ekonomia sustapena
eta berrikuntza

Proiektu estrategikoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu-ekintzarako tresna nagusi gisa sortutako 2015-2019 Kudeaketako Plan Estrategikoaren bidez, plana ezartzeko behar den eraginkortasuna bermatzeko gobernantza mekanismoak ezartzen dira, alde batetik, eta, politika publikoen eta lurraldeko helburu kolektiboen arteko lerrokadurari lehentasuna ematen zaio, bestetik. Eraldaketa ekonomiko eta sozialerako palanka bat da, Gipuzkoako lehiakortasunean eta garapen jasangarrian etapa berri baterantz bideratzeko baliagarri izango dena.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu prozesu horiek gauzatzeko baldintzak eta guneak ager daitezela sustatzea, horretarako prozesu eta jarduerak erraztuz, helburua izanik Gipuzkoa industrial eta lehiakor bat lortzea, enpresa txikia lehenesten duena: bideragarritasunean, ondorengotzan, produktu merkatuaren estrategian, dimentsioan, hazkundean, kudeaketan, etab.; dibertsifikazio eta eraldaketa produktiboen prozesuak ezagueraz sakondu eta orientatzeko.

Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat "Etorkizuna Eraikiz" da, eta eredu gisa planteatu da gaur egun Gipuzkoako gizarteak dituen erronka sozial eta ekonomikoak detektatzeko, diseinatzeko eta esperimentatzeko eta, gero, erronka horiei denon artean aurre egiteko -erakunde, enpresa, elkarte, unibertsitate, eta lurralde hau osatzen dugun guztiok-. Adostuko dugun etorkizun horri esker, Gipuzkoa Europako lekurik onena izan dadin bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin bizitzeko.

Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, Gipuzkoa Taldean ekimenaren barruan, Gipuzkoako eragile sozial eta ekonomikoekin batera egindako hausnarketa batean, eta Europako Batzordeak bultzatutako Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin (RIS3) bat eginez, Gipuzkoan datozen 10 urteetan garatu beharreko proiektu estrategiko batzuk identifikatu eta zehaztu dira, foru erakundearen datozen urteetako agenda politikoa osatuko dutena. Agenda hori “Proiektu estrategikoak 2025” izeneko ekimenean gauzatzen da eta bi maila desberdin ditu: proiektu estrategikoak eta proiektu esperimentalak.