Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zestoako kiroldegia birgaitu eta handitzeko Hitzarmena

Zestoako kiroldegia birgaitu eta handitzeko Hitzarmena

Foru Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu

Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Josetxo Mendizabal Zestoako  alkateak hitzarmena sinatu dute Zestoako udal kiroldegia birgaitze eta handitzeko.  Foru Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu lan horietarako. Esku-hartze horren bitartez, area horiek herritar guztiek erabiltzeko baldintzak hobetu nahi dira. 

Alkateak eta diputatuak kiroldegia ikusten izan dira, gaur egun duen egoera ezagutzeko eta lekuan bertan hobekuntza lanen proiektua aztertzeko.
Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. 
Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.
Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.
Egungo eraikinaren instalazioak zaharkituta gelditu dira, 1976koak baitira, eta, beraz, ez dute behar bezala betetzen kolektibo guztien eskaerak: herriko eskola publikoaren gorputz hezkuntzako klaseak; eskualdeko eskola kiroleko jarduerak; hirugarren adineko pertsonentzako gimnasia klaseak; eta herriko kluben entrenamendu fisikoak (pilota, futbola, eskalada, etab.). Halaber, ezinezkoa da  mota horretako instalazioetan egiten diren ohiko diziplinak behar bezala egitea: aerobic, zoomba, pilates, espining, eta fitnes besteak beste; eta arazoak daude  planifikatutako erabilera berriak hartzeko. Gainera, egungo instalazioek irisgarritasun arazoak dituzte. Berritze lanak egin ondoren hainbat ekipamendu berri jarri ahal izango dira: frontoi osagarri txiki bat edo "trinket" bat; gimnasioa, muskulazio aretoa; bi areto balioaniztun kirol jarduera ezberdinak egiteko: aerobic, yoga, spinning; masaje aretoa; harreralekua, kontrola eta leihatilak; bilera gela; aldagelak; komunikazio gune irisgarria, eraikina frontoiarekin eta kantxarekin lotuko duena; eta beste erabilera osagarri batzuk: biltegiak, galdara gela, instalazio gela eta garbiketa gela, besteak beste. Halaber, konpondu egin behar da kanpotik sartzeko eta eraikinaren barruan ibiltzeko dagoen arazoa.  
Aldundiak lurraldeko baliabide energetikoak  optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 
Bai Zestoako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta. 

  

1415