Atzealdea

Beitu! Nerabeentzako hedabide digitala sortu du Gaztezulok

Beitu! Nerabeentzako hedabide digitala sortu du Gaztezulok

Gazteentzako propio diseinatuta, aisialdiarekin lotutako euskarazko edukiak mugikorrean jaso ahal izango dira hilabetero

-ren irudia Beitu! Nerabeentzako hedabide digitala sortu du Gaztezulok

Komunikabide berri bat jaio da: Beitu! Gazteei zuzenduta dago, doakoa da eta edukiak mugikorretan ikusteko diseinatuta daude. Helburua nerabeek aisialdian kontsumitzen dituzten edukiak euskaraz eta modu erakargarrian jasotzea da eta, horretarako, haiekin eta haien neurrira egindako hilabetekari digitala sortu du Gaztezulok. Proiektu berri honekin, beraz, 14-18 urte bitarteko nerabeei zuzendutako kalitatezko aisialdi eskaintza egin dute.   

Gazteengana iritsi nahi bada, gazteak ezagutu egin behar direla iruditzen zaio Zuriñe Maguregiri (Gaztezuloko zuzendaria) eta haiei interesatzen zaizkien edukiak haiei gustatzen zaizkien euskarrietan eskaini behar zaizkiela uste du. “Papera gutxi erabiltzen dute eta sarean edo mugikorrean bilatzen dute interesatzen zaiena”. Horrexegatik egokitu dituzte edukiak mugikorrean ikusi ahal izateko moduan eta gehien-gehienak ikus-entzunezko formatuan zintzilikatu dituzte. “Gazteengana hurbiltzeko tresna izatea nahi dugu eta horregatik eman diogu duen itxura”. Dena oso dinamikoa izatea nahi dute  eta bideo laburrak, tutorialak, GIFak... aurkitu ahal izango dira Beitu!-n.

Era berean, edukiak aukeratzeko orduan ere, gazteen gustuak oso present izan dituzte, hilabetekaria gazteek gazteentzat egindakoa izatea oinarrizkoa dela uste baitu Maguregik. “Elkarrizketak, sexu edukiak, drogei buruzkoak, erreportaje azkarrak, bitxikeriak… eskainiko ditugu, beti ere modu zuzen eta erakargarrian.” Gainera, gazteekin zuzeneko harremana izan nahi dute sare sozialen bidez, haiek nahi dituzten eta interesatzen zaizkien edukiak jaso eta horiek landu ahal izateko. “Instagrami esker egunero Beitu!-ren jarraitzaileekin harreman zuzena mantentzeko aukera dugu, euren interesak, iritziak eta zalantzak entzunez, eta norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantenduz”.

Dena den, eduki guztiak ez dituzte nerabeen eskaeren baitan gauzatuko eta kolaboratzaile batzuek ere ekoiztuko dituzte beren ikus-entzunezko propioak. Hala, gazteen artean arrakasta lortu duten hainbat eragile izango dira proiektuan: Ana Antxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak, Mr. Euskaldun ilustratzaiea, Xabi Martin iparra.eus proiektukoa, Ion Imanol Etxabe sexu kontsultak egiteko…  Gainera, erabiltzaileren batek ere kolaboratzaile izan nahiko balu, horretarako aukera ere proposatzen du Beitu!-k. “Gurekin kolaboratu nahi duten eta talentu bereziak dituzten gazteen bila gabiltza eta lehiaketa jarri dugu martxan”. Ez du axola zein den gaztearen talentua, guztiak balio du: ondo abestea, dantzatzea, marraztea... Hori horrela, parte hartzeko egin behar den gauza bakarra bideo labur bat grabatu eta beitu@gaztezulo.eus helbidera bidaltzea da.

Nola jaso Beitu! Proiektuaren helburua gazteek Beitu!-ko sarbidea modu erraz eta erosoan jasotzea da, euskarazko edukiak esfortzurik gabe esku-eskura izan ditzaten. Jakina da gazteek aisialdi garaiko edukiak kontsumitzen dituztenean, bat-batekotasuna eta ikusgarritasuna bilatzen dituztela, hizkuntzari jaramon handirik egin gabe. Ondorioz, haien aisialdi-kontsumoan euskarak ez dauka ia presentziarik eta hutsune hori betetzera dator Beitu!. Hala, hilabetekari digitala hilero eta doan jaso ahal izango dute gazteek mugikorrean, baina horretarako aurrez izena eman behar da. Izena emateko bi bide daude: batetik, Instagram kontuko portadan azaltzen den estekan klilk eginez edo zuzenean www.gaztezulo.eus/beitu weborrian sartuta. Ondoren, hileroko 2. ostiralean WhatsAppean jasoko du erabiltzaileak Beitu!-ren esteka zuzena eta edukiak sare sozialetan partekatu ahal izango ditu modu librean. Hala ere, Maguregik garbi utzi nahi izan du Beitu! ez dela mugikorrean deskargatu beharreko aplikazio bat, izan ere, erabiltzaileei edukiak WhatsApp bidez iritsiko zaizkienez, ez du mugikorraren memoriarik erabiltzen.

Horrez gain, komunikabide berria ezagutarazteko, festa bat antolatuko du Gaztezulok azaroaren 24an, Iruñean. Gaztediaren Etxean izango da ekitaldia, 17:30ean eta nerabeek ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Halaber, zenbait opari ere banatuko dituzte, tartean, paintball borroka batean aritzeko aukera, escape room batetik ihes egiteko abentura, tirolinetan aritzeko parada... Festa horretan, fotomatoi bat ere jarriko dute argazki dibertigarriak ateratzeko eta zuzeneko musika eskainiko du Iruñeko talde gazte batek.