Errenta aitorpena, Aldundiarekin harremanak euskaraz izatera pasatzeko momentua

Egitasmoaren helburua 100.000 herritarrek Aldundiarekiko harremanak euskaraz izatea lortzea da. Gaur gaurkoz, ia 71.000 pertsona dira harremanak hizkuntza horretan bideratuta dituztenak.

-ren irudia
 Errenta aitorpena, Aldundiarekin harremanak euskaraz izatera pasatzeko momentua

Euskararen normalizazioaren alde dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta alor ezberdinetan eragiten saiatzen da. Zentzu horretan, 2018ko errenta aitorpenaren kanpaina aprobetxatu nahi du herritarrek Ogasunarekin eta Aldundiarekin dituzten harremanetan euskara sustatzeko.

Urteak dira errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko ahaleginak egiten ari direla eta horrek eman ditu bere fruituak. 2006an, esaterako, 23.000 herritar pasatxok aurkeztu zuten beren aitorpena euskaraz eta, 2016an, ia 48.300ek. Datu horiek onak direla adierazi du Jabier Larrañaga Ogasun Foru diputatuak, baina oraindik lana egiteko dagoela. “Aurrerapauso nabarmenak dira, baina lanean jarraitu behar dugu bide honetatik”.

Halaber, 2017an 70.328 herritarrek aukeratu zuten euskara Ogasunarekin harremanak izateko hizkuntza bezala. Datu horrek gora egitea nahi du Aldundiak eta errenta aitorpenaren kanpaina momentu ona da horri bultzada bat emateko. Hala, hiruzpalau urtetan harremanak euskaraz nahi dituzten herritarrak 100.000 izatera iristea nahi luke. “Helburu hori egingarria dela uste dugu baina, dudarik gabe, denon bultzada beharrezkoak dira”.

Aldundiak badu euskarazko eskaerei hizkuntza horretan erantzuteko azpiegitura eta, Larrañagaren arabera, kontzientziazioan eragin behar da. “Errenta aitorpena edo edozein tramitazio euskaraz egiteko gonbitea  bidaltzen dugu, langileak eta prozesuak prestatuta baitaude hori hala izateko”

Harremanak euskaraz. Herritarrek harremanak euskaraz nahi dituztela aukeratzeko hiru bide dituzte: errenta mekanizatuan, Interneteko Zergabidean eta autolikidazio proposamenean.