Gizarte Politika

Programak eta zerbitzuak

Herritarrei zuzendutako programa eta zerbitzuak azaltzen dira ondoren.

Gizarte Politikako departamentuaren zerbitzu eta prestazioetara sarbidea beti udal bakoitzaren zerbitzu sozialen bitartez egin behar dira. Horregatik, ondorengo listatuan dituzu eskuragarri kontaktu datuak.

Adineko pertsonak

Adineko pertsonen mendekotasun balorazioa eta orientazioa baliabideetara

Mendekotasun balorazioa (Mendekotasuna baloratzeko baremoa, MBB)

Hiru urtetik gorako pertsonen mendekotasun maila baloratzea, 2006ko abenduaren 14ko 9/2006 Legean jasotako baremoaren arabera (9/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa).

Adineko pertsonen orientazioa baliabideetara

Mendekotasuna duen adineko pertsonarentzako baliabide hauen egokitasuna zehaztea: egoitza, eguneko zentroa, eta egoitzako aldi baterako egonaldia.

Konsultatu tramitea egoitza elektronikoan

Etxean mantentzeko laguntzak

 Jarduera hauen helburua da adinekoei/desgaituei baliabideak eskaintzea eta beren ohiko ingurunean (etxea, familia eta abar) ahalik eta denbora gehien geratzeko baliabideak ematea, aukera horri egoitza baliabide baten aurretik lehentasuna emanez.

Kontsultatu xehetasuna

Pertsona heldu ezinduentzako tutoretza

Kode Zibilak 239. artikuluan ezarritako lege agindua betetzea.

Ordezkarien eta izatezko zaintzaileen erregistroa

Gizarte Politikako Departamentuari edozein zerbitzu, prestazio edo laguntza eskatzen dioten pertsonen ordezkaritzan diharduten pertsonak erregistratzea eta identifikatzea.

ATZEGI, tutoretza lana

Gaitz kognitiboren bat duten pertsonen gaitasunak aldatzearen ondorioz, tutoretzak eta gainerako babes neurriak erabiltzea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren arabera.

HURKOA, tutoretzapean dauden familiartekoei aholkularitza eta laguntza ematea

Pertsona interesdunaren gaitasuna aldatzearen ondorioz babes neurri baten kargu egin behar duten familiei laguntzea.

HURKOA, Adineko pertsonen tutoretza

Mendekotasuna duten adineko pertsonen gaitasunak aldatzearen ondorioz, tutoretzak eta gainerako babes neurriak erabiltzea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren arabera.

HURKOA, buruko gaixotasuna duten pertsonen tutoretza

Buruko gaixotasun bat duten pertsonen gaitasunak aldatzearen ondorioz, tutoretzak eta gainerako babes neurriak erabiltzea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren arabera.

Adineko pertsonen familia harrera

Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei ostatu moduren bat ematea, ingurune normalizatu bateko familia batenaren antzekoa, non beharrezko zainketa pertsonalak jasotzen dituzten.

Konsultatu tramitea egoitza elektronikoan

Zaintzaileentzako laguntza

Sendian

Hainbat baliabide, beren etxean mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko, familia barruko gorabeherak prebenitzearren, elkarbizitza normalizatu bat ematearren, eta mendekotasuna duen pertsonari arreta egokia ematearren. Barne hartzen ditu prestakuntza, elkarlaguntzako taldeak, arreta psikologikoa, egoitzako aldi baterako arreta laburra, eta asteburu eta jaiegunetako eguneko arreta.

Arreta psikologikoa

Mendekotasuna duen adineko baten zaintzaileek edo harekin bizi diren edo zuzenean haren ardura duten familiek, batzuetan, zailtasun psikologiko handiak izan ditzakete, edota gizarte eta familia harremanak hondatzeko arriskua. Horregatik, egoerari aurre egiteko laguntza handia behar dutenei banakako tratamendu psikologikoa ematen zaie (gehienez, 10 saio, baina, salbuespenez, 12raino irits daitezke).

