Atzealdea

Lurraldebusek gehitu egingo ditu zerbitzuak abuztuan

Foto Lurraldebusek gehitu egingo ditu zerbitzuak abuztuan

Lurraldebusek gehitu egingo ditu zerbitzuak abuztuan

Abuztuaren 1etik aurrera, gehitu egingo dira Lurraldebus zerbitzuak eta zabaldu egingo ditu udako ordutegiak.

Lurraldebusek gehitu egingo ditu zerbitzuak abuztuan

Abuztuaren 1etik aurrera, gehitu egingo dira Lurraldebus zerbitzuak eta zabaldu egingo ditu udako ordutegiak, abuztu osoan zehar gipuzkoarren mugikortasun-premiei eraginkortasun handiagoaz erantzuteko, oporraldira eta lurraldeko kultur eta festa-eskaintzara ondoen egokitzen den garraio publikoa eskainiz.

Hala, Donostia edo kostaldeko herriak helmugatzat dituzten Lurraldebusen linea guztiek eskainiko dituzte autobusak gauerdira arte, ohiko ordutegiekiko ordu eta erdi gehiago, alegia. Buruntzaldea, Oarsoaldea/Bidasoa, Urola Erdia, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoiena lineak dira eta, gainera, gautxori-zerbitzuak eskainiko dituzte gauean eta goizaldean zehar abuztuko asteburuetan.

“Gipuzkoarrek, baita bisitariek ere, uda, oporrak, eta abuztuan lurralde osoan izaten diren festak eta kultur ekitaldiak gozatzea nahi dugu, eta garraio-zerbitzu publiko eroso, eraginkor eta seguru batean lekualdatu ahal izatea. Mugikortasun iraunkorraren alternatiba bat da Lurraldebus, abuztuko egun guztietan ordutegiak zabalduz aukera ematen duena jendeak autoa etxean uzteko eta Donostiara, beren inguru metropolitanora eta Gipuzkoa osora lasai joateko” adirazi du Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendia sozialistak.

Joan den urtean, Lurraldebusen ordutegiak zabaltzeari ekin zitzaion aurreneko urtean, abuztuko aparteko zerbitzuek oso harrera ona izan zuten: 71.745 bidaia gehiago egin ziren, 2016ko abuztuan guztira egin ziren 162.000 bidaietatik, % 9 gehiago 2015ean egindakoen aldean, alegia.

“Gure ustez –azpimarratu du Garmendiak– merezi du udan, eta bereziki abuztuan, ordutegiak zabaltzeko Lurraldebusetik egiten dugun ahaleginak. Jendeak oso ondo erantzuten du eta garraio publikoa erabiltzen du. Kontzientziatzen jarraitu behar dugu garraio publikoa gehiago erabiltzeko eta guztion artean hobetzen jarraitzeko”.

Musika Hamabostaldia

Abuztuan, gainera, bigarren aldiz hurrenez hurren, Lurraldebusek autobus-zerbitzu berezi bat jarri du zuzenean Donostiatik Arantzazuko santutegira doana, abuztuaren 18an, Musika Hamabostaldiaren barruan, Landarbaso abesbatzak bertan emango duen kontzertura joan nahi dutenentzat.

Zerbitzu horietarako txartelak abuztuaren 1etik aurrera eros daitezke Donostiako autobus-geltokiko lehiatiletan edo online webgune hauetan: www.lurraldebus.eus edo www.pesa.net

Arantzazura zuzenean doazen autobusak 16:45ean abiatuko dira Donostiatik, eta geraldi bat egingo dute Zarautzen. Zerbitzuak emango dira gainera Urola Kosta, Urola Garaia, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetatik. Eskualdeetako linea horiek, Oñatira iritsiko direnak, lantzadera-autobusen bitartez helduko dira Santutegiraino, eta doakoak izango dira txartela erakutsita kontzertura doazela ziurtatzen dutenentzat. Kontzertuaren amaieran Lurraldebusek berriro eskainiko ditu zerbitzu berezi berriak jatorrira itzultzeko.

Gainera, Lurraldebusen aparteko zerbitzuekin, abuztuko egun guztietan gauerdira arte ordutegiak zabaltzen dituztenekin, Donostiako Musika Hamabostaldiko beste edozein kontzertura joaten direnek bermatuta izango dute autobusez beren udalerrietara itzultzeko aukera.

 

Donostiako Aste Nagusia

Bestalde, Lurraldebus zerbitzuen abuztuko ordutegia zabaldu egingo da baita ere Donostiako Aste Nagusia dela eta, abuztuaren 12tik 19ra arte ospatuko dena. Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak jarri ditu ospakizun-aste horretan Donostiako gauaz gozatu nahi dutenei etxerako itzulera bermatzeko. Ordu-erdiro edota orduro izango dira zerbitzu horien maiztasunak, linearen arabera.

Gainera, zezen zaleak, zezenketek irauten duten egunetan, autobusez lekualdatu ahal izango dira Tolosa eta Illunbe lotzen dituen autobusean, Andoainen eta Lasarten geraldiak egingo dituenean.