Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bere ateak irekitzen ditu KBulegoak, kultura-sektore osoari laguntzeko eta aholku emateko bulegoak

Bere ateak irekitzen ditu KBulegoak, kultura-sektore osoari laguntzeko eta aholku emateko bulegoak

Aldundiak gertuago egon nahi du kultura eta sorkuntza sektoreetatik

2017/11/27

Denis Itxaso: “Foru Aldundiak gertuago egon behar du kultura eta sorkuntza sektoreetatik. Bada, haien bidera irteten gara, lagundu nahi baitiegu esperientzia txikiagoa izanik laguntza publikoetara iristeko zailtasun handiagoak dituztenei, batez ere”.

Kulturako diputatu Denis Itxasok gaur aurkeztu du KBulegoa, Gipuzkoako kultura-agenteei laguntzeko bulegoa, alegia; laguntza ekonomiko hutsetik harago doazen laguntza eta aholkularitza politikekin lagundu ere. Izan ere, kultura-sektoreek zailtasun handiei aurre egin behar diete, eta bitartekaritza-tresna berriak eta eraginkorragoak behar dituzte, erantzungo dietenak testuinguru gero eta konplexuago eta globalago baten beharrei. Laguntza horrek berekin ekarriko du Foru Aldundiak inplikazio jarraitu bat izatea laguntza eskaintzen dien kultura- eta sorkuntza-enpresak garatzeko prozesuan. Barne hartuko du aholku ematea kulturaren alde lan egiten duten sortzaile, elkarte, erakunde eta enpresei, baldintzarik onenak sor daitezen sektore hori garatzeko, bi arrazoirengatik: bata, gizartearen garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean duten garrantzia, eta bestea, enplegua eta aberastasuna sortzen dituzten sektore gisa duten ahalmena.

KBulegoaren kudeaketaz arduratuko diren langileek lankidetza-ibilbide luzea dute Gipuzkoako kultura-eragileekin. Donostiako erdialdean eskainiko ditu bere zerbitzuak, kale ondoan bertan, Errege Katolikoen kaleko 16an, hain zuzen (Komikigunearen eraikin berean), eta ordutegiak berrikuntza bezala izango du arratsaldez ere zabalik egongo dela. Gipuzkoako lurralde osora fisikoki nahiz birtualki iristeko borondatearekin lan egingo du. Ordutegia izango da 11.00-13.00 eta 16.00-20.00. Telefonoa 943 113343 eta posta elektronikoa: KBulegoa@gipuzkoa.eus

KBulegoa da, beraz, egitura bat, Kultura Departamentuaren laguntza-programei buruzko informazioa emango duena, eta aipatutako eragileei lagun egiteko lanak egingo dituena, efikazia eta kudeaketa hobetzea bilatuz, baliabideen banaketa hobea eta horien erabilera eraginkorrago bat lortu nahiz, eta eragileen arteko sareak eta hitzarmenak ezartzen lagunduz.

“KBulegoak leiho berri bat ireki behar du, kultura-eragileak guregana hurbil daitezen. Alabaina, guk ere hurbildu nahi dugu laborategi, lantegi eta sorkuntza- nahiz kultura-espazioetara, non ideia eta proiektu berriak ernetzen ari diren. Bulegoa, azken batean, ez da izango kudeaketakoa, bitartekaritzakoa baizik; noranzko biko komunikazioak funtzionatuko du; interesdunei lagunduko die eskabideak aurkezten eta beren proiektuak garatzen; eta, batez ere, lagungarria izango da guregana hurbil daitezen kultura-eragile berriak, kultura-izaerako ideia edo nahiren bat duen oro, burokraziaren munduan esperientzia txikiagoa duten eta nola jokatu ez dakiten horiek, hain zuzen ere. Bulegoak, gainera, informazio xehatua emango digu ez bakarrik egiten dutenaz, baita ere zein mugitzen den kultura-munduan, eta zer-nolako interesak eta beharrak proposatzen dituen”, azaldu du Itxasok.

Zehazki, honelako lanak egingo ditu KBulegoak:

Informazio lanak: informazio pertsonalizatua Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdiei buruz; kontsultei erantzutea, eta, hala badagokio, bitartekaritza egitea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko zerbitzuen aurrean (Kultura, Gazteria, Ogasuna, Berrikuntza…); eta informazioa ematea, hala eskatuz gero, Gipuzkoan kultura-jarduerak garatzeko eta ekoizteko dauden aukerei buruz.

Bitartekaritza-lanak: lankidetza eta jarraipena Kultura Zuzendaritza Nagusiaren kultura-deialdietara aurkeztutako proiektuei dagokienez; laguntza eta aholkularitza Gipuzkoako eragileen kultura-ekimenetan; informazioa, eta, hala badagokio, bitartekaritza, Gipuzkoan kultura-jarduerekin zerikusia duten erakunde eta entitateekin. Zuzeneko harremana Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultura Saretzen sarean sartuta dauden eragileekin; koordinazioa, eta, hala badagokio, kanalizazioa, lurralde eremuan, hala eskatzen duten proiektuen inguruan.

Sustapen lanak: askotariko kultura-ekimenak, zeintzuei aukera emango baitzaie ikus-entzunezko edukiak ekoizteko, beren jarduera ezagutarazi eta zabaldu dezaten.

Sorkuntza-lanak: datu baseak eta informazio sistema; datu base bat sortzea eta mantentzea kultura-eragileentzat interesekoak diren deialdi publikoei buruz; datu base bat sortzea eta mantentzea kultura-eragileentzat interesekoak diren baliabideei buruz.

Ikerkuntza eta prestakuntza lanak: jarraipena egitea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren kultura-deialdien emaitzei, eta txosten kuantitatiboak eta kualitatiboak egitea haiei buruz; topaketa informalak, zeharkakoak eta mistoak antolatzea lurraldeko kultura-eragileen artean; materialak prestatzea proposamenak garatzeko eta horiek eremu desberdinetako instantzia ofizialetan aurkezteko (Gipuzkoa, Euskadi, Espainia, eta Europa); aztertzea oinarrizko zer prestakuntza-behar dituzten Gipuzkoako kultura-eragileek, eta, hala badagokio, jarduketa-plan bat prestatzea.

 “Lortu nahi duguna da izan dadila administrazio bat, leihatila hotzaren kontzeptua aldatuko duena, eta haren ordez, hurbiltasun eta proaktibitate handiagoak izango dituena, irizpidetzat hartuta irisgarritasuna, irekitasuna, enpatia, gardentasuna, eta, lankidetza, barne nahiz kanpokoa" esan du Denis Itxasok

 

  

1485