Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak lehen aldiz arautu ditu ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko eta jakitera emateko Lanabesa laguntzak

Aldundiak lehen aldiz arautu ditu ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko eta jakitera emateko Lanabesa laguntzak

Zinemaren munduko adituek osatutako epaimahai batek balioetsiko ditu proiektuak

2017/08/31

Diputatuen Kontseiluak, astearte honetan, Gipuzkoan egindako ikus-entzunezkoen proiektuak, edozein fasetan daudela ere, ekoizteko eta jakitera emateko laguntza ildoak onartu ditu lehen aldiz. Lanabesa laguntzak dira, eta guztira 175.000 euro izango dira.     

Laguntza hauekin, Kultura Departamentuak Gipuzkoako ikus-entzunezko ekoizpenari lagundu nahi dio, formatu luzeko ikus-entzunezko sorkuntza erraztuz eta lan horien sustapenari lagunduz. Gure lurraldeko ikus-entzunezko sorkuntzak une interesgarri eta oparoak bizi ditu, eta Aldundiak nahi du, kasu honetan ere, Gipuzkoako sorkuntza sustatu Lanabesa izeneko deialdi honekin.

Oinarri hauen ondorioetarako ikus-entzunezko lantzat hartuko da hirurogei minutu baino gehiagoko iraupena duena eta lokal publiko batean proiektatuko dena. Laguntzak emateko orduan, proposamenaren kalitatea eta interesa hartuko da aintzat, ikuspegi artistikotik, eta bere garrantzia ere bai urteko Gipuzkoako ikus-entzunezko ekoizpenean. Balioetsiko da, beraz, hizkuntza berritzaileen erabilera eta ikus-entzunezko ekoizpeneko ikuspegi berriak. Orobat balioetsiko da lokalizazioak Gipuzkoan izatea, Gipuzkoako talde tekniko eta artistikoek parte hartzea eta haien ibilbide profesionalak, filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz izatea eta emakumeen partaidetza ekoizpenean eta talde tekniko eta artistikoan.

Zinemaren munduko adituek osatutako epaimahai batek balioetsiko ditu proiektuak

Diru laguntza gehienez gastuaren % 70 izango da, gehienez ere 40.000 euro, eta proiektu guztiek beste finantzaketa iturri batzuetatik, publiko nahiz pribatuetatik, aurrekontuaren % 30eko finantzaketa lortu beharko dute, gutxienez.

"Urteak dira film bikainak ekoizten, Lurraldeko sorkuntza zinematografikoaren osasunaren seinale. Gipuzkoako ekoizpenek gero eta pisu handiagoa dute euskal zineman, eta erakutsi dute beren lekua dutela ikus-entzunezkoen panorama nazionalean eta internazionalean, bertakoa indartuz, baina talentuaren ikuspuntutik eta ekoizpen egituratik", esan du Denis Itxasok.

Kultur diputatuaren iritziz “ikus-entzunezkoen sektoreak, eta, bereziki, zinema eta dokumentalen ekoizpenak lehen mailako kultura garrantzia du. Zinemak eta ikus-entzunezko edukiek gure munduaren ikuspegia, gure errealitatea, idiosinkrasia eta baloreak adierazteko plataforma dira, eta horiek hizkuntza unibertsal baten bidez adierazteko: irudiaren bidez, hain zuzen ere. Baita ere da euskarri garrantzitsu bat gure kultur ondare bereziaren –euskararen– hedapenerako eta erabilerarako, baita balio handiko euskarri bat ere euskaren sozializaziorako”. Kultura hedadura horrek garrantzi ekonomiko handia izan dezake Gipuzkoarentzat; izan ere, Itxasoren hitzetan, "oinarria izan daitezke aberastasuna eta lana ekartzen dituen bertako industria batentzat. 

Itxasok, orobat, Elías Querejeta Zine Eskola abiaraztearen garrantzia nabarmendu du sortzaile berriak sortzeko, materia tekniko eta artistikoetan ez ezik, ICAAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen, telebista babesen eta banaketa bide berrien prozedura konplexuetan.

2016an, Kultura Departamentuak 149.000 euro banatu zituen guztira ikus-entzunezko ekoizpenen artean. Handia, Dantza,  Chillida: Esku huts, Aquí es posible, comunicación s.l. eta Baskavigin, guztiek ezaugarri dutela anbizioa eta izaera berritzailea.

Arte eszenikoentzat laguntzak

Lanabesa laguntzen baitan Eszena ikuskizunak sustatu eta saltzeko eta arte eszenikoen alorrean sentsibilizazio, prestakuntza eta bitartekotza programak dituzten Gipuzkoako konpainia eszenikoei  (antzerkia eta dantza) dirulaguntzak emateko oinarriak onartu dira. Horrez gain, udalerreitan arte eszenikoen eta musikaren alorretako emanaldien urteko programazioa eta arte eszenikoen sustapen egitasmoak garatzeko Gipuzkoako udalei eta irabazi asmorik gabeko kultur entitateei zuzendutako diru laguntzen oinarriak onartu dira.

Lehenengo kasuan laguntzak 180.000 euro emango dira eta bigarrenean, 255.000.

 

  

1429