Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Olano: “Partaidetza eta kontziliazioan esperientzia arrakastatsuak izatea funtsezkoa da Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko”

Olano: “Partaidetza eta kontziliazioan esperientzia arrakastatsuak izatea funtsezkoa da Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko”

Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, langileen partaidetza eta kontziliazioa bultzatzeko esperientzia pilotuetan parte hartzen ari diren 20 enpresak elkartu ditu Aldundiak

Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, lurraldeko 20 enpresa ari dira langileen partaidetza eta kontziliazioa bultzatzeko esperientzia pilotuetan parte hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundian izan dira gaur goizean eragile hauek, foru erakundeak antolatutako lan topaketan. Egitasmoaren baitan, parte hartzaileek esperientziak trukatu eta lankidetza estrategiak indartu dituzte, esperientzia arrakastasu hauek hobetzen jarraitzea jomuga. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, enpresa hauek jorratzen ari diren bidea nabarmendu du. Bere ustetan, gaur partekatu diren esperientziek pertsonen garapen pertsonal eta profesional osoa lortzea ahalbidetuko dute, Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan isla izango duena.


Olanok eskertu egin die enpresei Etorkizuna Eraikiz ekimenean parte hartzea, eta azpimarratu du bi esparru horietan bultzatzen ari den saio esperimentalekin ekarpen nabarmena egiten ari direla Gipuzkoa lurralde modernoagoa, irekiagoa, kolaboratiboagoa, partehartzaileagoa eta ezberdintasun ekonomiko eta sozial gutxiagokoa izateko. Era berean, nabarmendu du beharrezkoa dela pertsonak izatea edozein eraldaketaren ardatz, "izan ere, pertsonak dira gizabanakoen, enpresen eta lurraldearen oinarria", erantsi du. Diputatu nagusiaren ustetan, langileen partaidetza eta bizitza pertsonal eta profesionalaren arteko kontziliazioa ezinbestekoak dira ekonomia sustapena sendotzeko, Aldundiaren helburu estrategikoa azken hau.


Isabel Busto i68 enpresako zuzendariak, bere aldetik, adierazi du 4.0 industriak ekoizpen prozesuak irauli dituen bezala, beharrezkoa dela langileen partaidetza eta bizitza pertsonal eta profesionalaren arteko kontziliazioa oinarri izango dituen transformazioa gauzatzea, “horrela gure enpresek lehiakortasunaren arloan sakontzen jarrai dezaten”. Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, bere aldetik, azpimarratu du mundu akademikoa prozesu honetan inplikatzearen garrantzia, “unibertsitateak ekarpen handiak egingo baitizkio prozesuari ikerketa praktikoak erabiliz”.


Etorkizuna Eraikiz programaren esperimentazio proiektuetan parte hartzeen ari diren 20 enpresek 3.500 langile dituzte, eta Gipuzkoako etorkizuneko erronkei erantzuna emateko irtenbide zehatz, erreal eta transformatzaileak identifikatu eta aplikatzea dute jomuga. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz xede berarekin jarri zuen martxan: gizartearekin elkarlanean, lurraldearen etorkizuna hobetuko duten konponbide transformatzaileak aurkitzea. Hainbat esperientzia pilotu jarri dira jada martxan lan esparru estrategikoetan, gaurko bileran parte hartu duten bi lan ildoak kasu.


Pate hartzaile hauek gure lurraldean dauden enpresa tipologia desberdinen isla dira, antzinatasunez, jarduera esparruz (industrialak edo zerbitzuetakoak),  tamainaz eta partaidetzaren gaian duten ibilbideaz (partaidetzaren gaian hasi berriak diren enpresak nahiz arlo horretan erreferenteak diren eta beren ibilbidea sendotu nahi duten enpresak). Partaidetza proiektuan ari diren hamar enpresak hauek dira: Berritek, Bidegi, Biele Group, Calderería Zue, Ulma Taldea, Informática 68, Iseq Azpeitia, Landeta Burdin Lanak, Mendi  Metal Innovation Group, eta Zorrotz Legazpi.


Gaurko topaketan, enpresek azaldu dute zer errazoi izan dituzten enpresan langileen parte hartzea indartzeko (partaidetza eredu integrala sendotzea, proiektu partekatua sortzea, autonomia handiagoa sustatzea, lan giroa hobetzea, talentua enpresan atxikitzea eta jabetzaren erreleboa egitea, besteak beste), eta enpresa bakoitzean definitu dituzten lan ildo nagusiak partekatu dituzte gainerakoekin. Horien artean izan dira, adibidez, parte hartzearen baloreetan eta printzipioetan sentsibilizatzea, langileak partaidetzarako trebatzea edo komunikazioa eta informazio trukea hobetzeko baliabideak sortzea.


Horrez gain, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin, aukera izan dute hausnarketa bat egiteko enpresen kudeaketan edo jabetzan langileen parte hartzea sustatzen jarraitzearren Gipuzkoako Foru Aldundiak bultza litzakeen jarduera berrien inguruan.


Berdintasun eta kontziliazio proiektuari dagokionez, hamar enpresa hauek dira arlo honetan arituko direnak: Angulas Aguinaga, Bera Bera Kirol Kluba, Ikusi (Velatia Taldea), Ikor, Alcad, Erreka (Mondragon Taldea), Askora, Alcorta Forging Group, Uliazpi entitate publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Enpresa horiek hainbat jarduera ildo gauzatuko dituzte, besteak beste, ondorengo hauek ahalbidetzeko: askotariko talentuaren kudeaketa, jendea erakarteko teknika berriak, lanpostuaren birtualizazioa, aukera berdintasuna sustatuko duten kudeaketa sistema berriak, berdintasunaren eta kontziliazioaren nahiz berdintasunaren eta kirolaren alorreko jardunbide egokiei buruzko komunikazioko eta zabalkundeko teknika berriak, giza baliabideen kudeaketaren eraldaketa, edo zerbitzuen bereizketa genero ikuspegia eta erantzunkidetasuna ezarriz. 

  

1498