Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Marisol Garmendia: “Lurraldebusen Kontrol Zentroak erabiltzailearentzako informazioa hobetzen du, denbora errealean”

Marisol Garmendia: “Lurraldebusen Kontrol Zentroak erabiltzailearentzako informazioa hobetzen du, denbora errealean”

Lurraldebusen Kontrol Zentro berria espazio bat da, non Lurraldebusen autobus guztiei buruzko informazioa jasotzen den, denbora errealean

2016/04/25

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak Lurraldebusen Kontrol Zentro berria aurkeztu du, zeinean azpiegitura berri bat kokatzen baita, denbora errealeko datuak eskaintzen dituena une horretan Gipuzkoan barrena zirkulatzen ari diren Foru Aldundiaren sareko autobus guztiei buruz.

Zentroak berehalako informazioa izango du eskura, hala nola non dagoen zehazki autobus bakoitza une horretan, zenbat denbora falta den geraleku bakoitzera iristeko, zenbat bidaiari dauden autobusean, zein den gidaria, eta zein txandatan dagoen. Informazio hori guztia berehala iristen da zentro horretara –Lurraldebus Gunean dago–, eta, lehenengo aldiz, datu horiek guztiak zentralizatu egiten ditu. Gainera, egunero, Kontrol Zentroak linea bakoitzaren jende-emanak erregistratzen ditu, eta datuak ematen ditu linea bakoitzaren puntako orduei eta haran-orduei buruz, baita beste datu batzuk ere, lagungarriak direnak zerbitzu hobea eskaintzeko, eta herritarrei arreta eta informazio hobeak emateko.

 

Sistema horri esker, etengabe kontrolatuak egongo dira 220 autobusak eta 117 lineak. Horretaz gain, larrialdiko operatibo bat dauka, Kontrol Zentrotik monitorizatua, berehala erreakzionatu ahal izateko autobusetan gerta daitekeen edozein arazo edo gorabeheraren aurrean, eta lehenbailehen erantzun ahal izateko. Aldi berean, gidariak informatzen ditu beren ibilbidean gerta daitekeen edozein gorabeherari buruz, gero, haiek, bidaiariak informatu ditzaten, eta prest egon daitezen edozein gertakizunen aurrean.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “antzeman dugu Lurraldebusek ematen zituen arreta zerbitzuen garapenak ez zuela jarraitu errealitate teknologiko berrien garapen erritmo bera, eta ez zela horietara egokitu; horregatik bultzatzen dugu Lurraldebusen Kontrol Zentro berri hau”. Diputatuak jarraitu du hau azaltzen: “horrela, zentro honetatik, zerbitzu hauek eskaintzeko aukera egongo da: Lurraldebusen erabiltzaileei unean uneko informazioa ematea; gerta litezkeen gorabeherez ohartaraztea; eta edozein zalantza argitzea; eta gainera, autobus sarea osotasunean kontrolatzea”.

Marisol Garmendiak esan duenez, “urrats erabakigarri bat da hau Lurraldebusen hobekuntza teknologikoan ez ezik, baita erabiltzaileentzako arretan ere, berehala izango baitute beharrezko informazio guztia, eta horrela, era erabakigarri batean hurbiltzen dugu zerbitzua herritarrengana, aukera izango baitute modu erosoago batean eskuratzeko behar duten informazio guztia, dei bakar bat eginda”. 

Diputatuak orobat esan du “Departamentura iritsi garenetik, komunikazio bide berriz hornitu direla lehendik zeuden informazio panel guztiak. Orain, jada, testu mezuak eta irudiak jaso daitezke, denbora errealean, gure kontrol zentrotik, eta horri esker informazioa igor dezakegu zerbitzuan eragina izan dezaketen gorabeherei buruz; gainera, informazio hori pertsonalizatu egin daiteke panel bakoitzaren mailan”.

Gaur egun, 133 informazio panel daude jarrita, nahiz eta Mugikortasuneko Departamentua ahaleginak egiten ari den, udalekin koordinatuta, ia 20 panel gehiago ezartzeko aurtengo urtean zehar.

Halaber, abian jarri da Lurraldebusen autobusetan dauden informazio pantailen erabilera, modu zentralizatu batean kudeatzeko bidaiarien mugikortasunean eragina izan dezakeen informazioa: zerbitzuaren aldaketak, gorabeherak eta gertaerak.

Horretaz gain, wifi zerbitzu pilotu bat ezarri da Urola Erdiko autobusetan, harrera ona izan duena bidaiarien aldetik. Aurki, gainerako autobusetan ezarriko dugu zerbitzua.

Era berean, Marisol Garmendiak hobekuntza bat iragarri du Lurraldebusen erabiltzaileekiko harremanetan, adierazi baitu “laster, aplikazio mugikor bat jarriko dela eskura Lurraldebuseko bidaiarientzat, eta horri esker, sarbidea izango dute Lurraldebusek ematen dituen zerbitzuetarako, alderdi hauei dagokienez: ordutegiak, ibilbideak, geralekuen kokapenak eta iristeko aurreikusten den denbora.

Horrekin guztiarekin, hobeto erantzun nahi zaie Gipuzkoako herritarren mugikortasun beharrei, lehendik dauden baliabideak optimizatuz eta irtenbide iraunkorrak garatuz.

  

1516