Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Milioi erdi euro Gipuzkoako biozientzien sektorea dinamizatzeko

Milioi erdi euro Gipuzkoako biozientzien sektorea dinamizatzeko

Erakundeak 490.000 euroko diru laguntza onartu du Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren alde, “estrategikotzat” jotzen baitu sektore hau

Imanol Lasa, Gobernu Kontseiluko erabakiak jakinarazten

Gipuzkoako Foru Aldundiak 490.000 euroko diru laguntza onartu du Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren alde, “estrategikotzat” jotzen den alor hau bultzatzea xede. “Sektore estrategikoetan dinamikotasun eta apustu berriak jarri ditugu, eta horrela jaso ditugu gure Ekonomia Suspertzeko Planean”, azaldu du Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak. Foru arduradunaren esanetan, erakundea “etorkizuneko ekonomia” diseinatzen hasia da, eta “bio-osasunarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoak toki garrantzitsua dauka bideorri horretan”.

            Lasa hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, atzo egin zen Gobernu Kontseiluaren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak topaketa horrekin eman zion hasiera kurtso politiko berriari. “Erronkaz eta desafioz beteta agertzen zaigu bidea, eta datozen egunotan aurkeztuko dugu aro berrirako esku artean dugun bideorria. Aurreratu dezakedana da pilak kargatuta, ilusioz beteta eta lanerako gogotsu itzuli garela lanera”, esan du.

Kontseiluko erabakietara itzulita, gaur iragarritako diru laguntzaren hartzaile den Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa 2011an sortu zuten Foru Aldundiak eta Kutxak. 2016an berriro aktibatu zen egitasmoa, Lasak azaldu duenez, “Gipuzkoako ekonomia eta gizarterako estrategikoa den eremu honetan ekintzailetasuna eta enpresa proiektuak hauspotzea helburu”. 2016 horretan fundazioko Patronatua berritu zen, estatutuak berriz definitu gaur egungo testuingurura egokitzeko, eta milioi erdiko aurrekontua bideratu zen. Aurten aurrekontu hori milioi batean finkatu da, fundazioa bultzatzen duten bi erakundeek maila berean egindako ekarpen baten bitartez, eta Aldundiari dagokion zatia da hain zuzen foru bozeramaileak gaur iragarri duena.

Baliabide hauen erabileraren inguruan, zati handiena bideratuko da bio-osasunaren alorreko start up-ak eta ekintzaileak babestera haien enpresa proiektu berritzaileetan. Horrez gain, fundazioaren helburuen artean dago baita ere bultzatzea “ikerketan bikaintasuna, ezagutza berriaren sorrera eta teknologia transferentzia”, biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatzeaz gain. “Helburu nagusia sektore honi dinamismoa ematea da”, azaldu du Lasak.

            Bozeramaileak gehitu duenez, Fundazioaren funtzioen artean dago baita ere bio-osasunaren alorreko start up-en finantzaketan laguntzea ere, eta horretarako hainbat adituren aholkularitzaz baliatuz. Partaidetza-maileguen bitartez ematen ditu laguntza ekonomiko hauek, modu honetara proiektuaren jarraitutasuna bermatu eta proiektu berriak laguntzeko bidea eginez. Mezenasgoaren bidea ere lantzen du fundazioak.

            Proiektua berriro abiarazi ondoren, 2016an bertan eman zion Fundazioak laguntza start-up bati, Patia Europe enpresari, hain zuzen, diabetesaren prebentziorako tresnak egiten dituen enpresa. “Bere proiektuan laguntza behar duten enpresek Biozientziak Gipuzkoa Fundaziora jo dezakete, fundazioaren webgunearen bitartez”, adierazi du foru bozeramaileak.

“Etorkizuneko sektorea da biozientziena, epe ertain-luzera izango dugun erronka nagusietako bati erantzuten baitio: gizartearen zahartzea. Garaiz gaude, ordea, desafioa irauli eta aukera bilakatzeko, eta norabide horretan doa sektore honetan Aldundia egiten ari den apustu estrategikoa”, azaldu du Lasak. Zentzu honetan, foru erakundeak esku artean duen beste proiektu garrantzitsu bati ere egin dio erreferentzia: Pasaian kokatuko den Zahartzaroa eta Mendekotasunaren Erreferentziazko Zentroa. “Ekimen honek ere, biozientzien sektorearen indartzeak bezala, etorkizuneko erronka horiei erantzunak ematea dute helburu”, azaldu du.

 

Lehen sektoreari laguntzak

Gainera, Gobernu Kontseilu berean beste hainbat erabaki ere hartu dira, hauetako bi lehen sektorearekin erlazionatuta. Horrela, handitu egin dira sagardotarako sagarrondoak landatu, hobetu eta garatzeko diru laguntzak 140.720 eurotan. Hasieran 290.000 euro bideratu ziren helburu honetara, baina jada kantitate hau gaindituta dago. Berdina gertatu da nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin: hasiera batean 2.750.000 bideratu ziren, eta orain beste 400.000 eurorekin indartu da.

            Argi berdea jaso dute, baita ere, Getaria eta Aiako hiri antolaketa arauak. Lehen kasuan, Santa Ana, Sahatsaga, Sahatsaga-Goia, Potzuaga Gaina eta hilerriari eragiten dio aldaketak. Bigarren kasuan, arauetan eginiko doikuntzek udaleko bi ordenantza eta etxebizitza kopuruaren izaera estrukturalari eragiten diete. 

  

1373