Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lankidetza indartu dute IK-4 Cidetec-ek eta Foru Aldundiak

Lankidetza indartu dute IK-4 Cidetec-ek eta Foru Aldundiak

Mugikortasun jasangarria eta energiaren biltegiratze alorretan Gipuzkoa lurralde aurreratuenen artean kokatzea da helburua

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurraldeko Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, IK4-Cidetec zentroko instalazioak bisitatu dituzte gaur. Foru erakundeak eta teknologia zentroak sinatu berri duten hitzarmena aurkeztu dute, baita ere, gisa horretan “Gipuzkoa kokatu dadin mugikortasun jasangarria eta energiaren biltegiratze alorretan lurralde aurreratuenen artean”. Aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, IK4-Cideteceko lehendakari eta zuzendari nagusiak, Eduardo Junquera eta Javier Rodríguezez, hurrenez hurren.

                                                                                                                                              

Diputatu nagusiak komunikabideen aurrean adierazi duenez, energia eta mugikortasunaren alorretan –etorkizunera begira berebiziko potentziala duten eremuak biak– “garapen ardatz” bilakatzeko baditu Gipuzkoak “beharrezko zuntzak”. “Enpresa traktoreak ditugu mugikortasunarekin zerikusia duten garraioaren eta ekipamendu ondasunen alorrean. Orobat daude lurraldean lehen lerroko zenbait teknologia zentro eta ikertzaile zentro, ibilbide nabarmen bat dutenak. Gainera, zenbait elkarte eta entitatek mugitzeko sistema horien industriaren, ikerketaren eta egiazko aplikazioaren alde lan egiten dute”, azpimarratu du.

 

Testuinguru horretan, Markel Olanok goraipatu du IK4-Cidetecen bikaintasuna eta lidergoa energiaren biltegiratzearekin lotutako garapenean, esparru honetan Europako zentro nagusietako bat baita. Hitzarmen honek, gaineratu duenez, “zentroarekin lankidetzan sakontzeko balioko du eta ikerkuntzaren ikuspegitik egiten duen aitzindaritza papera babestuko du”.

 

Izan ere, lankidetza hitzarmenak bilatzen du, alde batetik, energiaren biltegiratzean eta prestazio altuko baterien eremuan IK4-Cidetecek egiten duen ikerkuntza lana bultzatzea, nola ekipamendu berriak erosteko garaian, nola talentua erakartzeko eta ikerketa lerro berriak ezartzeko garaian. Bestetik, ezagutzaren transferentzia bultzatzea du helburu elkarlanak, ikerketa lanak produktu berri eta berrikuntza moduan islatu daitezen industria mailan. Eta, azkenik, mugikortasun jasangarrian eta energia biltegiratzean Gipuzkoa garapen ardatz aurreratu bilakatzea du xede hitzarmenak.

 

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, lurraldeko enpresa eta eragileekin elkarlanean, eremu estrategiko honetan Gipuzkoa posizionatuko duen estrategia osatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. “Apustu berriak egin nahi ditugu bide horretan. Lurralde osorako aukera bat da IK4-Cidetec bezalako zentro aurreratuak hemen errotuak izatea. Industria ekosistema indartu eta bultzatzeko etorkizun handiko eremu honetan. Gaur aurkezten dugun lankidetzak bere eragina izango du energia eta mugikortasunaren alorretan industria-ehun aurreratu bat garatzeko orduan”, gaineratu du Olanok.

 

Industria garapenerako iturri

                                                                                                                       

IK4-Cideteceko arduradunek azaldu dutenez, etorkizunean energiari lotuta egongo da gure ekonomia eta gizartea orokorrean. Gai horrek gaurkotasun handia du jasangarritasuna eta ingurumenari dagokionez, nahiz energia-iturrien kostu altuaz ari garelarik. Horren ondorioz, ibilgailu elektrikoak, sare elektriko adimentsuak eta energia garbiak dagoeneko oinarrizko elementu dira, industria garapenerako eta industria berriak bultzatzeko lanaz ari garelarik.

 

Testuinguru horretan, Cidetec-eko zuzendari nagusiak, Javier Rodriguezek, energia biltegiratzeak edo –eguneroko hizkuntzan erabili ohi den moduan– bateriek paper garrantzitsua jokatzen dutela gogorarazi du. “Ibilgailu eta dispositibo elektrikoen bihotza diren heinean, sortzen diren energia soberakinak une oro gorde eta kudeatzeko aukera ematen dute”, osatu du.

 

IK4-Cidetec azken 20 urteotan mota askotako bateria-teknologiak garatzen dihardu, material berrien sorreratik amaierako produkturaino doan balio kate guztian eraginez. Gaur egun Europako erreferentzia nagusietako bat bilakatu da esparru honetan. Bere gaitasunak osatze aldera, azpiegiturak osatzeko proiektu handi bat dauka esku artean. Litio-Ionezko baterien fabrikaziorako gune piloto bat martxan jartzeko inbertsioak egin dira, batetik, eta gaur egun eraikin berri bat egiten ari dira zentroko instalazioak osatze aldera.

 

Rodriguezen hitzetan, Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenak “bultzada garrantzitsua emango die” IK4-Cidetecek esku artean dituen proiektuei. “Hortaz harago, gainera, aukera paregabea izango da lurraldeko produkzio-ehunerako, teknologia, negozio eta aukera berriak sortzeko parada eskainiko baitu energia biltegiratzearen alorrean. “Helburu komun batekin ari gara lanean. Gipuzkoa lurralde aurreratuenen artean nahi dugu energia biltegiratzearen alorrean, ondorioz, mugikortasun elektrikoan eta energia jasangarritasunaren punta-puntan kokatuko baita”, laburbildu du.

  

1422