Atzealdea

Lurraldebus, Gipuzkoa ezagutzeko hautabide turistikoa

Foto Lurraldebus, Gipuzkoa ezagutzeko hautabide turistikoa

Lurraldebus, Gipuzkoa ezagutzeko hautabide turistikoa

Aldundiak turisten artean garraio publikoaren erabilera sustatzen du, planoak banatuz, autobusak errotulatuz eta Mugi aplikazioa ingelesera eta frantsesera itzuliz.

Lurraldebus, Gipuzkoa ezagutzeko hautabide turistikoa

Itxasok eta Garmendiak elkarrekin aurkeztu dituzte “eskualdeen artean turismo iraunkorragoa eta orekatuagoa eskaintzeko Aldundiaren ekimenak”.

 

Ibilgailu pribatua zokoratuz, garraio publikoa Gipuzkoako txokoak bisitatzeko eta ezagutzeko hautabide bideragarria da.  Ahalegin horretan dihardute  Marisol Garmendia —Mugikortasuna— eta Denis Itxaso —Kultura eta Turismoa— foru-diputatuek. Eskaintza hori bisitari, turista eta Gipuzkoako herritarrei zuzendutako BasqueCard txartelaren bidez gauzatzen da.

“Legealdi honetan turistak Donostiako eskualdea ezagutzera gonbidatzen ari gara, eta helburu hori betetzeko hainbat ekimen abian jartzen ari gara, ziur baikaude Donostiaren magnetismoak erakarrita bertara heltzen diren turistentzat Gipuzkoak gauza asko eskaintzeko dituelako”, adierazi du Denis Itxasok. “Boulevardeko Explore San Sebastian Region turismoko foru-bulegoak banatuko duen tresna berria da. Tresna horren bitartez, bertan bisitan datozenei turistentzako bereziki egindako garraio publikoko txartelak, hiriarteko garraio-planoak, eta kostaldeko eta barrualdeko eskualdeak bisitatzeko behar duten informazio guztia eskaintzeko helburua dugu”.

“Kultura eta Turismo Departamentuak eta Donostia Turismoak eskaintzen duten BasqueCard txartel honen bitartez, garraio publikoko zerbitzuak erabiliz turistek Gipuzkoa ezagutu dezaten errazten dugu. Txartela turismo-bulegoetan eros daiteke. Izan ere, 2015ean atera zenetik jada baliozkotuta dago, eta  sustatzen eta bultzatzen jarraitu nahi dugu”, adierazi du Mugikortasuneko foru-diputatu Marisol Garmendiak.

Mugitzeko beste modu bat bezala bisitarien eta turisten artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko, informazio-euskarri desberdinak indartu dira. Hortaz, Garraioaren Agintaritzaren App-aren eta web orriaren frantsesezko eta ingelesezko bertsioak egin dira, Gipuzkoako garraio publikorako modu diferenteen inguruko informazio argia eta zehatza eskainiz. Gainera, erabiltzailearentzako oso erabilgarria den ibilbide-kalkulatzaile bat eskaintzen da; izan ere, kalkulatzaile horri esker, erabiltzaileak aukeratu duen lekura joateko modua, garraio mota, ordutegia eta bere joan-etorria erraztuko duten beste xehetasun batzuk ezagutu ahal izango ditu.

Uda hasieran, gainera, Donostiako autobus-geltokian, lurraldean barrena Lurraldebuseko lineen ibilbideen inguruko argibide-taulak ipini zituzten. Horretaz gain, Turismoko foru-departamentuarekin elkarlanean, hainbat autobus Gipuzkoako toki ezagunen irudiekin apaindu dituzte, turistak leku horietara garraio publiko bidez hurbil daitezen gonbidatuz.  Era berean, Lurraldebuseko lineen mapak argitaratu dira San Sebastian Region-en bulegoan banatzeko.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente Marisol Garmendiak aipatu du “garraio-txartelak kargatzeko prozesuak indartzen ari garela, prozesua eta, horren bitartez, garraio publikoaren erabilera errazteko asmoz”.  Txartelak autobusean bertan eta on-line karga daitezke. Azken aukera horrek harrera bikaina eduki du, eta ezarri zenetik hirukoiztu egin da eragiketen kopurua.

Txartelak kargatzeko ere bi makina ipini dira Donostiako eta Gasteizko autobus-geltokietan. Makinek ukimen-pantaila dute, eta eskudirutan edo kreditu-txartel bidez ordaintzeko aukera dago. Makina berri horiek oso harrera ona izan dute, batez ere txartel bidezko ordainketari esker, eta jada aurretik zeuden makinen kargatze mailara heldu dira. Donostiaren kasuan, hilean 3.000 karga baino gehiago egin dira eta, Gasteizen kasuan, 2.000 baino gehiago.