Euskara biziberritzeko hainbat gako identifikatu dituzte Gipuzkoako Estrategietan

Amaitu da Udalekinen testuinguruan Gipuzkoako Euskara teknikariek egindako hausnarketa eta hurrengo pausoa identifikatutako gakoak politikariekin partekatzea izango da

-ren irudia
 Euskara biziberritzeko hainbat gako identifikatu dituzte Gipuzkoako Estrategietan

Gipuzkoan etorkizunean jarraitu beharreko estrategia linguistikoari buruzko hausnarketa egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako Euskara teknikariek. Euskararen biziberritze prozesuari bultzada bat emateko helburuarekin antolatu dituzte Gipuzkoako Estrategiak, Udalekinen baitan, eta 20-30 urte barru euskarak izango duen egoera aurreikusten saiatu dira. Hiru mintegi eta trebakuntza saio bat egin dituzte eta epe labur eta ertainera Gipuzkoa mailan estrategikoak izan daitezkeen gakoak bilatu dituzte.

Iaz ekin zitzaion Gipuzkoako Estrategiak proiektuari eta euskara teknikariak modu bateratuan lanean hasi ziren, besteak beste, udal maila gainditu eta Gipuzkoa mailako lanketa kolektiboak abiatzeko. Hala, herri edo bailara bakoitza bere aldetik aritu beharrean, denek bat zertan egin dezaketen identifikatu eta zein lan ildo jorra daitezkeen aztertu dute, elkarrekin bakarka baino ibilbide luzeagoa egin baitaiteke. Hori horrela, Donostia, Irun edo Eibar bezalako hiri handietan edota arnasguneetan kokatuta dauden Oiartzun edota Zarautz bezalako herrietan aplikagarriak izan daitezkeen neurriak proposatu dituzte.

Lehenik maila teknikoan egin dute gaiaren azterketa baina, argi dago, euskararen biziberritze prozesuak arrakasta izango izango badu, politikariek ere izan behar dutela bidelagun. Hala, behin hausnarketa bukatuta, hurrengo pausoa politikariekin elkartzea izango da, haiekin teknikarien ikuspegia partekatu eta aberasteko.

Hiru mintegi eta trebakuntza saio bat. Euskara teknikariek egin duten hausnarketa prozesuan hiru mintegi eta trebakuntza saio bat izan dira. Mintegietan gaia mailaka aztertu dute: lehenengo, estrategia nagusiak zehaztu zituzten, gainerako neurri zehatzagoei markoa jartzeko balioko zutenak. Bigarrenik, 20-30 urte barru euskararen egoera zein izan daitekeen irudikatu zuten eta testuinguru horretan aurrera eramateko moduko proposamenei buruzko hausnarketa egin zuten. Horretarako, esparru desberdinetan egin zuten lanketa (maila diskurtsiboan, komunikazio mailan, aisialdian...) eta alor horietan zein ekarpen egin daitezkeen aztertu zuten taldeka. Ondoren, taldeka egindako ekarpen horiek jaso eta gainontzekoei plazaratu zizkieten eta, azkenik, horien inguruko hausnarketa kolektiboa egin dute. 

Dena den, prozesu horretan Jon Sarasuaren laguntza izan zuten teknikariek, eta gaiarekiko duen ezagutza baliatu zuten hausnarketa sakonagoa egiteko. Sarasuak nabarmendu zuenez, Gipuzkoa eremu "egokia" da hizkuntza-politikan aitzindaria izateko, izan ere, bertan baldintza egokiak daude aurrera begira politika horiek garatu ahal izateko: inguruko lurraldeetan baino ezagutza eta erabilera datu hobeak, borondate politiko eta soziala... Hala, duela hamarkada batzuk euskararen alde hainbat pauso estrategiko eman behar izan bazituzten (Ikastolak, Euskara Batua, EITB...), orain bisio mailan pentsatzeko eta horri estrategia bat ezartzeko momentua dela iruditzen zaio Sarasuari.