Elkarlaguntzako taldeak

Laguntza taldeek oinarritzat dute ziurtasun bat, hau da, eraginkorra dela arazo berak eragindako pertsonen arteko elkarlaguntza, eta garrantzitsua dela pertsonek beren baliabideak aurkitzea irtenbide egokiak bilatzerakoan, hori dena adierazpenerako, komunikaziorako eta partaidetzarako aukera ematen duen neurrian. Talde horiek zuzentzen dituzten profesionalek prestakuntza dute gatazkei aurre egiteko eta haiek konpontzeko trebetasunen ikaskuntzan, baita errugabetze prozesuetan ere.

Prestakuntza

Saio teoriko-praktiko batzuk dira, non berariazko ezagutzak irakasten diren, aukera ematen dietenak familiartekoei arreta hobea eman diezaioten mendekotasuna duen adinekoari, eta beren zaintza lanean berme bat ematen dietenak. Irakasgaiek arlo hauek hartzen dituzte: medikuntza, erizaintza, psikogeriatria, legea, eta gizarte baliabideak. Informazio, heziketa eta terapeutika helburua dute.

Egoitza zentroetako egonaldi laburrak

Hilean behingo egonaldi bat da (gehienez, 5 egunekoa) adinekoentzako egoitzetan, familiei aldian behingo atsedenaldi bat emateko zaintza lanetan, mendekotasuna duen adinekoaren arretaren kalitatea bermatuz, bestalde.

Eguneko zentroetako egonaldi laburrak

Mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroetako egonaldiak dira, familiak pairatzen dituen arreta lanen karga egunez arintzearren, mendekotasuna duen adinekoaren eguneko beharretara egokitutako ingurune bat bermatuz. Baliabide horren erabilera-maiztasuna mugatu egin ahal izango da, baldin eta adinekoak eguneko arreta lanegunetan jasotzen badu.

Kontsultatu xehetasuna

Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen atsedena eta sozializazioa

Gizarte, kultur, kirol eta aisialdi jarduerak desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat.

  • AFAGI, opor programa (eragindako pertsonak eta haien familiak)
  • ASPACE, gizarteratzea (aisialdia eta astialdia)
  • ATZEGI, aisialdia eta astialdia
  • ATZEGI, oporrak
  • ATZEGI, kirola
  • ELKARTU, Elkarbidean
  • GAUTENA, oporrak eta udalekuak
  • GAUTENA, kirola eta aisialdia

Desgaitasuna duten pertsonak

Desgaitasuna duten pertsonen balorazioa eta orientazioa baliabideetara

Desgaitasun balorazioa

Desgaitasun maila eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunak zehazteko baremoa baloratzea. Desgaitasun maila ehunekotan neurtzen da. Desgaitasuna duen pertsona gisa aitortua izateko, beharrezkoa da desgaitasuna % 33koa edo handiagoa izatea.

Desgaitasuna duten pertsonen orientazioa baliabideetara

Desgaitasuna duen pertsonarentzako baliabide hauen egokitasuna zehaztea: egoitza, eguneko zentroa, eta egoitzako aldi baterako egonaldia.

Kontsultatu xehetasuna

Informazioa eta orientazioa askotariko desgaitasun motetan

Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuen osagarri, desgaitasun arloko elkarte batzuek berariazko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dituzte ordezkatzen duten desgaitasun motaren inguruan.

ACASGI

Prebentzioa eta informazio soziala

ADEMGI (esklerosi anizkoitza)

Gizarteratzea eta gizarte normalizazioa: gizarte baliabideei buruzko informazioa, eragindako pertsonen eta haien familia-ingurunearen beharrak betetzeko.

AFAGI (Alzheimerra eta beste dementzia batzuk)

Arreta psikosoziala ematea (informazioa eta aholkularitza) Alzheimerdun pertsonei eta haien familiei.

ARANSGI (entzuteko desgaitasuna)

Aholkularitza eta esku-hartzea (informazio kolektiboa eta indibiduala gorreriaren alderdiei buruz) eragindako pertsonentzat eta haien familientzat.

ELKARTU (desgaitasun fisikoa)

Informazioa eta gizarte orientazioa ematea desgaitasun fisikoa duten pertsonei.

Arreta goiztiarra

Arreta goiztiarra da 0-6 urte bitarteko haurrei, haien familiartekoei eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoa. Diziplinarteko ikuspegi batetik begiratuta –Osasuna, Hezkuntza eta Gizartea–, helburutzat dauka erantzutea, ahalik eta lasterrena, eta osotasunean, garapenean nahasmenduak dituzten edo haiek pairatzeko arriskua duten haurren beharrizan iragankor nahiz iraunkorrei.

