Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Maite Peña Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioan izan da, Foru Aldundiak 5 plaza berri sortu baititu bertan

Maite Peña Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioan izan da, Foru Aldundiak 5 plaza berri sortu baititu bertan

Ospitaleko alta izan arren gizarte eta osasun arloko arazoak dituzten pertsonei zuzenduta daude

 

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa bisitatu du gaur goizean, Donostiako Antigua auzoan. Zentro horretan, Aldundiak itunpeko 5 plaza berri irekiko ditu, eta horrela 73 plazara iritsiko da; horretarako, 116.623 euroko gastu gehigarria egin du. Diputatuak jakinarazi duenez, zerbitzu horretara sartzeko dagoen itxaron zerrenda kontuan hartuta eta egoitza zentroan “zenbait plaza baimendu” hutsik zeudenez, Arreta Soziosanitarioko Gipuzkoako Lurralde Kontseiluak onartu zuen “5 plaza berri irekitzea”. Bisitaldian, Txaro Rodrigo Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendariak ondoan izan duelarik, Peñak gaineratu du plaza soziosanitario horiek ospitaleko alta izan arren “gizarte eta osasun arloko arazoak” dituzten pertsonak artatzeko direla, sarritan, "zenbait patologia mediku kronifikatuta” dituztenak. Batez besteko egonaldia –esan du- hiru hilekoa izaten da, eta gehienetan ospitaletatik etortzen dira”.

Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Sozio Sanitarioko plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta daude. Zortzi solairu eta 5.669 m²-ko azalera du; 1917an eraiki zen eta azken berritze lan orokorrak 2002-2003an egin ziren. Orduan beste norabide bat eman zitzaion, eta ospitale mediku-kirurgikoa izatetik egoitza eta zentro soziosanitarioa izatera pasa zen. 2014an, zentroa eraberritzeko lanak hasi ziren 5 plaza gehiago jartzeko adimen nahasmendu larrietarako egoitza unitatean eta beste 5 plaza soziosanitario sortzeko; “horretarako, solairuak berrantolatu ziren, eta horrela, gaur egun erabiltzaileek hiru solairu hartzen dituzte” azaldu du zentroko zuzendari Antxon Amunarrizek. Horrez gain, azaldu du zentroan medikua, erizaina eta gerokultorea daudela eguneko 24 ordutan urteko 365 egunetan. “Halaber, errehabilitazioko mediku espezialista, psikiatra, fisioterapeutak, psikologoak, terapia okupazionala, aisialdiko begiraleak, gizarte langileak, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua ditugu”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte Politikako Departamentuaren bidez, hainbat kontratu programa ditu sinatuta mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin. Kontratu horien artean daude Gurutze Gorriarekin sinatutakoa, eta beste zerbitzu batzuen artean egoitza unitate soziosanitarioa jasotzen du, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak lankidetzarako sinatutako Esparru Akordioaren babesean. Amaitzeko, Peñak azpimarratu du arreta soziosanitarioko kontratu programa honek “pertsona” jartzen duela “arretaren erdigunean" eta osasun eta gizarte zerbitzuak Foru Aldundiaren eta Osakidetzaren artean banatzeko “koordinazio printzipioan” oinarritzen dela.

horrela 73 plazara iritsiko da; horretarako, 116.623 euroko gastu gehigarria egin du Aldundiak
  

1636