Atzealdea

Emaitza bikainak Udaltop jardunaldietan

Emaitza bikainak Udaltop jardunaldietan

Anbizio handiko proiektu bat aurkeztuta amaitu da inoizko Udaltop jendetsuena

-ren irudia Emaitza bikainak Udaltop jardunaldietan

Maiatzaren 12an, ostiralean, amaitu zen 2017ko Udaltop. Aurten 275 lagun inguru elkartu gara Manuel Lekuona kulturetxean, inoizko parte hartzerik handiena. Guztira, bost hitzaldi, bi mahai inguru, bideo emanaldi bat, talde lana eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean aurkeztu duten proposamen berria izan dira aurtengo edizioaren ardatz nagusiak.

Gizartearen aktibazioaren inguruko proiektuak aztertzeko aukera izan dugu bertaratutakook, ikuspegi psikologikotik, soziologikotik eta praktikotik eta, horretaz gain, Pello Jauregi irakasleak Lasarte-Oriako Euskararen Maratoiari buruz egin duen azterlana  ezagutzeko aukera izan dugu lehen aldiz.

Halere, oihartzun handiena izan duen hitzaldia Euskarak 365 egun: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria izeneko egitasmoaren aurkezpena izan da. Proiektu honek Euskal Herriko herri guztietan hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa elkarrekin lantzea du xede ekimen isolatuen dinamika gaindituta eta zubiak eraikiz. Tarte zabala eman diote azken egunotan aurkezpen horri telebistan,  irratietan,  sare sozialetan eta idatzizko prentsan.

Hamabost taldetan banatuta,  Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariek ekarpen anitz egin zizkioten egitasmoari. “Aukera, ilusioa eta erronka”, izan ziren lan taldeetan behin eta berriz errepikatu ziren hitzak. “Gakoa, ahalik eta erakunde gehien batzea izango da”, adieraziz eman zion amaiera topaketari Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak.