Atzealdea

Oñatin ospatuko den KMK 2017 jaialdian parte hartzeko deia egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

Foto Oñatin ospatuko den KMK 2017 jaialdian parte hartzeko deia egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

Oñatin ospatuko den KMK 2017 jaialdian parte hartzeko deia egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

‘Lekaixoka’ lemapean irailaren 24an Oñatik hartuko duen ikastolen festaren antolatzaileei harrera egin die Markel Olano diputatu nagusiak

Oñatin ospatuko den KMK 2017 jaialdian parte hartzeko deia egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, harrera egin die gaur goizean Foru Aldundian Kilometroak 2017ko antolatzaileek osatutako ordezkaritza bati. Irailaren 24an izango da ikastolen aldeko jaialdi handia, Oñatiko Txantxiku ikastolak antolatuta. Lekaixoka lemapean egingo den festaren xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diote diputatu nagusiari Aitor Guridi Txantxiku ikastolako presidenteak, Zigor Ibartzabal zuzendariak, eta Igor Elortza eta Nekane Artola antolatzaileek, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Mikel Irizar, euren artean zutela.

Urtero legez, Olanok babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari, eta bat egin du jaialdiak duen helburu sozialarekin. Oñatiko Kilometroak festaren antolatzaileek auzolanaren balioari leku berezia eskaini nahi izan diote; hezkuntza komunitate barruan sortutako elkarlanetik abiatuta, herriko, Debagoiena bailarako eta Gipuzkoa osoko eragileekin lankidetza lortzea baitute xede, denon partaidetzaz euskararen eta Euskal Herriaren alde egiteko asmoz. Aurreko kilometroetarako jarritako helburuek ere izango dute jarraipena: jasangarritasuna, parekidetasuna, aniztasuna eta modernotasuna.

Diputatu Nagusiak Kilometroak-ek azpimarratutako balio horien garrantzia berretsi du eta, bereziki euskara bultzatzeko lanetan, auzolanari ekitea “hil ala bizikoa” dela adierazi du. Horregatik, dei egin die gipuzkoarrei Kilometroak 2017 jaialdian zein jaialdiari lotuta antolatzen ari diren ekimenetan parte hartzeko, eta euskararen eta aniztasunaren alde “egunero” dihardutenen lana goraipatu du. “Egun handia eta polita izango da, eta gipuzkoar eta euskaldun guztiak animatu nahiko nituzke euren ekarpena egitera. Lekaixua hitzak, oinatiarrez, oihua edo deiadarra esan nahi du. Garai batean abisuak pasatzeko erabiltzen zen deia, alegia. Nik lelo horrekin bat eginez dei hauxe zabaldu nahi nuke: euskara erabili eta erabilera horrekin gozatzeko deia. Eta hori horrela izan dadin elkarlanean jarduteko deia, horixe baita ikastolek eta Kilometroak urtetan zehar utzi diguten irakaspena eta balio nagusietako bat”, laburbildu du.