Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aro Berriko Seroren botereari buruzko hitzaldia

Aro Berriko Seroren botereari buruzko hitzaldia

Asteazken honetan KM-n Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak

2018/05/21

Aro Berriko Seroren botereari buruzko hitzaldia Koldo Mitxelenan

Gure historiari buruz ezagutzen ez ditugun pasarteak gizarteratzeko hitzaldi zikloa antolatu du Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak. Aurtengoa Elkarteak Koldo Mitxelena Kulturunearekin urtero antolatzen duen hitzaldi sortaren zortzigarren edizioa da, Gipuzkoako Historiako pasadizu ezezagun edo gutxi ezagunak edota ezagunak direnak eguneratzeko asmoarekin. Azken batean, egun egiten ari diren ikerketa historikoa eta gizarteratzea uztartu nahi dugu.

Bederatzi hitzaldi izango dira guztira Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak izenburupean jasoko direnak. Urtero bezala hilean behin, astearte batean ospatuko dira, urtarriletik azarora, uztailean eta abuztuan izan ezik. Hitzaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira arratsaldeko 19.30tan.

Maiatzak 23 (euskaraz)
Serorak Aro Berriko Gipuzkoan. Mikel Larrañaga Arregi

Gipuzkoan, Euskal Herriko beste lurraldeetan bezalaxe, seroren instituzioa botere-esparru garrantzitsua izatera heldu zen, seroratzara sartzen ziren emakumeek gehienetan ondasun pertsonalak autonomía osoz baliatu zitzaketelako, gizonezkoen manupetik at. Hala, tenpluetako aktibitate “erlijiosoez” beste, alor pribatuko aktibitate “laiko” anitzek botere ekonomiko eta sozial handia lortzeko bidea ere eman izan zieten: merkataritza-jarduerak, baserrien erreskateak, edo mailegutza aktibitateak ditugu diogunaren zenbait adierazle.

Mikel Larrañaga Filosofian lizentziatua da 2003tik, ordutik lana eta ikerkuntza uztartzen ditu. Humanitateen alorreko bestelako zenbait ikasketaren ondoren, Historian doktore da 2016az geroztik. Gai sorta zabalean interesatua, bere lanek desobedientzia zibila edo euskal historiografiako alor ezberdinak jorratu dituzte. Euskal seroren inguruko bere doktorego-tesia medio, emakumeek erlijio kristauaren baitan bizi izandako bilakaera eta honek Euskal Herrian izandako ibilbide berezia izan ditu ikergai. Iruña-Veleiako aurkikuntzei ere erreparatu izan die.

 

  

1412