Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Turismoaren etorkizuna hizpide

Turismoaren etorkizuna hizpide

Zurab Pololikashvilirekin batzartu da Diputatu Nagusia, ostirala bitarte izango den Turismoaren mundo mailako gailurraren atarian

Markel Olano diputatu nagusiak harrera egin dio gaur foru jauregian World Tourism Organization-eko (UNWTO) idazkari nagusi Zurab Pololikashviliri, Nazio Batuen Erakunde honek egingo duen Batzorde Ejekutiboaren atarian ongietorri instituzionala eskainiz. “Mugarritzat” jo du Olanok mundu mailako gailur hori Gipuzkoan izatea; gaurtik hasita eta ostiralera bitarte, Donostian, 52 herrialdetako 240 turismo arduradun eta ordezkari baino gehiago elkartuko ditu, horien artean ministroak, enbaxadorea eta estatu idazkariak, sektorearen etorkizuneko erronken inguruan eztabaidatzeko. Kursaal, Miramar eta Tabakalera izango dira aurreikusitako ekitaldien eszenatokiak.

Turismo eredu “jasangarria” eta “orekatua” finkatzeko, Gipuzkoa egiten ari den apustuaren berri eman dio diputatu nagusiak Pololikashviliri gaurko bileran. BPGaren % 7,4 ekoizten du sektoreak gurean. Ziurtatu duenez, lurraldeak “ondo definitua” dauka bai bere turismo politika eta baita bere eskaintza ere, “kalitatezkoa, eta bere-berezko ezaugarriak” dituena, kulturan, paisaian, museoetan, natur baliabideetan, historian edota gastronomian oinarrituta. Erronkei dagokienez, gaineratu du Aldundia elkarlanean ari dela etengabe sektorearekin, Gipuzkoako udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste hainbat eragilerekin, ezarritako xedeak betetzeko: eskualdeetan eta barrualdean bisitak handitzeko, udatik harago turismoa bultzatzeko, digitalizazioaren, turismo adimentsuaren eta turismo irisgarriaren potentzial ekonomikoari etekina ateratzeko, eta profesionalizazioa sustatzeko, “enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren alde eginez”. 

Helburu horiek gauzatzeko hartutako neurriei dagokienez, hauek goraipatu ditu, besteak beste: Explore San Sebastian Region markaren eta espazio digitalaren sorrera; Donostian Gipuzkoako Turismo Bulegoaren irekiera, eskualdeen erakusleihoa izan dadin, hiriburuaz kanpoko bisitak bultzatzeko; Turismoaren Mahaiaren sorrera, sektoreko ordezkariak inplikatzeko hartzen diren erabakietan, gobernantza kolaboratiboari jarraiki; kalitatezko enpleguaren sustapena, Turislan azokaren eskutik; Gipuzkoako Turismoaren Behatokia martxan jarri izana unibertsitateekin batera, sektorea indartuko duen ezagutza aurreratua eskuratze aldera; lurraldearen ikur diren kultur, kirol eta musika ekitaldiak babestea, eta berriak sortzea, hala nola azken egunotan Pasaian ospatu den Itsas Festibala. 

Olanok eskerrak eman dizkio UNWTO-eko arduradunari erakunde honek bere batzorde ejekutiboa egiterakoan Donostia aukeratzeagatik, hautu horrek lurraldea eta Donostia indartzen dituelako “pisu handi nazioarteko ekitaldi edo kongresuak ospatzeko erreferente gisa”, eta aukera ematen duelako baita “gure eskaintza aurkezteko eta herrialde askotara iristeko, sekulako oihartzuna duen erakusleiho batean”. Azkenik, ezinbestekotzat jo du Gipuzkoak turismo ereduaren inguruko hausnarketa espazioetan parte hartzea, “munduan zehar turismoaren eraldaketari buruzko eztabaidari aurre nola egiten dioten ezagutu ahal izateko, indarguneak bultzatzeko, eta balizko inpaktuak murrizteko. Oso positiboa da elkarrengandik ikastea eta praktika egokiak trukatzea, are gehiago hainbeste aldatzen ari den alorrean”, bukatu du.

  

1238