Atzealdea

Txosten berriak erakusten du Bilduk datuak manipulatu zituela helburu politikoekin

Foto Txosten berriak erakusten du Bilduk datuak manipulatu zituela helburu politikoekin

Txosten berriak erakusten du Bilduk datuak manipulatu zituela helburu politikoekin

Basagoitiko kereilaren berrikuspen txostenak berresten du akusazioak ez duela inolako oinarri teknikorik

Txosten berriak erakusten du Bilduk datuak manipulatu zituela helburu politikoekin

Aurreko foru gobernuak AP-1en eraikuntzaz arduratu ziren teknikarien eta kargu ohi baten kontra jarri zuen kereila berrikusteko txostenaren ondorioak aurkeztu ditu Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriarekin batera egin duen agerraldian. Berrikuspen txosten berri horretatik ondorioztatzen da Bilduk manipulatu egin zituela datuak, helburu politikoekin.

Aldundiko eta Bidegiko teknikariek egin duten berrikuspen txosten honek agerian uzten du Bilduren foru gobernuak, aurreko gobernuak desprestigiatzeko asmoz, zenbait datu isilean gorde zituela, eta neurrira ehundutako txostena aurkeztu zuela, helburu politikoekin erabili ahal izateko. Basagoitiko kereilaren berrikuspen txostenetik ondorioztatzen da akusazioak ez duela inolako oinarri teknikorik.

“Diputatuen Kontseiluak agindutako mandatua bete dugu, eta Basagoitiko eta Arlabango kereilen oinarrian zeuden txostenak berrikusi ditugu. Txosten horietan gezurrak, omisioak eta manipulazioak daude, eta aurreko gobernuak kontakizun faltsu bat eratu nahi izan zuen, aurreko kudeatzaile politikoak, profesionalak eta enpresak desprestigiatzeko” azpimarratu du diputatuak.

Arlabango kereilarekin egin zen bezala, Foru Aldundiko eta Bidegiko teknikariez osatutako talde batek berrikuspen txostena egin du, kasu honetan Basagoitiko kereilaren oinarri izan zen txosten teknikoaren ingurukoa. Kereila horretan, Bilduren foru gobernuak ustezko ordainketa irregularrak egiteaz akusatu zuen Bidegi, Basagoitiko zabortegian egon ez zeuden lurrengatik. 

“Kereila horren oinarria txosten bat da, eta txosten hori ez da datu teknikoetan oinarritzen; neurrira egin den txostena da, ondoren argudio politiko gisa erabiltzeko.  Berrikuspen txostenak erakusten du dokumentazioa ezkutatu egin dela, nahita, egin ez diren obrengatik ordaindu izanaren akusazio faltsua mantentzeko” esan du Oiarbidek. Erantsi du onartezina dela erakunde bat erabiltzea horrelako zerbait egiteko.

Basagoitiko kereila berrikusteko txostenetik ateratzen diren ondorioak “suntsitzaileak” dira. Izan ere, ez du baliozkotzat jotzen INGEOTYC enpresak egindako txostenaren atal desberdinetan ezarritako argudioetako bat bera ere. INGEOTYC da aurreko gobernuak Arlabani buruzko kereila eraikitzeko kontratatu zuen enpresa. Kereila hori ere desegin egin dute Aldundiko teknikariek.

"Analisi gabezia sistematikoa erakusten dute, dagoen dokumentazioaren zati bat besterik ez baitute kontuan hartzen"

Berrikuspen txostenaren arabera, egiaztatuta dago kereila jartzeko eta zabaltzeko erabili ziren txostenek ez dituztela islatzen obrako neurketa errealak. Gainera, Oiarbidek adierazi duen bezala, “analisi gabezia sistematikoa erakusten dute, dagoen dokumentazioaren zati bat besterik ez baitute kontuan hartzen”. Oiarbidek jarraitu du esanez: “askotan balio okerrak hartzen dira abiapuntutzat, eta, noski, hortik ondorio okerrak ateratzen dira. Irizpen okerrak ere sartu dira, hirugarrenek egindakoak, berrikusi gabe. Beste kasu batzuetan kalkulu okerrak egin dira, eta hortik balio okerrak atera dira. Horregatik guztiagatik, berrikusi diren txostenetatik bat bera ere ezin da hartu baliozkotzat."

Beraz, Aldundiak eta Bidegik egin duten berrikuspen txostenetik ondorioztatu daiteke, batetik, kontzeptu horiengatik egindako likidazioa zuzena dela eta, bestetik, kereila jartzeko froga gisa aurkeztutako agiriak ez duela oinarririk, eta badirudiela bertan sartutako informazioa osatugabea eta inpartziala dela jakinik idatzitakoa dela, peritu txosten bati exijitu behar zaion inpartzialtasuna alde batera utziz.

GFAko Araubide Juridikoko zerbitzuek Azpeitiko epaitegian aurkeztu dute txosten hau, bertan izapidetzen ari baita kausa hau. Aintzane Oiarbidek deklaratu du konfiantza osoa duela Aldundiko teknikariengan, nahiz eta epailea izango den honen inguruko erabakia hartuko duena.

Agerraldiaren amaieran, Oiarbide diputatuak eta berrikuspen txostenaren egileek Batzar Nagusien aurrean aurkeztuko dituzte txostenaren xehetasunak eta ondorioak.