Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bukatu da Turislan azoka: 120 kontratu eta 3.900 curriculum

Bukatu da Turislan azoka: 120 kontratu eta 3.900 curriculum

2236 bisitari izan ditu eta 215 lanpostu eskaini ditu

Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak sustatuta, Ficoba eta eskualdeetako garapen agentzien elkartearekin lankidetzan, joan den astean Irunen egin den Turislan turismoko enpleguaren lehenengo azokan 2.236 bisitari izan dira, 120 kontratu itxi, eta 3.900 curriculum inguru entregatu dira.

Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxaso pozik agertu da lehenengo azoka honetan lortutako emaitzengatik eta sektoreak zein lan bila dabilen jendeak emandako erantzunagatik. “Datu hauek oso onak dira eta frogatzen dute beharra zegoela sektore honetan horrelako azoka bat izateko, enplegu profesionala sortzea eta sektorea profesionalizatzea helburu duena, horrela helmugaren kalitatea hobetzeko" adierazi du.

Erakusketarien % 83,33k ondo edo oso ondo balioetsi dute azoka oro har (kokapena, data, iraupena, programa…), eta % 80k adierazi dute hurrengo edizioetan parte hartzeko prest daudela.

Erakusketarien % 70ek baino gehiagok berrogeita hamar curriculum baino gehiago jaso dituzte, eta erdiek hamar elkarrizketa baino gehiago izan dituzte.

Inkestak egin dituzten pertsonen erdiak hamar elkarrizketa baino gehiago egin ditu, eta erdiek baino gehiagok kontratu bat lortu dute.

Azokan 48 erakusketarik parte hartu dute eta 425 hitzordu egin dira. Azoka egin baino lehen, 1.709 curriculum jaso ziren eta azokan bertan, beste 2.200 entregatu ziren; guztira, 3.900 curriculum inguru. Lanpostuei dagokienez, 73 enplegu eskaini dira, hau da, 215 lanpostu.

“Zifra horiek hazkunde eta etorkizun handiko helmuga bihurtzen dute Gipuzkoa turismo arloan, eta horri esker, lan bila ari diren pertsonentzako aukera handi bat ere bada. Sektore hori lurraldearen garapen ekonomikorako motore garrantzitsuenetakoa da, aberastasuna sortzen ari da, eta ikusi dugunez, enplegua ere bai. Guztiok, administrazioak, eskualdeek zein enpresek ahalegin handia egin behar dugu sektore turistikoen kalitate adierazleak hobetzeko, eta horretarako enpleguaren kalitatearen eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustua egin behar dugu. Espero dut azoka hau bietarako baliagarri izatea” adierazi du Itxasok.

Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izan da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izan da.

Turislanen parte hartu duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izan dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai izan zitezkeenak ezagutu nahi zituzten.  Azokan parte hartu dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.

Guztira 48 erakusketarik hartu du parte; sektoreen arabera, gehienak, 34, turismo sektorekoak izan dira; 11, enplegu eta prestakuntza sektorekoak; eta 2, merkataritzakoak.

Sektoreei begiratuta, enplegu gehienak ostatuen (% 56) eta ostalaritzaren (% 22) arlokoak izan dira.  

  

1392