Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kulturak 734.000 euro xedatu ditu haur eta gazteei zuzendutako jarduerak diruz laguntzeko

Kulturak 734.000 euro xedatu ditu haur eta gazteei zuzendutako jarduerak diruz laguntzeko

Dagoeneko haur eta gazteen jarduerei zuzendutako diru laguntzen deialdia ireki da

Foru Aldundiko Kultura Departamentuak onartu du haur eta gazteei zuzendutako jarduerak sustatzeko 2016ko diru laguntzen deialdia. Guztira 734.000 euro banatuko dira udalei, gazte elkarteei, aisialdiko eskolei, elkarteetako koordinakundeei, ikastetxeei eta ikastetxeetako guraso elkarteei zuzendutako laguntzetan.
Gazteriako zuzendari Goizane Alvarezek azpimarratu du laguntza horien helburua dela haurrei eta gazteei aisiako guneak eta programak eskaintzea, alderdi pedagogikoan eta trebetasunen garapenean arreta jarriz. “Komunitatean modu aktiboan parte hartzeko ohitura eskuratuko duten herritar kritikoak eta askeak hezi nahi ditugu”.

Nabarmentzekoa da haur, nerabe eta gazteentzako planak, programak, jarduerak eta zerbitzuak egiteko Gipuzkoako udalei zuzendutako diru laguntzen kontu sailaren zenbatekoa, 550.000 eurokoa.

Laguntza horien asmoa da lurraldeko udalek Gaztematika sistemarekin bat datozen sustapen politikak bultzatzea beren udalerritan. Udal bakoitzak hitzarmen bat sinatuko du, eta bertan zehaztuko da bi erakundeen artean ezarritako lankidetza mota.

2015ean, 68 udalekin sinatu ziren lankidetza hitzarmenak. Udalerri horietan, guztira, 191.783 haur, nerabe eta gazte bizi dira, beraz, hitzarmenen irismena adin horretako Gipuzkoako biztanleria osoaren % 94,40koa da.
92.000 euro xedatu dira gazte elkarteek, ikastetxeek eta guraso elkarteek udalekuak eta kanpamentuak antolatzeko. Laguntza horien helburua da Foru Aldundiak berak edo Gipuzkoako udalek bezalako erakundeek antolatzen dituzten udaleku eta kanpamentuen eskaintza osatzea. 2015ean, 47 entitatek jaso zituzten diru laguntza horiek, 144 jarduera antolatu ziren, eta 7.350 neska-mutilek hartu zuten parte.

77.000 euro xedatu dira aisialdiko begiraleak eta zuzendariak trebatzeko ikastaroak egiteko, eta aisialdiko eskolen urteko programa gauzatu eta antolakuntza egitura mantentzeko. Aitortuta dauden aisialdiko eskolei zuzendutako laguntza horiek balio dute ikastaroak antolatzeko eta funtzionamendu gastuei aurre egiteko.
2015ean, 7 eskolek jaso zituzten diru laguntzak, 33 ikastaro eman ziren, eta horietan 605 lagunek hartu zuten parte.

Bukatzeko, Zerbitzuak 15.000 euro xedatu ditu haur eta gazte elkarteen koordinakunde edo federazioetako antolakuntza mantentzeko. 2015ean, helburu hori zuten 4 diru laguntza banatu ziren.
Aurten, diru laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek 2016ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuaren web orrian. Edozein zalantza argitzeko telefonoa: 900 110 111.

  

1337