Gizarte Politika

Haurrak eta nerabeak babesik gabe

Babesik gabeko egoera larrian dauden adin txikikoen ongizatea bermatzea du helburu. Haur edo neraberen bati gurasoek babes nahikoa ematen ez diotela dion salaketaren bat jasoz gero, hori ikertu eta beharrezkoa bada, adin txikiko horren ongizatea bermatuko duen neurriak hartuko lituzke Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Larrialdiko harrera, egoitza harrera, harrera familiak edo adopzioak dira egoera hauetarako dauden bitartekoak eta beti, umearen ongizatea bermatzea da helburu nagusia.

Haur eta nerabeen babesak arrisku eta babesgabetasun egoerei aurrea hartu eta horietan esku hartzeko neurri eta jarduera guztiak hartzen ditu barne, eta betiere adingabearen interesa lehenestea du xede.

Eginkizunak:

  1. Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko araudiak aurreikusten dituen jarduketak gauzatzea.
  2. Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak zaintzeko beharrezko irizten zaien zerbitzu eta zentroak kudeatzea.
  3. Harrera eta adopzio eskaerak egiten dituzten pertsonen eta familien prestakuntza, hautaketa, laguntza eta jarraipena.
  4. Iritzi publikoa sentsibilizatzea, dibulgazio kanpainak eginez eta neurri positiboak sustatuz haurtzaroko eta nerabezaroko eskubideen defentsan.

Programak eta zerbitzuak

Haurren eta nerabeen babesa

Gipuzkoako Foru Aldundia da Gipuzkoan gizarte babesgabezia egoera larrian dauden haur eta nerabeen babesaz arduratzen den entitate publikoa, jarraian aipatuko dugun gizarte zerbitzuen eskumen esparru autonomikoaren arabera.

2005eko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak, haurrak eta nerabeak zaindu eta babestekoak, 49.1 artikuluan zehazten du zer ulertzen dugun babes hitzarekin: “Lege honen ondorioetarako, haurrak eta nerabeak babesteko honako neurri eta jarduketa hauek burutuko dira: batetik, haurrek eta nerabeek jasan litzaketen arrisku eta babesgabezia egoerak prebenitzea eta egoera horietan esku hartzea eta, bestetik, haur eta nerabe horien garapen integrala bermatzea eta familia-bizitza arrunta sustatzea, betiere adingabearen interesari lehentasuna emanez.”

Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 41.5 artikuluan ezartzen du foru organoen eskumenekoak izango direla, bakoitzari dagokion lurraldean, babesgabezia egoera larrian dauden adingabeen babes kontuan 3/2005 Legeak, otsailaren 18koak, haurrak eta nerabeak zaindu eta babestekoak, agintzen dizkion zereginak.

Kontsultatu xehetasuna

Egoitza harrera

Egoitza harrerako zerbitzuak laguntza eta gizarte-hezkuntzako arreta eskaintzen ditu, eta, aldi berean, erreferentzia-ingurune egonkorra eta beharrezkoa den babesa, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak familiatik banatzeko neurria erabaki eta gero komunitateko baliabideetan txertatzeko. Beren etxeetan jarraitzeko aukerarik ez duten adingabekoei zuzendutako babes-neurri bat da, beraz, eta horri esker beren premia eta beharrizanak gogobeteko moduan aseko dituen egoitza eta bizikidetzarako leku bat eskaintzen zaie adingabekoei.

Neurri hori funtsezko bi ezaugarritan dago oinarritua: bere izaera instrumentala, batetik, helburu egonkor eta normalizatua begiesten duen Kasu Plan baten zerbitzura baitago; eta tenporalitatea.

Horrela, bada, egoitza-harrerako baliabideak, bere modalitate desberdinetan, gizarte-baliabide egokia gertatzen dira familiaren ordezko bizikidetza-giro baten premian dauden adingabekoentzat.

Kontsultatu xehetasuna

Familia harrera

Hainbat arrazoi tarteko, Gipuzkoan hainbat ume daude beren familiekin bizi ezin direnak eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenak.

0 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeak dira, eta askok familia bat behar dute, beraien zaintza eta heziketaren kargu egingo dena; baina familia horretako beste kide bat izateaz gain, jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzeko aukera ere nahi dute, nahiz eta beraiekin ez bizi.

Kontsultatu xehetasuna

Adopzioa

Adopzioa babes neurri bat da, beren familietan jarraitu ezin eta famili ingurune iraunkorra behar duten haurrentzat.

Adopzioak adingabearen eta familia biologikoaren arteko lege loturak hausten ditu eta familia biologikoak dituen eskubide eta betebeharretan oinarritutako harremana sortzen du haurraren eta familia adoptatzailearen artean.

Zera eska daiteke:

  • Atzerriko herrialde batetako ume bat adoptzea (nazioarteko adopzioa)
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoen ume bat adoptatzea.

