Atzealdea

Aldundiak Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia antolatu du

Foto Aldundiak Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia antolatu du

Aldundiak Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia antolatu du

Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia datozen egunotan egingo da kostaldean.

Aldundiak Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia antolatu du

Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan egon dira Maria José Telleria Kulturako zuzendaria, Santiago Banda eta José Luis Echechipia organistak, eta Lucia Gomez mezzosopranoa.

Jaialdi horrek hiru helburu ditu:

Lehendabizi, Gipuzkoan ditugun kalitate handiko instrumentuak ezagutzera ematea, kasu honetan, Getaria, Zumaia eta Debako kostaldeko herrietan daudenak. Konparazio bat eginez eta biolina erreferentziatzat hartuta, organoaren Stradivariusak direla esan daiteke eta, ez dago zalantzarik, ondarea zaintzeko modurik onena hura erabiltzea da.

Bigarren helburua zonako kultura eskaintza handitzea da; izan ere, gastronomia, ingurune eta gainerako adierazpen artistikoekin batera, oso multzo erakargarria da Gipuzkoako turismoa osatzeko.

Eta hirugarren helburua organoa beste diziplina batzuekin osatzea da. Instrumentu moldakorra denez, ikuspegi berriak emango dizkio musikari.

Ondarea

Organoa, duen izaeragatik, ezin da seriean  egin. Beraz, instrumentu bakoitza, artisau erara egindakoa, toki jakin batean jartzekoa da. Egileak ahalik eta soinu onena lortzea nahi du, gune arkitektoniko bakoitzak dituen baldintza akustikoen arabera, bai eliza batean, bai auditorium batean edo beste edozein tokitan.

Getaria, Zumaia eta Debako organoek bikain betetzen dituzte baldintza horiek.

Getaria

A. Cavaillé-Coll organo egileak 1860. urtean egin zuen instrumentua Getariako San Salvador elizan dago kokatua; organoak 8 erregistro ditu eta estilo erromantiko frantsesean egina dago (garai hartan ohikoa zen bezala). Erregistro horiek eskuzko bi teklatutan eta pedaleko teklatu batean (garatu gabekoa) banatuta daude, eta akoplamenduz sortzen da soinua. Nahiz eta instrumentu txikia izan, erregistro bakoitzak aparteko kalitatea du.

Zumaia

Stoltz anaiek beste bitxi txiki bat utzi zuten Zumaiako San Pedro elizan. Organo hori ere estilo erromantiko frantsesean eraiki zen 1890. urtean, eta 15 erregistro ditu eskuzko bi teklatutan eta pedaleko teklatu batean banatuta. Instrumentu hori XVI. mendeko aurreko organoaren kaxaren barruan dago.  

Deba

Gaur egun ere organoak eraikitzen dira. Gure garaiko ospetsuenetakoa den G. Grenzing enpresa organo-egileak Debako organoa egin zuen 2009. urtean, Santa Maria la Real elizan jartzeko. Instrumentu horrek 37 erregistro ditu eskuzko hiru teklatutan eta pedaleko batean banatuta. Organo hori eraiki zen, batez ere, musika barrokoa egiteko. Hala ere, erregistro bakoitzak duen soinu-kalitatea kontuan hartuta, beste garai eta estilo batzuetako musika entzuteko aukera ere izango da.  

Kontzertuak

Getaria MUSIKA ETA GOI-MAILAKO JANTZIGINTZA C. BALENCIAGAREN JAIOTERRIAN

Uztailak 2an, 20:30ean

Amaia Larrayoz sopranoak eta Lucía Gómez mezo-sopranoak, Santiago Banda organo jotzailearekin batera, programa bat interpretatuko dute eta, ekitaldi horretan, Amaiak eta Luciak Palentziako José Martín diseinatzaile handiaren janzkiak jantziko dituzte.

Programak lau zati izango ditu: XIX. eta XX. mendeetako musika frantsesa: Mozart, Händel eta Monteverdi. Zati bakoitza organoan bakarrik joko den pieza batekin hasiko da, eta, azken zatian, Iván Morenok hari pultsatua jotzeko artea azalduko du.

Jose Martinek bere obra ikusi du hainbat ibiltokitan, Miss Espainia, Nazioarteko Miss Modelo, edo Munduko Miss lehiaketetan, besteak beste, eta kontzertu honetarako bere bildumako 9 janzki utzi ditu, aldez aurretik abeslari bakoitzarentzat aukeratuak eta esleituak izan direnak interpretatu beharreko obraren arabera; izan ere, lagungarriak izango dira pertsonaien karakterizazioari edo musikaren estiloari  begira.

Ongintzazko kontzertua izango da, AFAGI, Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartearen aldekoa.

DEBA

SOINU NAHASKETA

Uztailak 2an, 20:30ean

José Luis Echechipía organo-jotzaile nafarrak hiru zatitan banatutako errezitala eskainiko du. Lehen zatian, XVIII eta XXI. mendeetako pieza espainiarrak entzungo dira, interpretearen beraren pieza bat barne. Bigarren zatian, ekitaldi honetarako prestatutako suite bat joko du, pieza solteak edo beste sinfonia batzuetako beste mugimendu batzuk hartuz eta pieza bakar batean elkartuz. Hirugarren zatian, Bach-en piezak joko ditu, kontzertuari amaiera bikaina emateko.

ZUMAIA

ZINE MUSIKATUA

Uztailak 16an, 22:00etan

Bartzelonako Sagrada Familiako organo-jotzaileak, Juan de la Rubiak, soinu-banda bat  inprobisatuko du zine mutuaren klasiko baterako, hau da, F.W. Murnau-ren Fausto filmerako; Zumaiako San Pedro elizan proiektatuko da.

DEBA

ORKESTRA-TRANSKRIPZIOAK

Uztailak 16an, 20:30ean

Daniel Oyarzábal Espainiako Orkestra Nazionaleko eta Getafeko katedraleko organo-jotzaileak orkestra-transkripzioetan oinarritutako kontzertu bat emango du. Gasteizen jaiotako Oyarzábal musikariak organoaren soinu-aukeren beste ikuspegi bat erakutsiko du. Oso pieza ezagunak entzungo dira, besteak beste, Bach eta Rimski-Korsakov musikarienak.

ZUMAIA

UDAKO MELODIAK

Miriam Cepedak, Bilboko Begoña Basilikako organo-jotzaileak, eta Luis Alberto Requejok, Bilbao Orkestra Sinfonikoko klarinete-jotzaileak, itxiko dute zikloa eta beraien programaren barruan jazz, dantzak, fantasiak, eta bestelakoak eskainiko dituzte.