Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiaren eta Musikeneren arteko akordioa Gipuzkoako organo ondarea ezagutzera emateko

Aldundiaren eta Musikeneren arteko akordioa Gipuzkoako organo ondarea ezagutzera emateko

Gipuzkoako Organoak Plazara programaren bidez lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi da.

2017/10/17

Denis Itxaso: “Gipuzkoako Organoak Plazara programaren bidez lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi dugu, bere balio musikala eta historikoa eta errepertorioa zabaldu, eta etorkizun oparoko gazteei laguntza eman”

Aldundiko Kultura Departamentuak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Organoak Plazara programa gauzatzeko eta, horrela, Gipuzkoako organo ondarea zaintzen eta ezagutzera ematen laguntzeko, Gipuzkoako ondare esparru garrantzitsuenetako bat baita. Horretarako, Aldundiak 15.000 euro ordainduko dizkio Musikeneri. Denis Itxaso Kulturako diputatuak eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak sinatu dute hitzarmena.

“Programa horren bitartez, lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi da, bere balio musikala eta historikoa eta errepertorioa zabaldu, eta esparru horretan ikasi eta lan egiten duten etorkizun oparoko gazteei laguntza eman. “Laburtuz, helburua da organoaren musika gizarteari hurbiltzea eta, aldi berean, balioa ematea Gipuzkoak duen aberastasun instrumentalari eta aberastasun hori zaintzen laguntzea", esan du Itxasok.

Horretarako, lurraldeko bi edo hiru organo hautatuko dira eta horien inguruan hainbat jarduera antolatuko dira: kontzertuak; tailer didaktikoak; umeei, musika ikasleei eta jendeari, orokorrean, zuzendutako saio dibulgatzaileak; eta organoak ezagutzeko bisitaldiak. Musikeneko ikasleek, graduatuek eta irakasleek nahiz ospe handiko organista gonbidatuek eskainiko dituzte kontzertuak; azken horiek masterclassak ere emango dituzte. Halaber,  diziplina anitzeko kontzertu batzuk emateko ahalegina egingo da, hau da, organo musikari lotutako beste ekitaldi batzuk antolatuko dira, zinema, dantza, margolaritza eta beste alor batzuk hartuko dituztenak. Gainera, Musikenek kontzertu bat antolatuko du Ataungo elizan, Barroko Aire jaialdiaren barruan. Jarduera horiek guztiak azaroan egingo dira.

“Musikenekin sinatutako hitzarmen honi esker, kultura alorreko hainbat entitate eta eragileren babesa bermatzeko helburua betetzen dugu, aukera izan dezaten kultura zaindu, zabaldu eta aberasteko, kulturari lotutako ikerkuntza eta garapena bultzatzeko, eta gai artistiko desberdinetan gazteen prestakuntza espezializatua osatzera bideratutako laguntzak sustatzeko”, esan du Kulturako diputatuak.

Itxasok adierazi du Gipuzkoak Europako organo bilduma onenetako bat duela. Organo egile onenak egindako 150 jatorrizko instrumentu inguru dira, eta horien artean nabarmendu behar dira Ataungo San Martingo Tours elizan dagoena, barrokoa, eta Cavaillé-Collek egindako erromantikoak; horiez gain, beste asko daude gure lurralde osoan sakabanatuta.

Ondare artistiko garrantzitsu hori babesteko beharrezkoa da instrumentuak zaindu eta eraberritzea, musika programak garatzea instrumentuak ezagutzera emateko eta jendeak haien soinuaz gozatzeko, eta musika tresna horien irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzea, bizitza emango dieten musikari eta interpreteak gure artean izateko.

Organoa hedatzeko programa ezinbesteko gakoa da musika ondare hori balioan jartzeko eta instrumentu bikain horien ahalbide guztiak ateratzen joateko, lehen mailako musikariak ekarriz eta interprete berrien parte hartzea sustatuz. Eta hori guztia, musika horrekin gozatzeko eta hunkitzeko aukera egon dadin Gipuzkoako bazter guztietan.  Azaroan zehar, Ataun, Donostia, Orio, Usurbil eta Zumaia izango dira zaleentzako elkarguneak eta aukera ezin hobea Gipuzkoako soinuak entzuteko, askotan arte lanak ere badiren instrumentuen bidez.

Programa orokorra:

DONOSTIA

IESU Parrokia

Azaroak 15, asteazkena

20:00etan

Xabier Urtasun, organoa

Ignacio Arakistain, organoa

Azaroak 16, osteguna

Michel Bouvard

Hitzaldia / Charla, 19:00etan

Organo kontzertua, 20:00etan

Azaroak 17, ostirala

9:00tik 14:00ra

Masterklasak / Masterclasses

Michel Bouvard, gonbidatutako irakaslea

ATAUN

San Martingo Tours eliza

Azaroak 19, igandea

12:00etan

María Nacy, organoa

USURBIL – ZUMAIA

Gipuzkoako organoak ezagutzeko txangoak /

Azaroak 25, larunbata

USURBIL, 10:00etan

Salbatore eliza

Juan Luis Atxega: Bisita gidatua eta entzunaldia

ZUMAIA, 11:30ean

San Pedro parrokia

Iñigo de Peque: Bisita gidatua eta entzunaldia

9:30ean doako autobusa aterako da Gipuzkoa plazatik, eta geldialdia egingo du Musikenen

ORIO

Bariko San Nikolasen eliza

Azaroak 27, astelehena

Xabier Lizaso: Kontzertu didaktikoa

            

 

 

 

  

1623