Atzealdea

Sasetaren “aberria eta demokraziarekiko konpromisoa" aldarrikatu du diputatu nagusiak

Foto Sasetaren “aberria eta demokraziarekiko konpromisoa" aldarrikatu du diputatu nagusiak

Sasetaren “aberria eta demokraziarekiko konpromisoa" aldarrikatu du diputatu nagusiak

Euzko Gudarosteko gudalburua omendu dute Hondarribian

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Candido Sasetak “aberria eta demokraziarekiko” zuen konpromisoa aldarrikatu du gaur Hondarribian, Euzko Gudarosteko gudalburua hil zutela 80 urte betetzen diren egunean. “Sasetak, zuzentzen zituen gudariak eta bere belaunaldiko beste hainbat pertsona bezala, tinko eutsi zion aberria, demokrazia eta askatasunaren alde eginiko hautuari gure herriaren garairik beltzenean”, azaldu du. “2017an balio berdinen defentsan dihardugu, tradizio politiko honen oinordekotza aldarrikatzen dugu”, aldeztu du Olanok.

            Ekitaldi benetan hunkigarria eskaini diote euskal erakundeek Sasetari Hondarribiko hilerrian. Lehenik eta behin, diputatu nagusiak, Txomin Sagarzazu herriko alkateak, Gerardo Bujanda Saseta batailoiko gudariak eta Antxon Zarraga Saseta familiako ordezkariak lore eskaintza egin diote Sasetari, bere hilobian. Ondoren, protagonista berdinek ekitaldi publikoan hartu dute parte. Beraiez gain, presente egon dira foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Imanol Lasa; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza; Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; edota Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Estefania Beltran de Heredia. Olanok eta Sagarzazuk hartu dute hitza eta, ondoren, mikeleteek ikurrin eskaintza egin diote Gerardo Bujanda Saseta batailoiko gudariari, salba artean. ‘Eusko gudariak’ abestuz itxi dute ekitaldia bertaratuek.

            Olanok, bere hitzaldian, gogoratu du Saseta eta bere belaunaldiko gizon-emakumeek zilegitasun demokratikoaren aurkako altxamendu faxistari egin behar izan ziotela aurre: “Borrokara behartuak izan ziren mehatxupean baitzegoen defendatzen zuten guztia: askatasuna, demokrazia, giza eskubideak… eta Euskal Herria bera”. Diputatu nagusiaren iritziz, 2017tik begiratuta “miresgarria” da pertsona hauek erakutsitako konpromiso eta adorea. “XXI. mendeko gizarte likido honen ikuspegitik, eredugarri dira”, aldeztu du foru arduradunak.

“Gaur hemen Saseta, Agirre, Leizaola… belaunaldi horrek guztiak defendatu zituen balioak gogorarazten egotea da tradizio horrek bizirik dirauenaren adierazlerik argiena. Eta gu, beraien oinordeko garen heinean, balio eta konpromiso horiek guztiak aldarrikatzen ditugu”, adierazi du Olanok. “Egun ere ez gaude arriskuetatik salbu. Han eta hemen faxismo zantzuak dituzten populismoen hedapenaren testigu gara”, abisatu du Olanok. Bere iritziz, hiritar kritikoz osatutako gizartea eraikitzearen aldeko apustuan sakondu behar da, “kontzientzia kritikoa sustatzea baita totalitarismoen aurkako errezetarik eraginkorrena”. “Sasetaren balioetan, bizikidetza eta kultura demokratikoan inbertitzea da iraganeko akatsak ez errepikatu eta etorkizuneko mehatxuetatik salbu mantentzeko biderik onena”, defendatu du. 

Azkenik, ekitaldian parte hartu duen Gerardo Bujandaren ibilbideari ere egin dio gorazarre Olanok. Saseta hil ostean, Euzko Gudarosteko 53. batailoiari hondarribiarraren izena jarri zitzaion, eta bertan borrokatu zuen Bujandak. Kartzela eta erbestea jasan ostean, Euskal Herrira itzuli eta, militantzia politikoa ezkutuan emanez, EAJko kargu garrantzitsuenetakoa izan zen frankismo garaian. Trantsizioaren ostean parlamentari ere izan zen Kongresuan. “Heroiak ez dira bakarrik gudu zelaian hiltzen direnak, baita ere bizitza osoa sinesten duten horren alde borrokan daramatenak. Gerardo dugu honen adibide argia”, esan du Olanok.

 

“Sasetaren ekarpena gizarteratu”

Sagarzazu alkateak, bere aldetik, azpimarratu du gaurko hitzordua “Hondarribia demokrazia, askatasuna, abertzaletasuna, Euskal Herria eta elkartasunarekin bat egiteko aukera paregabea” dela. “Nortasun handia eta agintea modu hurbil eta zintzoan betetzeko eredua ezagutzeko modua ere eskaintzen digu”, gehitu du alkateak, Sasetari erreferentzia eginez. Zentzu honetan, nabarmendu du pertsonaia honen ekarpena eta lekukotasuna aintzat hartu eta gizarteratzea “gure herria eta Euskal Herria eraikitzeko ezinbesteko osagaien artean dagoela”, eta norabide horretan hainbat ekintzetan hartu du parte azken urteetan Hondarribiko herriak.

            Alkateak Sasetaren biografiaren errepaso laburra ere egin du, bere bizitzako mugarri garrantzitsuenak aipatuz. Komandantea 1937ko otsailaren 23an hil zuten Asturiasen, Oviedoren aurkako erasoaldian parte hartzen ari zela II. euskal brigadaren buru. Unitate honek Nalon ibaia gurutzatu zuen otsailaren 21ean eta Areces herrixkaraino iritsi zen. Altxatuen kontraeraso bortitzak jasan ostean, eta 60 ordu atsedenik gabe borrokan egin eta gero, atzera egin eta hasierako lekura itzuli behar izan zuen Sasetaren brigadak. Gudu zelaian gudalburua eta beste hainbat gudari geratu ziren, Amaiur, Euzko Indarra eta Prieto batailoietakoak eta tartean hainbat gipuzkoar. 2008an berreskuratu zen Sasetaren gorpuzkia, eta Hondarribiko hilerrira ekarri.