Balorazio taldea

Oinarrizko eginkizuna du garapean arazoak dituzten edo arazoak izateko arriskua duten haurren beharrizanak baloratzea, eta egindako balorazioari egokitutako esku-hartze plana egitea.

Esku-hartze taldeak

Lan egiten dute balorazio taldearekin koordinatuta eta horrek definitutako esku-hartze planaren arabera.

Arreta goiztiarra, tratamendu indibidualizatuak

Psikologiako kabineteak, arreta goiztiarrean espezializatuak. Kabinete horiek tratamendu indibidualizatua ematen diete haurrari eta haren familiari edo tutoreei, baita koordinazioa ere haurra artatzen duten osasun, hezkuntza eta gizarte arloetako profesionalekin. Horietako batzuek badituzte, era berean, psikomotrizitate, pedagogia, logopedia edo fisioterapiako zerbitzu osagarriak.

ASPACE, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua

Gizarte Politikako Departamentua elkarlanean aritzen da ASPACErekin haren arreta goiztiarreko zerbitzua ematen.

Desgaitasuna duten pertsonen familia harrera

Mendekotasun egoeran dauden eta desgaitasuna duten pertsonei ostatu moduren bat ematea, ingurune normalizatu bateko familia batenaren antzekoa, non beharrezko zainketa pertsonalak jasotzen dituzten.

Konsultatu tramitea egoitza elektronikoan

Autonomia bultzatzeko programak

Gaitzea eta terapia okupazionala

Esku-hartze multzo bat da, pertsona bakoitzaren beharrizanen arabera, helburu hauek dituena: prebenitzea edo murriztea jardueraren mugaketa bat edo funtzio fisikoaren, intelektualaren, sentsorialaren edo mentalaren alterazio bat; mantentzea edo hobetzea dagoeneko hartuta dauden trebetasunak, ahalik eta mailarik handiena lortzearren autonomia pertsonalean, bere ingurunearekiko egokitzapenean, bizi kalitatearen hobekuntzan, eta komunitate bizitzako integrazioan.

Estimulazio kognitiboa

Tratamendu terapeutikoa, helburutzat duena, teknika egokien bitartez, mantentzea eta hobetzea honelako gaitasunen funtzionamendua: maila goreneko gaitasun kognitiboren bat edo batzuk (arrazoimena, oroimena, kontzentrazioa, hizkuntza, eta antzekoak), gaitasun funtzionalak, portaera eta afektibitatea.

Gaitze psikosoziala

Jarduketa multzo bat, helburutzat duena laguntza ematea, iragankorra nahiz iraunkorra, desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala duten pertsonei, hobetzearren beren aukerak familia eta gizarte ingurunean mantentzeko, ahalik eta baldintzarik normalizatuenetan eta independenteenetan.

Autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzea

Esku-hartze multzo bat da, helburu hauek lortzeko: mantentzea edo hobetzea eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna; saihestea jarduerako mugapenak, bigarren mailako urritasunak edo eskasiak azal daitezen; eta indartzea garapen pertsonala nahiz gizarteratzea. Horren guztiaren helburua da ahalik eta autonomia mailarik eta bizi kalitaterik handiena lortzea.

Kontsultatu xehetasuna

Gizarte bazterketan dauden pertsonak

Gizarte bazterketaren balorazio eta diagnostiko zerbitzua

Zerbitzu honek laguntzen du bazterketa egoeren identifikazioa egiten, eta, hala badagokio, haien mailaketa ere bai. Orobat, bideratzen ditu eskatzaileak beren beharrizanei ondoen erantzuten dieten zerbitzurantz edo prestazio ekonomikorantz, edota zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen arteko konbinaziora, haiek eskatzeko betebeharrak betetzen badituzte, betiere. Barne hartzen ditu:

Eskaeren balorazioa, egon daitezkeen gizarte bazterketako egoerei dagokienez. Hala badagokio, gizarte diagnostiko espezializatuak egitea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan egoki gertatzen diren baliabideetara bideratzea, edo, bidezkotzat joz gero, erabiltzailea beste arreta sistema edo politika batzuetara desbideratzea.

