Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Suteen aurrean prebentzioan eta sentsibilizazioan sakontzeko formulak aztertuko dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiek

Suteen aurrean prebentzioan eta sentsibilizazioan sakontzeko formulak aztertuko dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiek

SuEskolak Ordizian dituen instalazioetan batzartu dira Imanol Lasa eta Ibone Bengoetxea diputatuak

2017/07/13

Imanol Lasak eta Ibone Bengoetxeak, Larrialdien alorrean Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako arduradun politiko gorenek, hurrenez hurren, laneko batzarra egin dute gaur goizean SuEskolak Ordizian duen zentroan. Bertan parte hartu du SuEskola Fundazioko zuzendari Iñigo Aldasorok ere. Aldasororen eta Lasaren eskutik –SuEskolak Fundazioaren patronatuko lehendakari gisa-, Ordiziako instalazioak ezagutu ditu Bengoetxeak bertatik bertara. Estatu osoan aitzindaritzat jo daitezke instalazio horiek, segurtasun maila gorena mantenduz oso praktikoak diren ikastaroak egitea ahalbidetzen duen teknologiarekin hornituak baitaude, ingurugiro eta jasangarritasun estandar guztiak beteaz.

Bi Aldundiek ontzat jo dute SuEskolaren eskutik azken urteetan prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta formakuntzaren alorrean egindako etengabeko lana. Gipuzkoan ez ezik, Ordiziako zentroarekin, Bizkaian ere present dago Fundazioa, Ispasterren dauden instalazioak kudeatzen batitu. Denera, 2009an sortu zenetik, 27.613 lagun trebatu ditu SuEskolak. Ordiziako zentrotik 6.409 ikasle igaro dira orotara: 12.297 enpresako langile, 3.335 suhiltzaile, eta 777 ikasle itsas-arrantza eskoletatik etorriak. Ispasterren, berriz, 11.204 pertsonek jaso dute formakuntza orotara: 3.058 enpresako langile, 5.653 suhiltzaile eta 2.493 itsas-arrantza eskoletakoak.

Guztira, 200 enpresek jaso dute trebakuntza SuEskolaren eskutik, eta baita Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundietako, Nafarroako Gobernuko, hiru hiriburuetako eta Andorrako zerbitzuetako suhiltzaileek ere. Kopuru horiek Fundazioa egiten duen lanaren neurria ematen dute. Zerbitzua eta formakuntza eskaintzen dizkie norbanakoei, prebentzio legeen arabera langileak trebatzen dituzten enpresei, eta larrialdietako zerbitzuei –suhiltzaileak, polizia, babes zibileko entitateak…-. Gizartea sentsibilizatzeko kanpainak antolatzen ditu suteak eta ezbeharrak saiheste aldera, batez ere haur eta gaztetxoei zuzendutakoak. Gainera, ikerketa eta garapen lan garrantzitsua egiten du bere inguruko enpresa eta zentro teknologikoekin elkarlanean, suteen prebentzio, detekzio eta itzalketarako gailu berriak diseinatu eta frogatu ahal izateko.

Lasak eta Bengoetxeak nabarmendu dutenez, prebentzioa, sentsibilizazioa eta formakuntza ezinbesteko elementuak dira suteen eta suari lotutako ezbeharren arriskua murrizteko. Lan hori “gizarte osoarekin eta belaunaldi berriekin” egin behar dela, eta ezin dela larrialdi zerbitzuetara mugatu azpimarratu dute. Hori dela eta, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren alde egiten jarraituko dutela, eta esparru horietan ere bi erakundeen arteko elkarlana sakontzeko formulak aztertuko dituztela iragarri dute, zerbitzu hobea eskainiz, eta osagarritasuna bilatuz funtzionamenduan. 

  

1356