Atzealdea

Markel Olano: “Enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industria-ra egokitu daitezen egingo dugu lan”

Foto Markel Olano: “Enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industria-ra egokitu daitezen egingo dugu lan”

Markel Olano: “Enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industria-ra egokitu daitezen egingo dugu lan”

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.105.000 euroko aurrekontua bideratuko du lurraldeko enpresetan fabrikazio aurreratua bultzatzera

Foru Aldundiak martxan jarri duen 50 milioi euroz hornitutako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, 4.0 Industriaren garrantzia azpimarratu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak: “Erronka handia da, baina baita aukera garrantzitsua ere. Programa honi esker lortuko dugu gure industriak lehiakortasunean aurrera egitea, Gipuzkoako ekonomiako traktore izaten jarraitu dezan eta lurraldera enplegua eta ongizatea ekartzea”.

Markel Olano diputatu nagusia Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera izan da Elgoibarko Danobat enpresa bisitatzen. 4.0 Industrian eredu den enpresa da Danobat, baina programa hau Gipuzkoako enpresa guztietara zabaltzea behar beharrezkoa dela esan du Olano diputatu nagusiak: “Gogor jardungo dugu lanean enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industriara batu daitezen. Bidean ez da inor geldituko”, ziurtatu du. Eta Gipuzkoan industria txiki eta ertainak duen pisua gogoratu du Olanok, esanez, “lurraldeko lanpostuen erdia baino gehiago sortzen dituztela enpresa hauek”. Horregatik, eta enpresa txikiengan bereziki pentsatuta, 4.0 Industria proiektuaren barruan, “Diagnosi Teknologikoa”-ren lan ildoaren gainean arreta berezia jarri du  Diputatu Nagusiak. “250.000 euroko aurrekontua duen lan ildoa da 50 langile baino gutxiago dituzten enpresei dago zuzenduta. Enpresako, 5.000 euro daude aurreikusita eta enpresa bakoitzak industria eredu berri honetara egokitzeko zein behar dituen aztertzeko baliatuko dira diru laguntza hauek”, azaldu du Olanok. Aurreratu du hau lehen fasea dela eta gerora, beste bigarren fase bat egongo dela bitarteko horiek finantzatzeko.

4.0 Industria ereduaren garrantzia berretsi  du Olanok: “ Nazioarteko aditu asko dira programa hau industriagintzako laugarren iraultza gisa  hartzen dutenak; XVIII. Mende amaierako industrializazioa izan zen aurrena, XX. Mende hasierako ekoizpen industriala eta automatizazioa ondoren. Eta informazio eta komunikazio teknologiak industrian txertatzea, 4.0 industria alegia, izango litzateke  laugarren iraultza”, azaldu du baina haratago ere joan da: “Industria eredu berri hau izango da ekoizpen industrialeko produktuei benetako balio erantsia ekarriko diena, gainontzekoetatik bereiziko dituena. Eta hau izango da, etorkizunerako industria eredua finkatzen lagunduko diguna”, azaldu du Olanok.

“Gure lurraldean industria sendoa eta horrelako ekimen berritzaile bat garatzeko gai dena” badagoela eta Gipuzkoa iraultza honetarako prest dagoela argudiatu du Diputatu Nagusiak. Orotara, programara 3.105.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta “datozen urteetarako enpresa estrategia finkatuko duen giltzarria izango dela” azpimarratu du.

Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako Diputatua ere bat etorri da “merkatuko beharrei egoki erantzungo dien industria eredua behar dugula” esanda “eta oso garrantzitsu jo du batez ere, ekoizpen industrialeko produktuak merkatuko gainontzeko eskaintzatik  bereiziko dituen eta balio erantsia emango dien industria proiektu bat izatea”. “Proiektu hau lehiakortasun eta gizarte garapeneko garai baterako palanka izango da”, aurreratu du Aizpuru diputatuak eta industria garatu baten aldeko apustu argia egin du.

Zentzu horretan, Aizpuruk balio eman nahi izan die lurraldean egun ditugun azpiegitura bereziei eta erakusleei. Aldundiak 550.000 euro bideratuko ditu lurraldean aurreratuen dauden enpresek euren bitartekoak gainontzeko enpresekin partekatu ditzaten, enpresek makinaria hori probatu ahal izateko eta etorkizunera begira, euren premiak zeintzuk diren egokiago neurtu ahal izateko. Bestetik, aukera emango zaie lanbide heziketako ikasleei zein industriako langileei industria 4.0ko alorrean trebatu daitezen.

Gainera beste 1.300.000 euro iragarri ditu Aizpuruk enpresek ekipamendu aurreratua eskuratu dezaten. “Enpresetara benetako aldaketa ekarriko duten inbertsioak egin ahal izateko bitartekoak eskuratzea da helburu nagusia, fabrikazio eraginkor eta lehiakorragoa lortu dezaten, material konplexuagoekin lan egin eta fabrikazio adimendunera bideratutako sistema ziberfisikoak izan ditzaten, ekoizpen seguruago eta aurreratuagoa izanda”, argitu du Diputatuak. “ Balio erantsia duten produktuak egiteko negozio eredu berriak” direla esanda laburtu du Aizpuruk lan ildo hau.

Produktu eta zerbitzuen garapenerako lan ildoa ere aurkeztu du (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza).” 4.0 Industriara eta fabrikazio garatura bideratuta dagoen lan ildoa da, enpresek produktu berrien, teknologien eta aplikazioen sorkuntza eta komertzializazioa egin ahal izateko”.

Beste hainbat konturen artean, ekoizpen bitartekoak berrien garapena, robotika aurreratua, ziber-segurtasuna edota prozesu eta produktuen trazabilitaterako teknologiak finantzatuko dira. Lerro honetarako Aldundiak 700.000 euro bideratu ditu eta proiektu bakoitza 150.000 euroraino babestuko du.

Eta azkenik, WINDBOX fabrikazio eoliko aurreratuko zentroa ere aurkeztu du Aizpuruk, Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen ari dena. Puntako teknologiarekin sektore eolikoko Gipuzkoako enpresei euren produktuak ensaiatzeko aukera emango die. Aurten proiektu horretara 300.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.