Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aita Donostia konpositorearen azken maisulan ezezaguna berreskuratu du Josu Okiñenak

Aita Donostia konpositorearen azken maisulan ezezaguna berreskuratu du Josu Okiñenak

Euskal ondarearentzat aurkikuntza handi eta garrantzitsua da

2017/06/21

Euskal musikari handiaren ‘Andante Doloroso’ eskuizkribu originala, editatutako partitura eta pianorako obraren bideoa aurkeztu ditu Okiñenak, Pascual Aldave, Tomas Garbizu eta  J.A. Lombide konpositoreen beste lan ezezagun batzuekin batera.

Euskal ondarearentzat aurkikuntza handi eta garrantzitsua dugu Josu Okiñena musikari eta ikerlariak egin duena. Hilabete batzuen buruan Sony Classicalekin diska argitaratuko du.
Diskoaren edizioa eta promozioa Aldundiaren laguntzaz egingo da. Denis Itxaso: “Maila handiko aurkikuntza da bai artistikoki eta baita kulturalki ere eta Aita Donostiaren mitoa handituko du are gehiago”

Aita Donostiaren azken maisulanaren berreskurapena garrantzizko mugarri bilakatu da euskal ondarearentzat. Izan ere, Euskal kultura biziki aberastu zaigu-eta Aita Donostia konpositore ospetsuak 1954an, hil baino bi urte lehenago eginiko azken lan ezezagunaren aurkikuntza, grabaketa eta zabalpenarekin.

Musikaren Europar Eguna dela eta, eskuizkribu originala, partitura editatua, ‘sample’ audioa eta Josu Okiñenak Victoria Eugenia Antzokian lehen aldiz filmaturiko bideoa aurkeztu ditu, Pascual Aldave, Tomas Garbizu eta José Antonio Lombideren abesti ezezagunekin batera.

“Aita Donostiaren maisulana dugu eskuartean; euskal konpositoreak pianorako eginiko azken abestia, 1954ko martxoaren 1ekoa, 1955ean gaixotu baino urtebete lehenagokoa, hil baino bi urte lehenagokoa. Garai horretan idatziriko Euskadi eta Espainiako pieza berritzaile eta modernoenetakoa dugu. Lan abangoardista bat da, ezbairik gabe, kalitate itzelekoa eta bere garairako oso berritzailea. ‘Andante Doloroso’ garai guztietako musika-altxor bat da”, azaldu du ziur Josu Okiñena pianista, irakasle eta ikertzaileak.

Aita Donostia maila artistiko gorenean zegoenean eginiko lana dugu, bere musika-ibilbideko garairik aberats, eboluzionatu eta modernoenean, hain zuzen ere, musika-lengoaiaren ikuspuntutik. “40, 50 eta 60. hamarkadetan euskal konpositoreak gure folkloreko abestiak armonizatzen ari ziren bitartean, Aita Donostia haratago joan eta inpresionismoan sartzen hasi zen, alegia, musika-lengoaia aurreratuago baten bidetik jo zuen, Maurice Ravelen tradizioaren bidetik”, dio Okiñenak.

Diskoaren edizioa eta promozioa Aldundiaren laguntzaz egingo da. Denis Itxasoren ustetan “maila handiko aurkikuntza da bai artistikoki eta baita kulturalki ere eta Aita Donostiaren mitoa handituko du are gehiago”.

Hori dela eta, 70. hamarkadara arte euskal errepertorioan pianorako hutsune handia dugu, eta, ‘Andante Doloroso’ obrak duen lengoaia-konpositibo horren aurreratua duen garaiko abestirik ez da ezagutzen. “Lan honek Aita Donostiaren ibilbide zabala borobiltzen du, eta, Marice Ravelen mailara goratu du kaputxinoa; garai guztietako euskal musikaren konpositore adierazgarrienetakoa dugu Aita Donostia”, azpimarratu du.

Hilabeteak partiturak birsortzen

Okiñenak hilabeteak eman ditu Donostiaren eskuizkribua aztertzen, ulertzen eta ‘Andante Doloroso’-aren nota bakoitza berriz osatzen. Orain dela hamarkada bat baino gehiago jaso zuen Okiñenak eskuizkribu sorta bat, bere irakasle Felix Lavilla nafarrak emanikoa; horien artean zegoen Donostiaren hau.

“Lavillak esan zidanez, Donostiak berak eman zion lana, lagun minak baitziren. Pianoan aukera sonoroak aztertu eta bere iritzia jakiteko eman zion Donostiak Lavillari, baina erlijiosoaren heriotz goiztiarrak dena zapuztu zuen. Hori zela eta, etorkizunean abesti hau zabaltzeaz ni arduratzeko eskatu zidan; eta horretan ari naiz orain, berreskuratzen, goratzen eta mundu guztiarentzat publiko egiten”, adierazi du Okiñenak.

Aldave, Garbizu eta Lombide

Pascual Aldave musikariaren bagatela ezezagun bat ere erakutsi du Okiñenak ekitaldian: “Argitaratu gabea da, Aldave familiaren artxibotik jasoa, eta, euskal folklorean oinarriturikoa. Bagatela konposizio arina da, iraupen gutxikoa, gai zehatz baten inguruko ‘fantasia’ txikia, kasu honetan, hain zuzen, ‘Uso Shuriya’-ren ingurukoa”, azaldu du.

Berebat, Juan Andres Lombide eta Tomas Garbizu konpositoreen lan bana ere erakutsi ditu. “Alde batetik, Lombide klabezinistaren XVIII. mendeko sonata bat dugu, Santiago de Chileko etxe batean topaturikoa. Beste aldetik, Garbizuren lana ere aurkeztu dugu, 40. hamarkadako dantza bat dena, zehazki, Garbizuk berak On Julian Lavillari oparitutakoa, nire irakasle izan zen Felixen aitari emandakoa”, azaldu du pianistak.

Lan hauek, Aita Donostiarena eta beste hogei bat kantekin batera, CD formatuan argitaratuko dituzte 2017an, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikak lagundurikoa.

 

  

1543