Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalek 350.000 euro jasoko dituzte herritarren partaidetza proiektuetarako

Udalek 350.000 euro jasoko dituzte herritarren partaidetza proiektuetarako

Aldundiak hirukoiztu egin du laguntza horien zenbatekoa

Udalek 350.000 euro jasoko dituzte herritarren partaidetza proiektuetarako

Foru Aldundiak 350.000 euro bideratuko ditu aurten Gipuzkoako udaletara, herritarren partaidetzako proiektuak sustatzeko. Inbertsio hori 2017koa baino nabarmen handiagoa da, iaz 120.000 eurokoa izan baitzen, eta alor horretan udalekin lankidetza bultzatzearen aldeko "apustu garbia" egin da, "herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik. Beraz, oso garrantzitsua da beraieln lana harreman irekia izateko herritarrekin eta, halaber, partaidetza eta komunikazioko bide berriak irekitzeko", adierazi du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak.

Laster GAOn argitaratuko den deialdi honen helburua da udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari, eta, aldi berean, udalek partaidetza hori sustatzeko duten gaitasuna indartzea. Premisetako bat da laguntza ematea udalerri txiki eta ertainei, prozesu mota horiek garatzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxi dutelako. Horrela, 100.000 euro bideratuko dira 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietara, eta 115.000 euro, berriz, 2.000 eta 10.000 arteko biztanle kopurua duten udalerrietara. Horrez gain, udalerri txikiei lehentasuna ematen zaie, haientzat finantzaketaren gehieneko ehunekoa % 80koa izango baita; ertainentzat % 70ekoa, eta handientzat % 60koa. Bestalde, udalerri bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta ez bakarra, orain arte bezala.

Lasak azpimarratu duenez,  Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakundearteko Guneak onartu ditu laguntza horiek; izan ere, 2017an sortutako erakunde horrek lurraldeko udalak, tokiko erakundeak, eta Aldundia elkartzen ditu.  Helburua da herritarren partaidetzako politikak toki mailan indartzea, baliabideak partekatzeko, jardunbide onak identifikatu eta partekatzeko, eta horien aplikazioa sustatzeko sarea osatzen duten erakundeen artean.

Pertsona hauek osatzen dute espazio horren zuzendaritza-batzordea: Herritaren Partaidetzarako zuzendari Joseba Muxika, eta Iñaki Elizegi, Aldundiaren ordezkaritzan; Eñaut Gracia (Errenteria) eta Miguel de los Toyos (Eibar), 10.000 biztanletik gorako udalerrien ordezkaritzan; Mikel Pagola (Urnieta) eta Mikel Serrano (Zumarraga), 2.000 eta 10.000 arteko biztanle kopuruko udalerrien izenean; eta Ana Jesus Leunda (Irura) eta Arantxa Ruiz de Larrinaga (Zerain), 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien ordezkaritzan.  "Oinarriak kontrastatuak izan dira alderdi politiko desberdinetako udalen proposamenak aintzat hartuta, eta aho batez onartu dira. Inoiz ez da horrelako adostasunik izan, eta hori da jarraitu beharreko bidea", esan du.

Diru laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzen artean, lehentasuna izan dute parte hartzeko aurrez aurreko espazioek eta teknologia berriek; desburokratizazioaren, eraginkortasunaren, irisgarritasunaren, gardentasunaren eta erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioaren printzipioak sustatzen dituzten alderdiek;  prestakuntza, ekintzailetasuna eta udalaren ahalmena indartzen dutenek herritarren partaidetzari dagokionez; eta prozesuen kalitate demokratikoa ebaluatzeko irizpideak. Berrikuntza gisa, oinarrietan kontuan hartu dira ezberdintasuna errespetatzeko eta inor ez diskriminatzeko printzipioak.

Joan den urtean, 36 udalek jarri zuten abian partaidetza proiektuak, laguntza deialdi honen eskutik. Horietako askok xede dute partaidetza modu integralean sustatzea, eta herritarrak barne hartzea herritarren parte hartzerako edo gobernu irekirako planak eta ordenantzak diseinatzean, edo udal aurrekontuak eratzean – esaterako Irunen, Urnietan, Hernanin, Pasaian, Abaltzisketan eta Orendainen-. Gainerakoak herritarren partaidetzaren bidez osatu nahi diren proiektuak dira, hainbat esparrutakoak: Agenda 21, hirigintza proiektuak, hausnarketa estrategikoa, kultura eta gazteria, hondakinen kudeaketa, genero berdintasuna, mugikortasuna edo eredu turistikoa, esate baterako.

Adibidez, Bergaran, prozesuak kultura batzordea indartzeko balio izango du; Orion, berriz, herritarrek eta eragileek parte hartuko dute estalitako parke bat diseinatzean; Errenterian, Arramendi parkearen erabilerari buruzko erabakia hartuko dute; Azpeitian, Betharram eraikinaren fatxada aukeratuko da; Anoetan jaietan berdintasunez bizitzeari buruz sentsibilizatuko dituzte herritarrak; Altzon, parte hartzearen ardatz izango dira turismo bulegoa eta bertako produktuen denda abiaraztea; Itsasondon, landa bideen inbentarioa egingo da; Amezketan, eskolako eta liburutegiko sarrerak berrituko dira; eta, Antzuolan, Antzuola 2030 hausnarketa estrategikoa egingo da.

Lasak azpimarratu du prozesu horiek guztiek eragin positiboa dutela “herritarren bizitza kalitatean, eta interes publikoko ekimen zehatzak” hartzen direla ardatz gisa. “Halaber, baliagarriak dira partaidetza normalizatu eta zabaltzeko, eta herri politikak indartu eta legitimatzeko, eraginkorragoak izan daitezen”. Eta harreman eta lotura kolektiboak sendotzen dituzte, indibidualismoaren mehatxuari aurre eginez.  Diputatuak garrantzitsutzat jo du euskal erakundeak gobernantza eredu berri baten alde egiten ari diren apustua, eta azpimarratu egin du eredu horren barruan udalek duten garrantzia. 

  

1241