Kontsultatu xehetasuna

Gizarte- eta hezkunta-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua

Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuek helburu bikoitza dute:

  • Alde batetik, seme-alabak hezteko orduan zailtasun handiak dituzten eta babesgabetasun-arrisku handiko egoeran dauden familiei zuzenduta daude. Familia horiek krisian daude, eta familia bana dadin saihesteko eta, aldi berean, haurrak ahal den heinean famili ingurunean mantentzeko ahaleginak egiten dira, gurasoen gaitasuna hobetzera edo seme-alaba adingabeak zaintzeko eginkizunetan laguntzera bideratuta dauden ekintzen bitartez (hezkuntza-orientazioa, arreta psikoterapeutikoa, gizarte-laguntza…). Beraz, familia banatzeko arriskua saihesteko helburua dute.
  • Horrez gain, kasu hauetan ere erabiltzen dira: familiatik banatzeko legezko neurria hartuta, familiekin eta harreran dauden adingabeekin lana egitea egokitzat jotzen denean, egindako kaltea konpondu eta familiaren etxera hezkuntza- eta gizartekotze-baldintza egokietan itzuli ahal izateko. Hala bada, familiak berreskuratzearen aldeko apustu bat da, familiatik banatzeko neurriak itzulgarriak direla eta zailtasunak gainditzeko familiekin lana egin behar dela ulertuta.

Kontsultatu xehetasuna

Zentroak

Egoitza sarea

Plaza eta zentroen guztizko kopurua beheko taulan jasotakoa da, baina ez da bere kokapena zehazten hartatutakoen intimitatea gordetzeagatik.

Zentroen funtzionamendua, hau da, bere irizpide funtzional, material, pertsonal eta abarrekoa, 2008ko uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuak, gizarte babesik gabe dauden haurrentzako eta nerabeentzako egoitza harreraren baliabideak arautzen dituenak, zehazten ditu.

  Zentroak Plazak
Larrialdietako Programa 1 16
Oinarrizko Programa 22 217
Jokabide-Programa 3 32
Programa intentsiboa 3 30
Beste batzuk 1 6
Guztira 30 301

Diru-laguntzak

Izatezko zaintzan hartzeko laguntzak

33/2004 Foru Dekretuak arautzen ditu izatezko zaintzan dauden adingabeak dituzten familia zabalei ematen zaizkien diru-laguntzak, hau da, egoera hori formalizatu gabe, haurren sare naturalari laguntzea dela ulertuta, duen prebentzio-izaera dela eta.

Gizarte-arriskuan dauden hainbat haur lehen mailako ahaidetasunik ez duten senideek hartuak izaten dira, arrisku hori babesgabetasun-egoera bihur dadin saihesteko. Harreraren irudia formalizatu gabe familia zabalean arreta ematea "familian izatezko zaintza” bezala ezagutzen da, eta ezaugarri nagusia prebentzio-izaera duen laguntza beharrezkotzat jotzen da. Beraz, hau da laguntza horien bitartez erdietsi nahi duguna: babesgabetasun-egoeran eta gizarte-arriskuan dauden haurrei ingurune normalizatua ematea familia zabalaren barruan, zentroetan sartzea saihestea, desinstituzionalizazio-prozesuak bultzatzea, eta adingabeak gizarteratzeko behar diren laguntzak ematea.

2015ko laguntza hileko 174 eurokoa da, eta ezin zen hileko 696,00 euro gainditu familia zaintzaile bakoitzeko.

Laguntza osagarriak

33/2004 Foru Dekretuak familietan esku hartzeko programetan parte hartzen duten familia eta adingabeentzako eta larrialdiko harrera-egoeran dauden adingabeentzako diru-laguntza osagarriak arautzen ditu.

Bestalde, 35/1999 Foru Dekretuak, 34/2006 Dekretuaren bidez aldatu zenak, babesgabetasunean dauden adingabeen babesari, garapen pertsonalari eta gizarteratzeari loturik dauden diru-laguntzak arautzen ditu.

Laguntza hauen helburua da harreran edo programetan dauden haur eta nerabeek dituzten beharrei erantzutea (eskola laguntza, odontologia-tratamenduak, oftalmologia-gaiak erostea, etab.), baldin eta behar horiei baliabide publikoen sareak edo familiak dituen berezko baliabideen bidez erantzuterik ez badago.

Famili harrera egiteko laguntzak

35/1999 Foru Dekretuak, 34/2006 Dekretuaren bidez aldatu zenak, babesgabetasunean dauden adingabeen babesari, garapen pertsonalari eta gizarteratzeari loturik dauden diru-laguntzak arautzen ditu. Zenbatekoa 2008ko apirilaren 23ko 603/2008 Foru Aginduaren bidez eguneratu zen.

Famili harrerari emandako laguntzen barruan, hiru egoera hauek daude:

  • Familian hartzea. 600 euro haur eta famili unitate bakoitzeko.
  • Adingabe desgaituak familian hartzea. 718,60 euro haur desgaitu eta famili unitate bakoitzeko.
  • Familian aparteko arretaz hartzea, familia-bizitza arruntean ohikoa ez den arreta intentsibo edo jardueraren baten beharra duten adingabeentzat. 1.238,60 euro haur eta famili unitate bakoitzeko.