Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Maiatz eta ekainean Zumaiak ikastaro bat izango du pertsona helduei bizikletaz ibiltzen irakasteko

Maiatz eta ekainean Zumaiak ikastaro bat izango du pertsona helduei bizikletaz ibiltzen irakasteko

Maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an izango da eta aste honetatik aurrera eman daiteke izena,, maiatzaren 25era arte

2018/04/25

Zumaiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuarekin lankidetzan, bizikletaz ibiltzen hasi eta ikasteko ikastarotxo bat antolatu du pertsona helduei zuzenduta, maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an. Aste honetatik aurrera eman daiteke izena, eta maiatzaren 25 arte eman ahal izango da.  

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentua Zumaiko Udalarekin dabil elkarlanean bizikletaz ibiltzen ikasteko pertsona helduentzako ikastarotxo bat egiteko udaberri honetan. Ikastaro horrek arrakasta nabarmena izan du joan den urteetan Errenterian eta Eibarren, eta Gipuzkoako hainbat herritan egingo da, Zumaia izanik horietako lehendabizikoa. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak, adierazi du helburua dela, pertsona helduei bizikletaz ibiltzen irakastea ez ezik, haiek konbentzitzea “bizikleta eguneroko garraiobidea dela eta eguneroko bizitzan pertsona guztiek erabil dezaketela eta, gainera, beren bizi kalitatea eta osasuna hobetuko dutela”.

Garmendiak gaur aurkeztu du ekimen hori Zumaian Oier Korta alkatearekin batera, eta nabarmendu du “adineko askok ezin izan dutela ikasi, edo urteak daramatela txirrindu batean muntatu gabe. Animatu nahi ditut, haiek ere paseo atsegin bat eman baitezakete bizikletaz, erraz eta seguru ibiltzen ikasiz. Izan ere, ariketa osasuntsu eta iraunkorra da, ingurumena hobetzen ere laguntzen duena; pedalei eragitea ona da gure osasunarentzat, baita planetaren osasunarentzat ere”.

Bizikleta ikastaro hau pertsona helduei zuzenduta dago, ezaugarri horiek dituen Zumaiko lehendabizikoa da, eta Zumaiko Udalak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuaren lankidetzaz. Zumaiko Udala irmo iritzita dago “mugikortasun iraunkor bat lagungarria dela gure herriko ingurunea hobetzeko”. “Zumaiak apustu sendoa egin du mugikortasun iraunkorraren eta, aldi berean, osasungarriaren alde, eta bizikleta da, hain zuzen, bitarteko egokiena horretarako. Hori dela eta, azken bi urtean, Bizikletaren Eguna ospatu dugu eta, aurten, ekainean egingo den ospakizunaren aurreko ekintza gisa, ikastarotxo hau sartu dugu. Bertan, mugikortasun iraunkorrera bidean oso garrantzitsuak diren bi balio sustatuko ditugu: bizikleta ikastea eta, kasu honetan, erabiltzea”, Kortak adierazi duenez.

Helduentzako bizikletan ibiltzen ikasteko jardunaldiak, maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an egitekoak, Bizikletaren Plan Estrategikoko ekintzetan kokatzen dira, eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak babesten ditu. Erabat dohainik ematen da izena; aste honetan bertan irekiko dugu horretarako aukera, maiatzaren 25 arte egin ahal izango da, eta Lubaki kiroldegian eman daiteke izena.

Ikastarook Zumaiako Herri Eskolan egingo ditugu. Ikastetxeak badu barruko jolastoki zabal bat, askotariko kiroletan aritzeko hiru pista, eta pilotaleku estali bat, euria egiten badu.  Ikastaroa Gurpilartea elkarteak eskainiko du eta, bertan, bizikleta gainean ibiltzeari heltzeaz gain, bizikleta mantentzeko oinarrizko irakaspenak emango dira, baita bide segurtasunerako eta zirkulazio zein bizikidetza arauetarako elementuak eta gomendioak. Halaber, parte-hartzaileek bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ederra izango dute, EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak) lagata.

 

  

1249