Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kaskelot ontzia izango da buru bihar hastekoa den Pasaiako Itsas Jaialdian

Kaskelot ontzia izango da buru bihar hastekoa den Pasaiako Itsas Jaialdian

Pasaiako badiatik aterako da jaialdian parte hartuko duten ontzien bila eta guztiak batera sartuko dira badian

Hiru mastadun belaontzi hau Pasaiako badiatik aterako da jaialdian parte hartuko duten ontzien bila -hirurogei baino gehiago-, eta guztiak batera sartuko dira badian 19:00etan.

Gauean, Kiko Veneno kantariak hartuko du lekukoa San Pedron, egun hauetako musika saioen txanda irekiz.

Denis Itxaso Kultura diputatuak, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Erme Pedroso Albalolako ordezkariak jakinarazi dute Kaskelot ontzia gaur arratsaldeko 19:00etan sartuko dela Pasaiako badian. Azaldu dutenez, San Pedroko kaian igaroko du gaua, eta bihar, 19:00etan, berriz aterako da badiatik, jaialdian parte hartuko duten ontzi tradizionalen bila, eta denak batera sartuko dira badian, Pasaiako Lehenengo Itsas Jaialdiko ontzi tradizionalen aurreneko topaketa handia izango den ekitaldi honetan.

Kaskelot ontziak 70 urte ditu, 46,6 metro luze da, eta hiru masta ditu; bere itxura eta dotoretasuna dela eta dozena bat filmetan baino gehiagotan agertu da. Konpainia britainiar bat da jabea, eta alokatu egiten du zinema ekoizpenetarako eta itsas bidaia pribatuetarako. Filme hauetan ikusi ahal izan dugu: The Last Place on Earth (1985); Revolucion (1985); Retorno a la Isla del Tesoro (1986); Senza indizio (1988); Shipwrecked (1990); Los tres mosqueteros (1993); Cutthroat Island (1995); Swept from the Sea (1997); A Respectable Trade (1998); David Copperfield (1999); Longitud (2000); Shackleton (2002) eta Amazing Grace (2006). Ontzia barrutik ikusi nahi dutenek horretarako aukera izango dute, sarrerak ontzian bertan erosita.

Jaialdian hartuko duten gainerako ontziak, ehun baino gehiago, gaur eta bihar dira iristekoak; horietako asko Frantziako itsas ondare dira.

Gaueko 21:00etan, programatutako lehenengo kontzertua eskainiko du Kiko Venekok San Pedroko kaian.    Ostiralean, ANNE ETCHEGOYEN eta MAIKA MAKOWSKI arituko dira Donibaneko Bizkaia pasealekuan; eta larunbatean, MORCHEEBA - RURAL ZOMBIES – THE ZOMBIE KIDS eta SERRULLA, Trintxepeko moilan. Horrez gain, Katapulta programaren barruan Juan Vals arituko da Trintxerpeko Gudari Plazan, larunbatean, 12:30ean; Iñigo Serrulla, Trintxerpeko Hospitalillon, larunbatean, 21:00etan; Sara Mansilla, Trintxerpeko Gudari Plazan, igandean 13:30ean, eta Oso Fan, Donibaneko Santiago Plazan, igandean. 

Euskadin eta Espainian egiten den ontzi tradizionalen lehenengo topaketa honetan Europako hainbat tokitako ontzi historikoak eta tradizionalak elkartuko dira, eta kultur eskaintza zabala egongo da, gure tradizioan oinarrituta eta ekitaldi honetan parte hartuko duten Europako kulturekiko elkarrekintzara bideratuta. Kultura, gastronomia eta musika jarduerez betetako eskaintza zabala, inolako zalantzarik gabe.

Denis Itxasok zein Izaskun Gomezek nabarmendu dute jaialdiak sortu duen ilusioa eta itxaropena, eta ekitaldi honek Pasaiarentzat zein Gipuzkoarentzat izango duen garrantzia.  

Eguraldi txarra dela eta, L´Hermione ontzia ezingo da jaialdiaren hasiera ekitaldian egon, baina antolatzaileek espero dute jaialdian zehar iristea. Eskatzen dutenei sarreraren zenbatekoa itzuliko zaie, eta antolatzaileak lanean ari dira itsasontzia ikusi nahi dutenei beste egun eta ordu batzuk emateko.  Alderdi horiek guztiak L´Hermione Pasaiara noiz iritsiko den ziur jakiten denean zehaztuko dira.

  
  

1337