Horretarako, gizarte bazterketako egoera batean egotearen zantzuak aurkeztu behar dira, balorazio tresna komunetan definitzen den moduan.

Familian esku hartzeko programak

Programaren hartzaile dira gizarte bazterketa edo marjinazioko egoeran dauden familiak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan gutxienez 6 hilabetez erroldatuta daudenak, haurren babesgabezia egoera batean ez daudenak, eta, gainera, kultur problematika erantsi bat daukatenak. Programa hau lagungarria izan daiteke haurren babesgabezia egoerak identifikatzeko.

Laguntza espezializatuaren programa

Akonpainamendu espezializatua da bigarren mailako gizarte prestazio bat, zeinaren bidez pertsonak profesional kualifikatu batekin harremanetan egonda parte hartzen baitu; hark laguntzen dio bere moldaera autonomoa hobetzen, eta gizarteratzen. Akonpainamendu espezializatuak aukera ematen dio erabiltzaileari bere egoera kontrastatzeko, autonomia pertsonalari eta gizarteratzeari buruz dituen helburuak esplizitatzeko, eta prozesu guztian zehar erreferentziako pertsona bat izateko.

Arreta psikologikoko programa

Laguntza psikologikoa, esku-hartze psikosozial espezializatua emateko, hartzaileak izanik gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak, gizarteratzeko prozesu bat hasi dutenak Foru Aldundiaren gizarteratze zentroetan. Gipuzkoako Psikologoen Elkargoan gauzatzen da.

Adikzioak dituzten pertsonak gizarteratzeko programak

Desintoxikazio prozesu jakin batzuek ez dute eskatzen zentroetan sartzea, baizik eta erakundeez kanpoko ikuspuntu bat ematea. Horretarako, Gizarte Politikako Departamentuak hainbat programa garatzen ditu, hala nola familiako esku-hartzea (familiarteko batzuk tratamenduan egonda edo egon gabe), alkoholismoak jotako pertsonen gizarteratzea, esku-hartze psikosoziala, altaren ondoko jarraipena, berariazko programak gaixotasun mentala duten pertsonentzat, eta prebentzio programak nerabeentzat.

Espetxeko esperientzia duten pertsonentzako programak

Egoitza harrerako eta akonpainamendu espezializatuko programa, espetxeko esperientzia duten eta Gipuzkoan sustraituta dauden pertsonentzat. Berne hartzen ditu, arreta, laguntza eta akonpainamendua, espetxean egindako hasierako diagnostiko batetik abiatuta, banakako laguntza plan bat ezarriz, eta lagun eginez irteerako ibilbidean, hirugarren graduan, eta abarretan, eta gizarteratze prozesuaren alde eginez.

Migratzaileentzako programak

Gizarte Politikako Departamentuaren iritziz, atzerritar batzuek oinarrizko zenbait beharrizan dituzte, arretako egitura normalizatuetatik heltzen zailak direnak. Horregatik, eta arretako tresna paraleloak sortu gabe, hainbat zerbitzu garatzen dira populazioaren kolektibo horrentzat: gizarte arreta, gizarte eta lan arreta, izapide administratiboak, eta kultura arteko berariazko bitartekaritza. Atzerritartasun arloko informazio eta aholkularitza sozio-juridikoa eskaintzen zaie immigratzaileei, Europar Batasunaz kanpokoei, batez ere; baita errealitatearen analisi zerbitzu bat eta gizarte sentsibilizaziokoa ere.

Gutxiengo etnikoentzako programak

Nahiz eta ez garen kolektibo desberdinentzat berariazko baliabideak sortzearen aldeko, baizik eta beharrean dauden pertsona guztiei zabaldutako baliabideak sortzearen aldeko, haien helburuak lortzeko behar-beharrezkoa den lekuan, baliabide espezializatuak eta egokituak sortzen ditugu ijito familientzat.

Nahiz eta lehentasuna eman gizarte bazterketa edo marjinazio egoeran dauden familien arretari, laguntzen zaio elkartegintzari ere; lan egiten da neska gazteekin eta emakumearen rolaren gainean; eta laguntzen zaie prestakuntza programei eta haien kulturaren hedapenari.

