Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Local Art Pareta, artista plastiko gazteek beren obra Gipuzkoako merkataritza lokaletan ikusgai jar dezaten

Local Art Pareta, artista plastiko gazteek beren obra Gipuzkoako merkataritza lokaletan ikusgai jar dezaten

Kultura Departamentuak Arteuparterekin lankidetzan, Gipuzkoako artistek arte plastikoen esparruan duten garrantzia nabarmendu nahi du

2017/03/30

Proiektua abian jartzeko, departamentuak deialdi ireki bat egin ditu aukeratzeko Gipuzkoako 20 espazio (merkataritza lokalak, ostalaritzakoak, eta abar) eta 20 artista, beren lanak 2 hilabetez lokal horietan ikusgai jartzeko.

Parte hartu nahi duten artista grafikoek eta lokalek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko.  Deialdia Gipuzkoan bizi diren eta lan egiten duten sortzaileei zuzenduta dago. Apirilaren 6tik 10era bitartean, epaimahaiak 20 lokalak eta 20 artistak aukeratuko ditu, eta apirilaren 25ean aurkezpen ofizial bat egongo da zuzeneko musikarekin, eta erakusketa guztiak irekiko dira batera; uztailaren 1era arte egongo dira zabalik. Ekimen hau amaitzeko, jaialdi bat egingo da Trintxerpeko Ziriza etxean artistak eta obrak bertan direla, eta zenbait jarduera antolatuko dira. Oinarriak eta proiektu orokorra kontsultatu nahi izanez gero, hona hemen helbidea: www.localartpareta.com.

Local.Art.Pareta hemengo artisten obra grafiko eta plastikoaren eta “eguneroko kontsumoko" Gipuzkoako espazioen “bategitea” oinarri duen proiektu bat da. Helburua da Gipuzkoako artisten sormen plastikoko lana ezagutzera ematea, egungo artisten talentua ikusgai jartzeko, espazioen sare bat osatuta, horrela balio erantsia emateko beren eguneroko zereginei, paretetan hemengo artea jarrita. Azken finean, artistei laguntzeko plataforma bat izango da, artistak eta espazioak biltzen dituena.  “Proiektu honekin erakusketa zirkuitu bat osatuko dugu kaleetan, artista gazteei aukera emateko beren obrak ikusgai jartzeko, ezagutarazteko eta baita saltzeko ere. Horrela, artista horiek duten maila eta kalitatea ikusiko dugu. Kalea museo bizi bihurtuko da eta espazio bakoitza, hiriko erakusketa zirkuituko areto bat. Aukeratutako lokalek Gipuzkoako artearen mapa osatuko dute” esan du Kultura zuzendari María José Telleríak. 

Telleriak nabarmendu horrelako esperientziak hainbat tokitan egin direla, besteak beste, Bartzelonan, eta arrakasta handia izan dutela, bultzada berri bat eman diotela arte grafikoari, eta, horrela, hiri guztira zabaldu dela.

Artista bakoitzak lau lan jarriko ditu ikusgai egokitu zaion tokian. Edozein modutako arte grafikoa jar daiteke, argazkiak izan ezik. Aurkeztutako lanek metro batetik beherakoak izan beharko dute. Lan guztiek markoa jarrita, euskarri zurrun batean edo bastidore batean finkatuta, eta sinatuta egon beharko dute. 

Ekimen hau osatzeko, web orri bat dago www.localartpareta.com, sareko oinarrizko tresna izango dena, eta bertan mapa interaktibo bat egongo da, Local Art Paretaren lehen edizio honetako erakusketa espazioak non egongo diren eta zein obra jarriko diren jakinarazteko.  Mapa inprimatu egingo da eta Turismo bulegoetan eta kultur zentroetan banatuko da.

 

  

1209