Abian da Euspot 2018, euskarazko iragarkiak egiteko lehiaketa

"Irudi digitala gure bizitzako harremanetan" izango da gaia eta lanak aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 2an bukatuko da

-ren irudia
 Abian da Euspot 2018, euskarazko iragarkiak egiteko lehiaketa

"Irudi digitala gure bizitzako harremanetan". Horixe da Euspot lehiaketako 2018rako gaia. Gazteei bereziki hurbilekoa zaien gaia aukeratu dute, beraz, Euspoten 7. ediziorako eta Arantxa Lagunillak (Arteman Komunikazio Artisauen zuzendaria) azaldu duenez, sare sozialak bizitzako ia esparru guztietara zabaldu direlako aukeratu dute gai hori. Hala, Euspot-era aurkeztutako iragarkiek sare sozialen erabileraren eta horietan irudiak duen garrantziaren inguruko hausnarketa egiteko balio izatea nahi du. "Alderdi birtual horretan jasotzen dugun erantzun, oihartzun eta oniritzi edo oniritzi ezari kasu gehiegi egiten diogu. Horretaz ohartu behar dugu". 

Gaur egun sare sozialak ia guztiek erabiltzen dituzte, baina gazteek lotura bereziki estua dute teknologia berriekin. Hala, komunikatzeko modu berriak sortu dira, bai eta aukera eta arrisku berriak ere: publikotasuna, irisgarritasuna, itxurakeria... Hori horrela, gai horiek lantzeko aukera ematen du Euspot-en edizio honek. "Komunikazioa eta publizitatea lantzea ez ezik, helburu hezitzailea ere badu Euspot-ek". 

Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute aurkezpena eta bertan Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria), Ane Lore Estala (Aretxabaletako Udala), Goio Arana (Mondragon Unibertsitatea) Edurne Balsategi (Arizmendi ikastola), Ana Goitia (Instagrameko influencerra) eta Iban Garcia (Youtuberra) izan dira. Haien esanetan, Internet, komunikazioa eta sare sozialak indartzen ari diren fenomenoa dira eta berehalakoan desagertuko ez dena. Irizarren arabera, Internetek irauli egin du gure bizitzeko modua eta teknologia modu baikor batean erabiltzera ohitu behar dugu. "Ez da teknologia demonizatu behar, abantaila bat izan behar du, teknologia bizitza sozialaren parte izatea lortu behar dugu". Estalak, bere aldetik, adierazi du Aretxabaletako udalak proiektuari babesa emateaz gain, garrantzitsua dela komunikazioa eta euskara nahasten dituen horrelako proiektu bat bultzatzea. "Komunikazioa oso arlo garrantzitsua da  eta honek aukera ematen du hizkuntza bera ere lantzeko". 

Hezkuntzaren aldetik ere Euspot-ek eskaintzen dituen aukerak azpimarratu nahi izan ditu Balsategik, izan ere, komunikazio eta teknologia berrietan sakontzeko aukera ematen die proiektuak gazteei, irakaskuntzan hainbeste lantzen ez den ikuspuntu batetik: sormenetik. Bere iritziz, gainera, bestelako lanketak egin daitezke ikasleen konpetentzia desberdinak lantzeko. Hori dela eta, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zenbait ikastetxerekin harremanetan jarri dira, formazio saioen bidez, gaia landu eta iragarkiak bidaltzera anima daitezen.

Hala, Aranak lanak aurkeztu ahal izateko eman beharreko pausoak aurkeztu ditu. Adierazi du aurkeztutako iragarkiek 20-30 segundo artekoak izan behar dutela, edozein formatutan grabatutakoak. Hori bai, edukiek euskarazkoak izan behar dute, izan ere, lehiaketaren helburua euskarazko sormena bultzatzea eta ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea dira. 

Influencerrak. Ana Goitia Instagrameko influencerra da eta edizio honetako Euspot-ek sare sozialen gaia lantzeko modua erakargarria dela adierazi du. Bere iritziz, gaur egun sare sozialek presentzia handia dute gizartean eta presentzia hori areagotu egingo da. "Hezkuntzari eman behar zaio garrantzia, baina sare sozialak oso onak dira". Sare sozialak erabiltzen ikasi behar direla adierazi du, izan ere, bere ustez sare sozialak ez dira desagertuko eta alde txarrak izan arren, alde on asko ere badituela nabarmendu du. "Itxurakeria asko dago, baina alde onak ditu. Niri, adibidez, profesionaltzeko aukera eman dit". Bere ibilbidea kontatzeaz batera, adierazi du ez dela "atseginekin" obsesionatu behar, sare sozialek eskaintzen dutena leiho bat delako, erakusteko beste modu bat. "Norberari gustatu behar zaio egiten duena eta ez hainbeste garrantzi eman ingurukoek esaten dutenari".

Ildo beretik mintzatu da Iban Garcia ere eta adierazi du Youtubera bideoak igotzen hasi zenean bertigoa sentitu zuela. "Irudi digitala kanpora ateratzean, publiko egiten duzu eta kontziente izan behar da horretaz". Horrek arrakasta sor dezakeela adierazi du, baina baita menpekotasuna ere eta horrekin adi ibili behar dela esan du. "10.000 jarraitzaile dituen bat 500 dituen beste bat baino hobea dela pentsatzeko joera dago, eta hori ez da horrela. Hausnartzeko puntua da hori". Dena den, gazteek sare sozialak asko erabiltzen dituzte eta, horregatik, hezkuntzak gai horretan duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.

Parte hartzea eta sariak. Lanak aurkeztu ahal izateko bi pauso eman behar dituzte parte-hartzaileek. Lehenengo www.euspot/parte-hartu ataleko formularioa bete behar dute eta, ondoren, lana bera bidali. Lanak aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 2an bukatuko da, 10:00etan. 

Epaimahaia antolakuntza batzordeko ordezkariek osatuko dute eta hainbat sari banatuko dituzte: spot onenak 1.000 € irabaziko ditu, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spot onenak 500 €, publikoaren saria irabazten duenak 500€, musika sinkronizazio onena duenak 300€ eta BHklip saria irabazten duenak 250€. Sari banaketa maiatzaren 17an izango da, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, 19:00etan.