Atzealdea

Ordiziako 2016ko Euskal Jaiak hemen dira, egitarau oparoarekin eta gazta protagonista dela

Foto Ordiziako 2016ko Euskal Jaiak hemen dira, egitarau oparoarekin eta gazta protagonista dela

Ordiziako 2016ko Euskal Jaiak hemen dira, egitarau oparoarekin eta gazta protagonista dela

Ainhoa Aizpuruk azokari babesa emateaz gain, “lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko” lanean jarraituko dutela ziurtatu du

Gaur aurkeztu dira Gipuzkoako Foru Aldundian aurtengo Ordiziako Euskal Jaiak, atzo hasi eta hilaren 11 arte luzatuko direnak. Prentsaurrekoan Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerentea, epaimahaiaren ordezkari bezala Jose Julian Castillo, eta Mikel Mendarte Kutxabank-eko ordezkaria izan dira.  

Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da. Besteak beste, irailaren 7an, asteazkena, aparteko azoka eta latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu dituzte. Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Aldi berean, hainbat erakusketa ere izango dira: Perretxikoak, Euskal Oiloa eta nekazal tresneria eta makinaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, betidanik babestu ditu Euskal Jaiak, eta aurrerantzean ere horrela egingo dutela ziurtatu du Ainhoa Aizpuru diputatuak. Era berean, lehen sektorea “gure izaeraren hezurdura” dela azpimarratu du eta honen etorkizuna bermatzea dela Aldundiaren helburu nagusietako bat. Babesa emateaz gain, lehen sektoreko gipuzkoarrei eta bereziki artzaiei, beraien jardunean, egunerokoan dituzten beharrei erantzuna ematen saiatuko direla zin egin die foru diputatuak. Lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko, gazteek sektorean lanean jarraitu dezaten ezinbestekoa dela aipatu du Aizpuruk, eta horretarako “erraztasunak eman behar dizkiegu, gainontzeko gazteek dituzten eskubide eta aukera berdinak izan ditzaten”.  

Ordiziako alkateak, Jose Migel Santamariak, azoka hau ahalik eta hoberen atera dadin hainbat herritarrek egindako lana gailendu nahi izan du. Azoka beraren garrantzia azpimarratu du ere, izan ere, “batzuentzat jai edo festa egun polita den hau, askoz gehiago da: lehenengo sektorearen lana erakusleihoan jartzeko aukera bat da eta, lanean ari direnak eta horien lanaren emaitza erakusteko modu erakargarria da”.

Bestetik, Peli Manterolak lehen sektoreak gizartearentzat duen balioaz gain, gizarteari, kontsumitzaileari konpromisorako dei bat luzatu dio: “bertako produktuen, kalitatezko produktuen apustu bat egitea erosketa erabakietan”. Eta horren arira, gizarteari asteazkenean Ordizira gerturatzeko deia luzatu dio, “euskal nekazarien, bertoko lehen sektoreko gizon eta emakumeen lanaren ondorioz ekoiztutako produktuak erostera eta kontsumitzera”.