Gizarteratzearen kudeaketa aktiboko programak

Programa hauen helburua da gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizartzeratzea eta laneratzea, nagusiki hiru dimentsio hartuz, hala nola haien enplegagarritasun profilaren analisia, gizarte eta laneko akonpainamendua, lan merkatuaren prospekzioa eta analisia, eta eskariak hartzea.

Hartzaile dira, gizarteratze prozesuetan egonik, gizarte eta lan ibilbide bat hasteko prest dauden pertsonak. Enpleguranzko ibilbide banakatuak ezartzen dira, pertsona bakoitzak ibili behar dituenak, gizarte eta laneko profilaren arabera, berariazko akonpainamendu batekin.

Haurrak eta nerabeak babesik gabe

Haurren eta nerabeen babesa

Gipuzkoako Foru Aldundia da Gipuzkoan gizarte babesgabezia egoera larrian dauden haur eta nerabeen babesaz arduratzen den entitate publikoa, jarraian aipatuko dugun gizarte zerbitzuen eskumen esparru autonomikoaren arabera.

2005eko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak, haurrak eta nerabeak zaindu eta babestekoak, 49.1 artikuluan zehazten du zer ulertzen dugun babes hitzarekin: “Lege honen ondorioetarako, haurrak eta nerabeak babesteko honako neurri eta jarduketa hauek burutuko dira: batetik, haurrek eta nerabeek jasan litzaketen arrisku eta babesgabezia egoerak prebenitzea eta egoera horietan esku hartzea eta, bestetik, haur eta nerabe horien garapen integrala bermatzea eta familia-bizitza arrunta sustatzea, betiere adingabearen interesari lehentasuna emanez.”

Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 41.5 artikuluan ezartzen du foru organoen eskumenekoak izango direla, bakoitzari dagokion lurraldean, babesgabezia egoera larrian dauden adingabeen babes kontuan 3/2005 Legeak, otsailaren 18koak, haurrak eta nerabeak zaindu eta babestekoak, agintzen dizkion zereginak.

Kontsultatu xehetasuna

Egoitza harrera

Egoitza harrerako zerbitzuak laguntza eta gizarte-hezkuntzako arreta eskaintzen ditu, eta, aldi berean, erreferentzia-ingurune egonkorra eta beharrezkoa den babesa, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak familiatik banatzeko neurria erabaki eta gero komunitateko baliabideetan txertatzeko. Beren etxeetan jarraitzeko aukerarik ez duten adingabekoei zuzendutako babes-neurri bat da, beraz, eta horri esker beren premia eta beharrizanak gogobeteko moduan aseko dituen egoitza eta bizikidetzarako leku bat eskaintzen zaie adingabekoei.

Neurri hori funtsezko bi ezaugarritan dago oinarritua: bere izaera instrumentala, batetik, helburu egonkor eta normalizatua begiesten duen Kasu Plan baten zerbitzura baitago; eta tenporalitatea.

Horrela, bada, egoitza-harrerako baliabideak, bere modalitate desberdinetan, gizarte-baliabide egokia gertatzen dira familiaren ordezko bizikidetza-giro baten premian dauden adingabekoentzat.

Kontsultatu xehetasuna

Familia harrera

Hainbat arrazoi tarteko, Gipuzkoan hainbat ume daude beren familiekin bizi ezin direnak eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenak.

0 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeak dira, eta askok familia bat behar dute, beraien zaintza eta heziketaren kargu egingo dena; baina familia horretako beste kide bat izateaz gain, jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzeko aukera ere nahi dute, nahiz eta beraiekin ez bizi.

Kontsultatu xehetasuna

Adopzioa

Adopzioa babes neurri bat da, beren familietan jarraitu ezin eta famili ingurune iraunkorra behar duten haurrentzat.

Adopzioak adingabearen eta familia biologikoaren arteko lege loturak hausten ditu eta familia biologikoak dituen eskubide eta betebeharretan oinarritutako harremana sortzen du haurraren eta familia adoptatzailearen artean.

Zera eska daiteke:

  • Atzerriko herrialde batetako ume bat adoptzea (nazioarteko adopzioa)
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoen ume bat adoptatzea.

