Atzealdea

Suhiltzaileen lan eskaintza publikoa, 25 plazarekin

Foto Suhiltzaileen lan eskaintza publikoa, 25 plazarekin

Suhiltzaileen lan eskaintza publikoa, 25 plazarekin

Azterketak 2017 urteko maiatzean egingo dira

gipuzkoako foru aldundia suhiltzaileak bomberos diputación foral

Foru Aldundiaren legealdiko lehen Lan Eskaintza Publikoa abian da dagoeneko. Suhiltzaleentzako 25 plaza betetzeko lehiaketa-oposaketaren oinarriak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak, datorren astelehenean –hilak 19-, GAOn argitaratuko direnak. Hautapen probak datorren urteko maiatzetik aurrera egingo dira. Foru Gobernua erakundearen antolaketa eraldatzeko eta modernizatzeko egiten ari den etorkizuneko apustuan kokatzen da deialdian. Honen barruan, enplegu publikoa indartzea izango da lehentasunetako bat, “gipuzkoarron beharrei egokitutako zerbitzu modernoagoa eta eraginkorragoa eskaintze aldera”, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldutakoaren arabera. Funtzio Publikoko zuzendari Maite Barruetabeñarekin batera eskaini du agerraldia.

LEP horri esker, Aldundiak behin betiko bete ahal izango ditu, langile propioekin, suhltzaile taldean zeuden hutsune estrukturalak, eta horrek onurak ekarriko ditu “estrategikoa” den Prebentziorako, Suteak Itzaltzeko, eta Salbamenduko foru zerbitzuaren egonkortasunean, kalitatean eta funtzionamenduan: “Bitartekoekin indartzen ari gara zerbitzua, bai giza baliabideekin, eta baita material eta antolamendu baliabideekin ere”, adierazi du Lasak. Ildo berean, azterketak egin aurretik, sarjentuen 13 plaza eta kaboen 5 plaza beteko dira, kasu honetan barne promozioaren bitartez. 

Lehiaketa-oposaketan parte hartu nahi dutenek, GAOn oinarriak argitaratu eta 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, aurrez aurre, edo internet bidez. Bete beharreko baldintzen artean, euskarazko 1. Perfila, eta C+E gida baimena daude (2017ko maiatzaren 1a baino lehenago egiaztatu beharko dena). Oposizioaldian honako lau ariketa hauek egin beharko dira: ezagutza teorikoen eta kontu teoriko-praktikoen gaineko proba; proba fisikoak; proba psikoteknikoak, eta lanbide probak –azken hau borondatezkoa eta ez baztertzailea da, aurreko hirurak ez bezala-.

Formakuntza osagarria aintzat hartuko da eta, Aldundiak legealdi honetan antolatutako lan poltsetan egindakoari jarraiki, eskarmentua ere baloratuko da suhiltzaile gisa, tokiko, foru edo autonomía administrazioan. Berritasunen artean, proba fisikoen baremazioan sakonduko da sexuka, beste administrazioetan egin dena, eta EHU-UPV bezalako entitateek egindako azterketak kontuan oinarri gisa hartuta. “Historikoki maskulinizatutako sektorea da hau, eta hemen ere berdintasuna bultzatu nahi dugu. Beraz, emakumeak animatu nahi ditugu parte hartzera”, adierazi du Diputatuak. Gaur egun Aldundiak dituen 156 suhiltzaileetatik, 3 baino ez dira emakumezkoak. 

Prozesua gainditzen dutenek, gehienezko 12 hilabeteko formakuntza eta praktika epea edukiko dute. Prozedura honetatik sortzen diren komunikazio eta jakinarazpenak Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, www.gfaegoitza.eus helbide elektronikoan. Edonola ere, modu informatiboan, interesatuen esku jarriko da prozesuaren informazio sistematizatua www.gipuzkoa.eus/enplegu-publikoa helbidean . Oinarriak, onartuen eta baztertuen zerrendak, ariketak egiteko egunak eta lortutako kalifikazioak kontsultatu ahal izango dira, besteak beste.

Lehen LEPa urteetan

2006an egin zuen Aldundiak bere azken LEP handia –7.708 eskaera aurkeztu ziren 193 plazarako-. Suhiltzaileetarako plazen azken eskaintza, berriz, 2008an egin zuen. Aurreko legealdian, enplegu eskaintza anekdotikoa izan zen, lau urteetan bost plaza baino ez baitziren atera. Oraingo honetan, aldiz, suhiltzaileen 25 plazataz gain, hemendik gutxira Ogasuneko teknikarien eskaintza publikoari dagozkion oinarriak onartuko dira, zerga iruzurraren aurkako borroka inspektore plaza berriekin sendotzea ahalbidetuko duena. “Eta honen ondotik ere, AOT edota gizarte politika arloetan ere LEPak egitea da gure asmoa. Aldundiaren etorkizuneko oinarriak jartzen ari gara” nabarmendu du Lasak.

Gaur argitaratutako deialdia, azken bi urteetan estatuko aurrekontuek ezarritako erreposizio tasak aprobetxatuz egin da: 8 plaza 2015ko aurrekontuen barruan, eta 17 2016koetatik. Efikazia, efizientzia eta ekonomiari lotutako arrazoiak kontuan hartuta, Aldundiak komenigarritzat jotzen da aipatutako lanpostuak metatzea, hautapen prozesuak batera garatze aldera. Ildo horretan, Lasak gogorarazi du enplegu publikaren alde egiteko bere aldetik duen guztia jartzea dela foru erakundearen asmoa, estatuak ahaldibetzen dituen “zirrikitu guztiak” aprobetxatuz, eta lan poltsak ere eguneratuz –legealdi honetan bost deialdi egin ditu jada-. 

Edozein kasutan, Madrilgo Gobernuari exijitu dio bere jarrera “malgutzeko”. Izan ere, Aldundiaren plantillaren erdiak, hamar urteko epean hartuko du erretiroa. “Aldundiarentzat, hil ala biziko kontua da LEPak egin ahal izatea, belaunaldi aldaketa gauzatu, eta plantilla eraberritzeko. Eta ezinbestekoa da ere perfil berriak txertatu ahal izateko, gizartearen behar eta eskakizun berrietara egokituz, eta zerbitzu publikoa hobetuz. Testuinguru honetan, ulertezina izango litzateke Madrilgo ordezkariak blokeoa eta betoa mantentzea, gipuzkoar guztion interesaren aurka joatea litzatekeelako”, ondorioztatu du.  

Mendi eremuko nekazariei laguntzak

Bilkura berean, 950.000 euroko inbertsio gehigarria onartu du Kontseiluak, mendialdeetako eta muga natural nabarmenak dituzten beste aldeetako konpentsazioko kalte-ordain laguntzen 2016ko deialdiari aurre egiteko. Hasierako dotazioa 1.850.000 eurokoa bazen ere, baldintzak betetzen ditzten eskaerek kopuru hori gainditu dute, eta horiei erantzutea da helburua. Nekazal ustiapenetako titularrei zuzendutako kalte ordain orekatzaile gisa planteatzen dira laguntza hauek, dauzkaten mugengatik.  Modu honetan, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen laguntzen da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu. Foru bozeramaleak gogorarazi duen moduan, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: “Beraz, berebiziko garrantzia du lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik”.

“Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Lasak. Gogorarazi behar da azken asteetako Kontseiluan, ildo beretik, nekazal ustiapenetan inbertsioak egiteko, eta basogintza sektoreko dirulaguntzen kopuruak handitu zirela, “konpromiso horren erakusle”.