Atzealdea

Lurraldeko enpresen nazioartetzea indartzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak

Foto Lurraldeko enpresen nazioartetzea indartzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak

Lurraldeko enpresen nazioartetzea indartzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, akordioa izenpetu du Bazkundeko zuzendari Endika Sanchezekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bazkundeak hitzarmena adostu dute gaur, lurraldeko enpresa txiki eta ertainen nazioartekotze prozesuak indartzeko helburuarekin. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, eta Bazkundeko zuzendari nagusiak, Endika Sanchezek, lankidetza akordio berria sinatu dute gaur goizean egindako bilkuran. Hitzarmen honen bitartez, bi erakundeek lankidetza sendotu egingo dute internazionalizazioaren esparruan, eta bereziki enpresei kanpo merkatuetara hurbiltzeko misioak bultzatuko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan helburu estrategiko gisa ezarri du ekonomiaren susperraldia finkatzea eta, horretarako, Ekonomia Suspertzeko Plana diseinatu eta abiarazi du. Egitasmo honen testuinguruan hainbat programa eta lan-lerro martxan jarri ditu foru erakundeak, lurraldeko industriaren eta, oro har, enpresen lehiakortasuna bultzatu asmoz. “Helburu hori gauzatzeko, gero eta nazioartekoagoa den esparru honetan, are eta ugariagoak dira internazionalizazio prozesuei ekiten dieten enpresa txiki eta ertainak. Horientzat, baina, askotan zaila izaten da merkatuak ezagutzea eta eragiketa internazionaletan parte hartzea”, azaldu du Aizpuruk. Hain zuzen ere, internazionalizazio ahalegin horiek “indartu eta prozesu horietan bidelagun” izan nahi du Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko diputatuaren esanetan. 

Aldundiak nahiz Bazkundeak hainbat ekimen bultzatzen dituzte enpresen esportazioak laguntzeko eta kanpo merkataritza estimulatzeko, besteak beste. “Horien artean, hainbat merkataritza misio babestu ditugu, enpresak kanpo merkatuetara hurbiltzeko. Beharrezkoa da halako jarduerak sustatzen eta garatzen lagunduko duen tresna bat ezartzea”, azpimarratu du Aizpuruk.

Gaur sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan, horregatik, Gipuzkoako Bazkundeak lurraldeko enpresa txiki eta ertainen merkataritza misioak babestuko ditu. Ahalegin horiek babesteko 38.200 euroko diru-laguntza jasoko du Foru Aldunditik.