Kontsultatu xehetasuna

Gizarte- eta hezkunta-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua

Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuek helburu bikoitza dute:

  • Alde batetik, seme-alabak hezteko orduan zailtasun handiak dituzten eta babesgabetasun-arrisku handiko egoeran dauden familiei zuzenduta daude. Familia horiek krisian daude, eta familia bana dadin saihesteko eta, aldi berean, haurrak ahal den heinean famili ingurunean mantentzeko ahaleginak egiten dira, gurasoen gaitasuna hobetzera edo seme-alaba adingabeak zaintzeko eginkizunetan laguntzera bideratuta dauden ekintzen bitartez (hezkuntza-orientazioa, arreta psikoterapeutikoa, gizarte-laguntza…). Beraz, familia banatzeko arriskua saihesteko helburua dute.
  • Horrez gain, kasu hauetan ere erabiltzen dira: familiatik banatzeko legezko neurria hartuta, familiekin eta harreran dauden adingabeekin lana egitea egokitzat jotzen denean, egindako kaltea konpondu eta familiaren etxera hezkuntza- eta gizartekotze-baldintza egokietan itzuli ahal izateko. Hala bada, familiak berreskuratzearen aldeko apustu bat da, familiatik banatzeko neurriak itzulgarriak direla eta zailtasunak gainditzeko familiekin lana egin behar dela ulertuta.

Kontsultatu xehetasuna

Indarkeria matxistaren biktimak

Arreta psikologiko banakakoa eta taldekakoa

Zerbitzuak arreta emango dien emakumeak indarkeria matxista jasaten dutenak dira, eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen edo baldintzatzen dizkien erasan psikoemozionala nozitzen dutenak, eta tratamendu psikologiko bat hasi nahi dutenak, arreta indibidualizatu eta pertsonalizatuaren bitartez, ikuspegi feminista batetik eta halako emakumeak ahalduntzearen aldeko ikuspuntu batetik begiratuta. Zerbitzu honek indarkeria matxistaren ondoriozko beharrizan psikoemozionalei helduko die, alde batera utzita zein eremutan gertatu den indarkeria matxista hori.

Indarkeria matxistaren beste biktima batzuei ere emango zaie arreta (seme-alabak), baita erasotzaileei ere.

Arreta sozio-juridiokoa

Orientazio juridikoko prestazio bat da, eta informazioa nahiz orientazioa ematen ditu indarkeria matxistak eragindako egoerei heltzeko eta tresna juridikoen bitartez konpontzeko. Programak arreta emango dien emakumeak indarkeria matxistaren biktima dira, lege informazioa eta aholkularitza nahi dituztenak esparru juridikoko baliabideei eta familia-zuzenbideari buruz, arreta indibidualizatu eta pertsonalizatu baten bitartez, ikuspegi feministatik eta ahalduntzearen ikuspegitik begiratuta. Zerbitzu honek era integralean helduko die aholkularitza sozio-juridikoko beharrizanei, tratu txarren eta sexu askatasunaren aurkakoak izan daitezkeen ekintzen ondoriozkoei, alde batera utzita zein eremutan gertatu diren.

Arreta psikosozial anbulatorioa

Diziplina arteko esku-hartze mota bat da, eta helburutzat duen arretaren hartzaile, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak dira, egoitza-baliabide batean sartu nahi ez dutenak edo haietako batean egonaldia amaitu berri dutenak, eta beren beharrizanei egokitutako jarraipen anbulatorioa behar dutenak.

Esku-hartze psikosozialeko programaren barruan, esku-hartze anbulatorioko bi talde daude, helburu desberdinak dituztenak esku-hartze plan bakoitzean emandako orientabideen arabera:

  • Hainbat arrazoirengatik harrera zentro batean bizi ez diren emakumeentzako segurtasun, kontzientziazio eta akonpainamendu programa; dena den, aintzat hartzen da indarkeria jasateko arrisku handian izatea, eta eskatzen dute berariazko plan bat lantzea nahiz abiaraztea. Programa horrek 6 hilabetez iraungo du kasu bakoitzeko, baina aldi hori luzatu egin daiteke salbuespenezko egoeretan.
  • Egonaldi laburreko edo ertaineko zentroan bere egonaldia amaitu ondoren, banakako edo familiako arreta-planaren jarraipena behar duten emakumeentzako jarraipen programa, jarrai dezaten ahalduntzeko beren ibilbidearekin. Programa horrek 6 hilabetez iraungo du kasu bakoitzeko, baina aldi hori luzatu egin daiteke salbuespenezko egoeretan.