Aurtengo IKA MIZKAk Euskaraldiarekin bat egin eta sare sozialak euskaraz bete nahi ditu

Euskararen erabilera aktibatzeko asmoz, sare sozialetan euskaraz jarduteko erronka zabalduko du gaurtik etzira, #IkaMizka eta #euskaraldia erabilita

-ren irudia
 Aurtengo IKA MIZKAk Euskaraldiarekin bat egin eta sare sozialak euskaraz bete nahi ditu

Euskararen erabileraren aktibazioari helduko dio IKA MIZKAk aurtengo edizioan eta horretarako erronka bat proposatuko du gaurtik etzira: sare sozialak euskaraz betetzeko #IkaMizka eta #euskaraldia traolak erabiltzea. Etzi Euskararen Eguna izango da eta aitzakia horrekin, besteak beste, gazteen aktibazioan eragin nahi dute, gazteek sare sozialak asko erabiltzen baitituzte eta euskarak eremu hori ere bereganatzea garrantzitsua baita.

IKA MIZKAk euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitea izan du hasieratik helburu, edizio bakoitzean hausnarketa hori arlo desberdinetako gaiekin landuz, eta VI. edizio honetan Euskaraldiari keinu egin nahi dio, 2018ko azaroan eta abenduan egingo den tokiko aktibazioaren aurrekari modura. “Zertarako itxaron urtebete? IKA MIZKAk aurrea hartuko dio 2018rako proposatutako egitasmoari, eta sareetan zabalduko du erronka, abenduaren 1etik 3ra.” IKA MIZKAk egin duen bezala, bere baitan alor ezberdinak hartzen dituen euskararen aldeko gero eta ekimen gehiago ari dira sortzen eta hori pozgarria dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek. Bere iritziz, alor ezberdinen arteko lankidetzak aukera berriak sortzen ditu. “Legealdi hasieran aurkeztutako lan ildo nagusiek bat egiten dute Ika Mizka honetan: batetik gizartea euskararen inguruan aktibatzea; bestetik gizarte eragileekin elkarlanerako bideak sustatzea eta, azkenik, Gipuzkoako unibertsitateekin batera euskararen erabileran zentratutako ekimenak garatzea”.

Gazteak eta unibertsitatea. Elkarlan horretako gakoetako bat unibertsitateak gazteekin duena da, izan ere, unibertsitatea gune garrantzitsua da euskararen erabileraren ikuspegitik, batez ere gazteez ari garenean. EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zarateren esanetan, unibertsitatea sarritan agertzen da hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duen gune esanguratsu gisa. “Kasu batzuetan, unibertsitatea aukeratzen da euskaraz egiteko gune gisa, eta hor sortzen diren harremanak finkatu egiten dira aurrerantzean. Beste batzuetan hiztun-berriek topo egiten dute hiztun-zaharrekin eta euskalkiekin, eta horrek eragina du bere gaitasunei buruzko auto-pertzepzioan”. Horri bultzada emateko, IKA MIZKArekin partekatutako ekimenaz gain, EHUko ikasleak eta langileak aktibatzeko helburuarekin “Aktibatu” programa abiatu dute.

Ildo beretik mintzatu da Mondragon Unibertsitateko Idazkari Nagusi Idoia Peñacoba ere, eta haren ustez, gazteen eskutik eragiten du unibertsitateak gizartean. “Gazteak izango dira etorkizunean lidergoa hartu beharko dutenak eta beren esku egongo dira berrikuntza, garapena eta baita harremanetarako erabiliko duten hizkuntza ere”. Aurtengo IKA MIZKAren bidez, beraz, gazteek euskararekiko duten iritzia ezagutzeko eta hizkuntzarekiko duten atxikimendua areagotzeko balioko du.

Era berean, Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Josean Rodriguezek azpimarratu du formakuntzan ez ezik, bizitzako beste alor askotan ere eragiten duela unibertsitateak eta esparru horietan guztietan euskararen aldeko jarrera izatera animatu du. “Unibertsitatea bizitzarako, harremanetarako eta esperientzietarako zelai joko aproposa baita. Horietan guztietan: #euskaraldia”.

Hala, elkarlanean oinarritu eta sinergiak aprobetxatzea ezinbestekoa dela iritzi diote guztiek, izan ere, zenbat eta herritar gehiago egon aktibo, orduan eta ekarpen gehiago lortuko dira eta horrela lortuko da kolektiboaren aktibazioa. Hori horrela, IKA MIZKArekin bereziki gazteengan eragin nahi dute antolatzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gaztezulok, EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak.