatzen den espazio honek denda itxura du, premiazko produktuak eskaintzen dituen betiko denda batena. Kultura premia biziko ondasun gisa gizarteratzeko xedea duen espazio bat da; Donostian dago, kalean bertan, eta programazio propioa izango du, herritarrak kulturaren garrantziaz eta luxuzko artikulu gisa jaso duen tratamendu fiskalaren bidegabekeriaz sentsibilizatzeko. Urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik. Aurkezpenean parte hartu dute Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Maria Berasartek, La Oreja de Van Gogh taldeko kideek, Alex Ubagok, Mikel Erentxunek eta Ainhoa Garmendiak.

El Kolmado denda bat da, eta bertan premia biziko ondasuntzat hartzen da kultura. Hala delako. Salgai guztiek –latak, brickak, botilak, kaxak, mandarina zorroak...- kultura daramate: diskoen letrak, klasiko literarioen pasarteak, euskarazko nahiz gaztelaniazko obra ospetsuak.  Bertan, gainera, kultura bonuari buruzko informazioa eskuratu dezakete herritarrek. Kultura bonuen funtsa eta filosofia zabalduko ditu, eta Aldundiak kulturaren arloan gauzatzen dituen beste ekimenen berri emango du, agintaldi honetan sortu diren Meta, Katapulta, Canal Europa eta Kultur Dealers programena, besteak beste.

Egun jasaten duen zergapetzeak behar lukeena baino eskuraezinago bilakatu du kultura, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joera hori frenatu eta kontsumoa sustatu nahi du.  Hori da Kultura Bonuen benetako helburua: gainbilketa herritarrei itzultzea, sektoreari laguntzea eta kohesio soziala bultzatzea, bonuak lurralde osoan banatuz.

“Kultura ez da kapritxo bat, ez da gutxi batzuen esku dagoen luxua.  Kulturak definitu egiten gaitu, gizaki gisa eta gizarte gisa. Kulturak eskura egon beharko luke guztiontzat, esnea, ogia edo babarrunak eskura dauden bezala.  Kultura premia biziko ondasuna delako”, azpimarratu du Itxasok.

Horregatik, Europako Kultur Hiriburutzaren azken txanpan, Kultura Departamentuak mezu positibo bat zabaldu nahi izan du, kulturari balio handiagoa emateko, "jatea bezain beharrezkoa baita kultura", eta oinarrizko ondasun gisa eskuratu eta kontsumitzen diren produktu horiekiko parekatzeko.  Bonuen bidez herritarren eskura jarri nahi da kultura, eta ideia hori zabaldu nahi dugu. “Kultura premiazko ondasuna dela adierazi nahi dugu, eta hala egingo dugu, literalki. Denda hau zabaldu dugu, kulturaren balioa aldarrikatu eta herritarrak sentsibilizatzeko, kultura bonuekin, hilabete osoan zehar garatuko den formatu txikiko programazio batekin eta beren lanak erakustera edo kultura premia bizikoa dela aldarrikatzera pasako diren askotariko artisten laguntzarekin" azaldu du Itxasok.

Kulturategia.

Kulturategia da hilabete osoan El Kolmadon egongo diren jardueren programari eman zaion izena.  Jarduera guztiak, kultura irisgarria izateko helburua kontuan hartuta, doakoak izango dira. Kultura irisgarriaren aldeko atxikipen mugimendua sortzen lagunduko dute (kulturaren munduko pertsonak egongo dira: idazleak, musika taldeak, eta abar...)  

Musika, mikroantzerki eta dantzako 50 emanaldi baino gehiago programatu dira. Egunero 19.00etan, eta Gabontako oporretan eta jaiegunetan baita 13.00etan ere. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituko artistak izango ditugu, Buenawista Prollekzionsek koordinatuta. Mikroantzerkiko emanaldiak ere egongo dira, El Sekaderok koordinatuta, eta dantzakoak, Dantzazek koordinatuta.

El Kolmado ibiltaria

Bonuen xedea kultura lurraldearen eskura jartzea denez, betiko kamioi horietako bat Gipuzkoan zehar ibiliko da, herriz herri, premia biziko salgaiez kargatuta, eta kultura bonuen inguruko informazioa zabalduko du.

Zabaldu mezua: #PremiaBizikoKultura

Ekimen honek sare sozialetan ere nabarmendu nahi du. Horretarako, #PremiaBizikoKultura eta #CulturaDePrimeraNecesidad traolak erabiliko dira. Mezu horiek hilabete honetan zehar hurbilduko zaizkigunen laguntzarekin zabaldu nahi  ditugu, eta bereziki artisten eta nolabait ere kulturari lotuta daudenen laguntzarekin. “Gonbidapen irekia egin nahi dugu, jendea El Kolmadora etor dadin, kultura bonuen berri izatera, argazki bat atera dezaten eta sare sozialetan zintzilikatu, aipatu traolak erabiliz".

Web: gipuzkoa.eus/bonocultura

 

 

  

1377