"Debako Euskararen Historia Soziala" liburua aurkeztu dute

Historian zehar Debak izan duen bilakaera soziolinguistikoa aztertu dute Iñigo Ramirez de Okariz eta Nekane Goikoetxeak eta haien ikerketaren emaitzak kaleratu dituzte

-ren irudia
 "Debako Euskararen Historia Soziala" liburua aurkeztu dute

Historiaurretik hasi eta XX. mendera arte Deban izan den bilakaera soziolinguistikoa aztertu dute "Debako Euskararen Historia Soziala" liburuan. Iñigo Ramirez de Okariz eta Nekane Goikoetxea HUHEZIko irakasleek egin dute, Udalaren aginduz, eta euskarari buruzko 700 erreferentzia historiko inguru bildu dituzte, 246 orritan.

Debako Agirre Jauregian egindako aurkezpenean, Ane Egidazuk (Debako Udaleko Euskara batzordeburua) adierazi du Deban bertan beti izan dela herrian euskaraz gutxi egiten den ustea, baina, hein berean, errealitate hori ulertzeko ezinbestekoa iruditzen zaio Debaren historia soziolinguistikoa ulertzea, lekuan lekuko gertakariek hizkuntzan eragin handia baitute. "Debarrok daukagun autoirudia herri erdaldunarena da, euskara albo batera laga duen herriarena. Baina askotan horrelako baieztapenak borobilegiak izaten dira, ertzik gabeak eta errealitateak gehienetan borobilak baino poliedrikoak izan ohi dira, ertz askokoak". Hala, uste horretatik abiatuta eta errealitate linguistikoa ulertzeko, herriaren historia zein den ezagutzea garrantzitsua dela deritzo.

Testuinguru horretan kokatzen da, beraz, "Debako Euskararen Historia Soziala" liburua. Ramirez de Okariz egileak adierazi duenez, liburuan euskarak izan duen presentzia jasotzen da eta hori egiteko bi informazio iturritara jo du: batetik, artxiboetara, aktetara... eta, bestetik, beste idazle batzuek aurrez argitaratutako liburuetara. 700 erreferentzia inguru jaso ditu eta horrek artxiboko ehunka testu aztertu dituela esan nahi du, euskarari buruzko aipuak nahiko bakanak baitira. "Dokumentazio dena erdaraz dago eta asko irakurri behar da euskarari buruzko aipamenak aurkitzeko". Aipu horiek, zuzenak zein zeharkakoak dira eta, ondorioz, zenbaitetan interpretazioa ere jasotzen da,  aipamena egoera jakin baten isla besterik ez baita. Beraz, horiek guztiak bilduta, gertaera historiko nagusienek Deban nolako eragin soziolinguistikoa izan duten aztertu du.

Goikoetxeak, bere aldetik,  edukien laburpena eginez nabarmendu nahi izan du gaur egungo egoera soziolinguistikoa aurretik izandako gertakarien ondorioa dela. "Egungo neurketa linguistikoek momentuko egoeraren argazki bat ematen dute, baina argazki horiek ulertzeko ezinbestekoa da lehendik gertatu dena ezagutu eta ulertzea". Adierazi duenez, Debak oso leku estrategikoa izan du historian zehar eta horrek erabat baldintzatu du herriko hizkuntza. Deba ibaiak erabat eragin du herriaren jardunean, oso portu garrantzitsua izan baita historikoki. Hala, mendeetan zehar euskarak  erabateko nagusitasuna izan badu ere, egoera diglosiko iraunkorra izan du, batez ere eremu formalean eta elitean. "Gaztelarekin zuen harremana, ondoren Frankismoa, turismoa... Hizkuntzan eragin handia duten faktoreak indartsuak izan dira herrian". Mendez mende herrian eragina izan duten faktore nagusien azalpenak eman ditu eta garaian garaiko testuingurua argitu. Hori horrela, herria neurriz handia ez izanagatik ere, jaso duen inpaktu linguistikoa kontuan hartzeko modukoa izan dela adierazi du eta horrek herritarrek euskararekiko duten pertzepzioan ere eragina duela. "Deban gertatu denak antzekotasun handiagoa du gune urbanoagoetan gertatu denarekin, neurri antzekoko herrietan hizkuntzarekin gertatu denarekin baino". 

Ikus-entzunezkoa. Aurkeztu duten liburuak zabalkundea izatea espero dute eta, ildo horretatik, datorren urtean liburuan oinarritutako ikus-entzunezkoa egingo dutela iragarri dute. "Dokumentala egingo da eta gaur egungo lekukoekin ere osatuko da". Halaber, zabalkunde horri begira, edukiak hezkuntzarako ere erabilgarriak izan daitezkeela iruditzen zaie, gaur egungo gazteek Deban euskarak izan duen bilakaera zein izan den ulertzeko eta gaur egungo egoerara nondik iritsi den jakin ahal izateko. Liburua bera, gainera, herritarren eskura jarri dute eta web orrian ere eskura daiteke, pdf formatuan.