Atzealdea

Partaidetza lehiakortasunerako tresna

Foto Partaidetza lehiakortasunerako tresna

Partaidetza lehiakortasunerako tresna

Langileen partaidetza sustatzeak talentua gordetzen laguntzen du.

Partaidetza lehiakortasunerako tresna

Mitbestimmung. Hitz alemaniarra izanik, “elkar-kudeaketa” bezala eman da euskaraz, eta esan nahi du langileek lan aktiboa egiten dutela beren enpresen kudeaketan. Alemaniako esperientzia oso aurreratua dago esparru horretan; izan ere, partaidetza legegintzako ordenamenduaren barruan dago 70eko hamarkadaz geroztik, eta kasu batzuetan derrigorrezkoa ere bada. Langileek ordezkariak dituzte herrialdeko enpresa nagusienetako administrazio kontseiluetan eta, ondorioz, aukera dute erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko eta, aldi berean, erantzukizunak partekatzeko.

 

Elkar-kudeaketa edo partaidetza horren onurak ugariak eta desberdinak dira. Nabarmenetako bat  enpresa barruan ekintza unitatea eraikitzea da: langileek eta zuzendaritzak erantzukizunak partekatzen dituztenez, helburuak ere bat datoz eta, horrela, alderdi guztien inplikazio osoa lortzen da enpresa aurrera ateratzeko; horrez gain, lan harremanak ere hobetu egiten dira.  Hau da, etorkizunari begira kudeatu behar da, epe motzetik atera eta epe ertain eta luzera begiratu. Etorkizunari buruz pentsatu behar da.

 

Halaber, langileen partaidetza sustatzeak talentua gordetzen laguntzen du; izan ere, gaur egun, enpresei gero eta gehiago kostatzen zaie langile kualifikatuak kontratatzea. Erakundeen ikuspegitik begiratuta, enpresari aukera ematen zaio kokatuta dagoen tokian bertan sendotzeko, jarduera ekonomikoa sustatuz eta lurraldea indartuz. 

 

Gai hau aipatzen dut, joan den astean, MAN eta MAN Truck y Bus enpresako giza baliabideen arduradun Josef Schelchshorn jaunarekin izandako elkarrizketan aztertu genuelako, beste gai batzuen artean; izan ere, Schelchshorn jauna Gipuzkoan izan da Etorkizuna Eraikiz foru programan eraikitzen ari den internazionalizazio sarearen esparruan. Bilera horretan langileen partaidetzari buruzko ikuspegi interesgarria ezagutu ahal izan genuen, Schelchshorn jaunak zuzenean ezagutzen baititu Alemania, Hungaria eta Espainiako esperientziak, herrialde horietan guztietan lan egin duelako giza baliabideen alorrean.

 

Gure lurraldeak tradizio handia du lan partaidetzaren inguruan. Izan ere, kooperatiba eta lan-sozietateak, beste forma juridiko batzuen artean, gure enpresen idiosinkrasiaren zati dira, eta kontzeptua enpresa eta lehiakortasun ereduaren DNAn sartuta dago; halaber, ez da ahaztu behar eredu horretan oinarritzen direla gure  babes sistema eta gure ongizate maila. Guretzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, partaidetzak garrantzi berezia hartu du legealdi honetan, eta apustu handia egiten ari gara ildo horretan, estrategia integral bat jarri baitugu martxan hautatutako norabidean aurrera egiteko.

 

Alde batetik, Ekonomia Sustapeneko departamentuak hainbat laguntza jarri ditu abian partaidetza sustatzeko eta, halaber, finantza tresna bat bideratu du alor horrekin lotutako proiektuak bultzatzera. Bestalde, Gipuzkoako Foru Ogasunak gure zerga araudia aldatu zuen joan den urtearen bukaeran, enpresen transmisio prozesuetan, kapitalaren egituretan, sartzen diren langileei pizgarriak emateko. Azkenik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, ikerketa lerro bat ireki da unibertsitateen lankidetzarekin eta, aldi berean, hainbat esperientzia pilotu jarri dira martxan epe ertain eta luzera esparru horretan sakontzeko. 

 

Neurri horiek guztiak lur emankorrean landatutako haziak dira, baina oraindik asko dago hobetzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusienetako bat da “zer egin” edo “nola aritu” gure ekimen guztietan eraginkorrak izaten jarraitzeko. Premisa horretatik abiatuta sortu da Etorkizuna Eraikiz programaren barruan internalizazio sarea eraikitzeko ideia eta, kasu honetan, baliagarri zaigu partaidetza alorrean egiten ari garen lana ospe handiko aditua den Schelchshorn jaunarekin kontrastatzeko.

 

Beraz, bilera hori baliagarri izan da puntu komunak aurkitzeko eta hobekuntza bideak lantzeko eta, aldi berean, hautatu dugun norabidean jarraitzeko. Gipuzkoan, Alemanian bezala, badakigu langileen partaidetzak abantaila asko ekartzen dituela. Hemen, han bezala, enpresa barruko ekintza unitatearen alde egiten dugu, elkartuta indartsuagoak garelako eta, deslokalizazioen garaian, ahaleginak egiten ditugulako gure enpresak lurraldean geldi daitezen. Gure ekonomiak irabazten duelako eta, ondorioz, gure ongizate mailak. Denok irabazten dugulako. Gipuzkoak irabazten duelako.