Aktibazioaren garrantzia azpimarratuta bukatu da aurtengo Udaltop

Euskaraldiak izan du protagonismoa eta Euskal Herri osoko lekukotzak izan dira. Lantegietan garatzen dituzten hizkuntza planak eta Galeseko hizkuntza politikaren nondik norakoak ere ezagutzeko aukera izan da, besteak beste.

-ren irudia
 Aktibazioaren garrantzia azpimarratuta bukatu da aurtengo Udaltop

Inoizko partaidetzarik handiena izan du aurtengo Udaltopek, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. 270 bat pertsona izan dira Lasarte-Orian, tartean euskara teknikariak, ordezkari politikoak, elkarte eta enpresetako ordezkariak... Hamargarren edizioa izaki, makina bat sorpresa izan dira bi egunetan: abestiak, joaldunak, musika...

Bederatzi hitzaldi izan dira guztira eta horietako askotan presentzia handia izan du hizkuntza ohituren gaiak. Esate baterako, hurrengo urratsen inguruko hausnarketa plazaratu du EHUko ordezkari Pello Jauregik; lan munduan hizkuntza kontuak nola lantzen dituzten azaldu du Jon Ander Loidik edota ulermenean oinarritutako elkarrizketen metodologia aurkeztu du Pablo Suberbiolak. Azken batean, esparru desberdinetan egiten ari diren lanak aurkeztu dituzte. Halaber, Galesen garatzen ari diren hizkuntza politikaren berri ere eman du Cardiff eta Cambridge unibertsitateetako irakasle den Colin H. Williamsek: hango egoera linguistikoa zein den, legeak zein babes ematen duen, joerak zein diren...

Hori horrela, garrantzi berezia izan du azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango den Euskaraldiak ere. Hainbat herritako prestaketa lanak nola doazen azaldu dute eta egoera soziolinguistiko zeharo desberdinak dituzten guneetako ordezkariek eman dituzte azalpenak: Getxo, Baztan, Zarautz, Lizarra, Ipar Euskal Herria... Testigantza guztiek antolatzaileen eta herritarren ilusioa transmititu nahi izan dute, baina, era berean, tokian tokiko errealitatera moldatzeko beharra ere geratu da agerian, batean balio duenak ez baitu, nahitaez, bestean balio. 

Esan gabe doa Euskaraldiak ibilbide luzea izatea aurreikusten dela eta 2018koa hasiera besterik ez izatea espero dela. Hori dela eta, 2019ko edizioa diseinatzen hasi dira dagoeneko. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendari Estitxu Alkortak eta Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek datorren urteko Euskaraldiaren berri eman eta hainbat oinarri aurkeztu dituzte. Ondoren, oinarri horren gainean gaia aztertu eta ekarpenak egin dituzte bertaratutakoek.

Hitzaldi guztiak hemen jarri ditu antolakuntzak eskuragarri. Informazio gehiago nahi izatekotan, jo www.udaltop.eus webgunera.